Osakidetza ardaztuko duten printzipioak aztertu dituzte, osasun mahai herren batean

LABek eta Sumarrek ez dute babestu osasun ituna adosteko bigarren faseko testua. Gaur bertan heldu diote azken faseari: estrategiak zehazteari.

Alberto Martinez, gaur, osasun mahaiaren bilera hastear zela. GORKA RUBIO / FOKU
Alberto Martinez, gaur, osasun mahaiaren bilera hastear zela. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko urtarrilaren 29a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Osasun Mahaia Eusko Jaurlaritzak eta eragile politiko, sindikal eta sozial askok osatzen dute, eta urratsak egiten ari dira osasun ituna adosteko, Osakidetza onbideratzeko xedez. Mahaia herren geratzen ari da, ordea. Azaroan, diagnostikoa onartu zutenean, «adostasun zabala» egon zela adierazi zuen Alberto Martinez Osasun sailburuak, nahiz eta osasun publikoaren aldeko plataformak ez zituzten gonbidatu eta ELAk uko egin zion prozesuan parte hartzeari. Gaur Irungo Ficoban (Gipuzkoa) egin duten bileran, bigarren fasea ixteari ekin diote: Osakidetza ardaztu behar duten balioak eta printzipioak biltzen dituen testua aztertu dute, nahiz eta ez duten oraindik onartu. Mahaia herrenago geratu da, ordea, LAB sindikatuak eta Sumar koalizioak ez baitute sinatu testua.

Hurrengo —eta azken— faseari ekin diote gaur ere: estrategiak zehazteari. Nahiz eta LABek eta Sumarrek ez duten babestu bigarren faseko testua —gaur eragileen ekarpen gehiago bildu ditu Javier Meana koordinatzaileak—, estrategien fasean ere lanean segitzeko borondatea dute. Gaur goizean elkarretaratze bat egin du sindikatuak Ficoba kanpoan, osasun sistema publikoa eskatzeko, bilera hasi aurretik. Garai bertsuan egin ditu adierazpenak Osasun sailburuak: «Denen agiria da, ez bakoitzarena. Denok egin diogu uko zerbaiti, aho batez onartua izan dadin».

ELA, LAB eta plataformak ez dira gaur Jaurlaritzarekin bildu, baina beste 30 eragile inguru bai: alderdi politiko nagusiak, beste sindikatu batzuk, elkargo profesionalak, unibertsitateak, pazienteen elkarteak eta Confebask. Jaurlaritzak egindako proposamenak eta eragileen ekarpenak josita osatu dute testua, eta ez dute gaur onartu, eragileek ekarpen gehiago egin baitizkiote gaur. Otsailaren 26ko bileran onartuko dutela aurreikusten da. Dena dela, azken-aurreko testuaren arabera, hauek izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoaren funtsezko balioak: unibertsaltasuna, elkartasuna, ekitatea eta autonomia.

Hasieran, Jaurlaritzak ez zuen autonomia proposatu balio gisa, eta EH Bildu kexatu egin zen. Iazko abenduan egindako bileran adierazi zuen autonomia izan beharko litzatekeela Osakidetzaren balio bat, herritarrek beren osasunaren inguruan informazio guztia edukita erabaki ahal dezaten. Azken-aurreko testuan, baina, jaso dute balio gisa.

Hamabost printzipio

Lau balio horiei forma emateko hamabost printzipio ere adostu dituzte osasun mahaia osatzen dutenek, oraindik onartu gabeko testua osatzeko. Pertsonetan eta populazioetan oinarritutako osasun eta ongizate eredua izan behar du Osakidetzak, bat etorri direnez: «Prediktiboa, prebentiboa eta aurrea hartzen duena, gaixotasunen aurrean soilik erreaktiboa den ereduari kontrajarrita». Parte hartzea, erantzukidetasuna, enpatia, errespetua, duintasuna, talde lana, kalitatea eta etengabeko hobekuntza dira osasun sistema publikoak izan beharreko beste printzipio batzuk, osasun mahaiaren arabera.

Osasun arreta integratu baten alde ere egin dute —«etengabeko arreta pertsonalizatura zuzendua»—, eta antolaketari ere erreparatu diote. Batetik, herritarren beharren araberako plangintza estrategikoa eduki behar du Osakidetzak, testuaren arabera. Bestetik, espezializazio estrategikoan oinarritutako antolaketa eredua defendatu dute.

Osasun langileak, zientzia eta ekonomia ere ekarri dituzte hizpidera printzipioak zehaztean. Langileak «aitortzearen» alde egin dute, eta kategoria profesional bakoitzaren gaitasunak «optimizatzeko» beharra ikusi dute. Garatutako estrategiak ebidentzia zientifikoaren araberakoak izan beharko direla ere nabarmendu dute, eta emaitzak ebaluatzeari garrantzia eman diote. Alor ekonomikoari dagokionez, hitz bat azpimarratu dute: jasangarritasuna.

Printzipio horiek berekin ekarriko lituzketen eraldaketak modu progresibo, malgu eta iraunkorrean jarri beharko dira martxan, eta, ildo horretatik, «kultura eta lidergo eraldatzaileak» bultzatuko dituzte.

LABen ezezkoa

LABek atzo onartu zuen lortu duela behin betiko agirian hobekuntza batzuk sartzea, baina ezezkoa eman dio bi printzipioren falta nabaritu duelako: alde batetik, esklusibotasuna; bestetik, zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eskaintzea. Etorkizunean estrategia egokiak erabakitzeko funtsezko elementuak direla uste du. 

Sumarrek, berriz, adierazi du testuak «erakundearen irudia babestea» duela helburu, «eta ez hainbeste benetako irtenbide ausartak proposatzea». Haren irudiko, «ariketa estetiko» bat egin dute testuan: «Osakidetza azken urteetan ahuldu duten pribatizazio dinamikei ez die aurre egiten».

«Dokumentua ez da guk idatziko genuena», adierazi du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. Hala ere, «baliagarria» izan daitekeela uste du: «Zenbait gauza lotu eta argitu gabe geratu dira, baina partekatutako gutxienekoen akordio bat jaso dezakeela uste dugu, eta baliagarria izan daitekeela osasun itunaren fase erabakigarrian sartzeko, betiere guztiok oso argi edukita hastear dagoen fase horretan nahitaezkoa izango dela debate eta gai guztiak mahai gainean jartzea, izan zerbitzuen pribatizazioa, izan ate birakariak».

Estrategiak

Gaur bertan ekin diote «fase erabakigarriari»: estrategiak zehazteari. Bigarren fasean adostutako printzipioen araberakoak izango dira estrategiak, eta sei lantaldetan banatuta adostuko dituzte. Jaurlaritzak proposatu duenez, hamazazpi estrategia nagusi josiko dituzte, eta zazpi bloketan banatu dituzte: osasunaren prebentzioa eta sustapena; lehen arreta indartzea; gaixotasuna artatzea; lehentasunezko arloak —onkologia, gaixotasun kardiobaskularrak eta buru osasuna—; kalitatea, berrikuntza eta jasangarritasuna hobetzea; profesionalak garatzeko estrategiak; eta herritarren partaidetzarako estrategia.

Otsailaren hasieran osatuko dituzte lantaldeak, eta 26an egingo dute hurrengo bilera. Uda baino lehen sinatuta eduki nahi dute osasun ituna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.