Irailaren 9an, Zuberoako EH Bai alderdiko hautetsiek mahai ingurua antolatu zuten Mauleko ospitalearen geroaz eztabaidatzeko. Azken urte luzeetan, ospitalaren zuzendaritza egonkortzeko zailtasunak agerian izan dira: zuzendarien dimisioak, zuzendaririk atzeman ezina… Berriki, Paueko (Okzitania) ospitalearen zuzendaritzaren esku utzi zuen Maulekoa honen administrazioaren ardura duen zaintza batzordeak.
EH Baiko hautetsi Beñat Elkegarairen erranetan, “Zuberoa Paueri atxikia da aspaldiko zatiketa baten ondorioz, baina ez du kontuan hartzen azken urteetako garapen instituzionala eta operazionala”, eta, ondorioz, ordu da, haren ustez, Mauleko ospitalea Baionak zuzentzen duen Euskal Kosta eta Nafarroa ospitale taldeari lotua izan dadin. Donibane Garazi eta Donapaleuko ospitaleetako bi mediku gomitatu zituzten mahai ingurura, baina azken horiek ez ziren bereziki ideia horren defendatzaileak.
Donapaleun kasketa anitz ditu Arnaud Bourde medikuak: hautetsia, anestesista eta Donapaleuko ospitaleko zaintza batzordeko lehendakaria da. Erran duenez, EH Baik eskatzen duen bezala Ipar Euskal Herriko lurraldeak osasungintzan ere bat izatea “eskakizun logikoa da, politikoa den heinean”, baina “Paue edo Baionarekin egin daiteke arta sarea berdin-berdin”. 13.000 biztanle ditu Zuberoak, eta Paue edo Baionari lotua izateak ez lieke deus aldatuko Biarnoari ala Ipar Euskal Herriari, haren ustez: “Ez du eragin handirik osasun lurralde batentzat”.
Denis Landaburu Donibane Garaziko ospitaleko medikuak ez du iritzirik eman Mauleko ospitalearen geroaz, profesional gisa iritzia ez emateko eskatzen baitzaio. Aldiz, Izpurako Luro klinika pribatua zena beste egitura batzuekin elkartu eta ospitale publiko gisa 2021ean Baionako ospitalearekin bat egiteaz eman du iritzia: “Talde horren barruan gu existitzen gara medikuntza mailan, eta kudeaketan ere bai. Pertsonen borondatea da hori hala izan dadin; ez dakigu ondoko zuzendaria nolakoa izanen den”. 2017an sortu zen Donibane Garaziko ospitale publikoa, zenbait egituraren fusiotik, eta orduz geroztik harremanetan izan dira Baionako ospitalearekin.
Osagarritasuna lurraldean
Bi medikuek azpimarratu dute Euskal Kosta eta Nafarroa Ospitale Taldean egitura desberdinak elkarren osagarri direla. Donibane Garazin, Landaburuk laburbildu duenez, “kirur
gia desagertu zen, baina horren ondorioz ohe kopurua handitu da”. Mediku garaztarrak Donapaleuko kasuaz zehaztu du “hango maternitatea, adibidez, Baionakoarekin” ari dela; “batek egiten ez duena besteak egiten du. Baionak arazo konplexuagoak hartzen ditu bere gain, eta mediku berezituak igortzen ditu Donapaleura”.
Mauleko ospitaleak talde horretan integratu behar balu, Bourderen ustez, “eskaintza graduatua izanen da; egonaldi luzeentzat, adibidez. Baina landu behar da, Donibane Garazirekin egin izan den bezala”. Arta zerbitzuen graduatzeaz Bourdek erran du “Baiona euskarria” dela. “Donapaleuk bere historiagatik badu xantza zerbitzu anitz ukaitea eta barnealdeko egitura garrantzitsua izatea; Donibane Garazi, berriz, Baiona eta Donapaleuko gehigarria da, kontsulta batzuekin”.
Mediku amikuztarrak eta garaztarrak bat egiten dute antolaketa horretan giltza zuzendaritza bakarra dela erratean. Beste ospitale talde guztietan ez bezala, Euskal Kostako eta Nafarroako Ospitale Taldeak Baionako zuzendaritza bakarra onartu zuen. “Horri esker, gauzak ongi planifikatzen dira, eta ospitaleak ez dira lehian haien artean”, Bourderen ustez. Bi medikuek bat egin zuten, bestalde, medikuak erakartzeko diren zailtasunetan; Baiona eta oro har Lapurdiko kostaldea erakargarri badira, Landabururen erranetan; “Donibane Garazi jadanik Baionatik urrun da” alde horretatik.
Hautetsiak azterketa eske
EH Baik Mauleko ospitalea Baionatik hurbiltzen ikusi nahiko luke, osasungintzan ere lurraldeak hartu duen garapen instituzionalaren bidea har dezan eta Euskal Hirigune Elkargoaren eremuan sartzeko.
Mahai inguruan, Jean-Marc Baranthol Zuberoako Poloko buruak ziurtatu du ondoko poloko bilkuran aipagaietan izanen dela, aztertzen hasteko “zer abantaila lukeen Mauleko ospitalea batekin edo bestearekin lotua izateak”, Paueko eta Baionako ospitale taldeetan lukeen lekua argitzen hasteko, gero hautu bat egin ahal izateko.
Bi delibero gunek lukete, ororen buru, Mauleko ospitalearen loturen norantza finkatzeko ahala: ARS Eskualdeko Osasun Agentziak eta Mauleko ospitalearen zaintza batzordeak. Azken horren buru Louis Labadot Mauleko auzapezak ez du sekula interesik erakutsi Baionaren taldean sartzeko.
Zuberoako hautetsiek hautu hori egiten badute, ARSrekin negoziatzeko engaiamendua hartu du Iñaki Etxaniz Pirinio Atlantikoetako Departamenduko diputatuak mahai inguru bukaerako mintzaldian: “Ene rola da etengabeko negoziazioan eta batzuetan konfrontazioan izatea ARSrekin; lurralde logikan, Maule Baionari atxikia izan behar litzateke”, baina lehentasuna ospitalearen “egonkortzea” da, haren ustez.
Mahai inguruan ezin zuelako parte hartu, Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak gutun bidez ezagutarazi die bere ikusmoldea solasaldiaren antolatzaileei. Azpimarratu du erabakitzeko ahalmena Mauleko ospitalearen zaintza batzordearen esku dela, baina, “lurralde koherentziari” atxikia izanik, gutun bukaeran iragarri du Zuberoako Poloaren iritzia entzun ondotik ARSri proposatuko liokeela “Zuberoako osasun lurraldea Euskal Kosta eta Nafarroakoari lotzeko egingarritasuna aztertzea”. Proposamen hori ofizialki egitera engaiatu da Etxegarai.