Osabideak taldeak eri diren presoei buruzko txosten bat bidali dio NBEri

«Salbuespenezko neurriak» kentzeko eskatu du sendagileen eta legelarien elkarteak. NBEk Espainiari ohar egitea dute helburu

Maider Galardi
2018ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Osabideak osasun eskubideen aldeko sendagileen eta legelarien elkarteak Nazio Batuen Erakundeko Goi Mandatariari txosten bat bidali dio gaixo diren presoen inguruko egoerari buruz. Elkarteak eskatu dio baloratu dezala eri diren presoen inguruko txostena, eta, NBEk hala iritzi badio, ohar egin diezaiola Espainiari eri diren presoen «salbuespenezko neurriak» kentzeko.

Zehazki, torturaren eta tratu edo zigor krudelen kasuetarako mandatari Nils Melzerri, gizaki orok ahalik eta osasun maila fisiko eta mental handienaz gozatzeko duen eskubidearen gaineko mandatari Dainius Purasi eta terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideen babeserako mandatari Fionnulala Ni Aolaini bidali diete txostena.

Bertan jasotzen dituzte presoen «salbuespenezko neurriak», Espainiako Auzitegi Nazionaleko forentseek eta medikuen «independentzia profesional eza» azaltzeko argumentuak, eta espetxe erakundeen 3/2017 Instrukzioak presoen duintasunean eta osasunean duen eragina.

Osabideak-ek azaldu duenez, «barneko zein nazioarteko legerian aurreikusitako estandarrak errespetatzen ez dituzten irizpideak» darabiltza Espainiak. Horregatik, eskakizun bat igorri diete NBEko kideei: «Adituei erregutzen diegu eska diezaiotela Espainiari 3/2017 indargabetzea, eritasun larriak dituzten pertsonak espetxetik ateratzeko ezarrita dauden arauak bazterketarik gabe aplikatzea eta salbuespenezko neurriak indargabetzea».

Orain Presoak-en deialdia

Orain Presoak plataformak deituta bihar Donostiako Miramar jauregian izango da ordezkaritza politiko zabala, manifestazioaren aurretik. Besteak beste, EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko, Geroa Baiko, EH Baiko eta EELVko kidea joango dira mobilizaziora. Euskal sindikatu guztiek ere bat egin dute deialdiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.