Graxi Etxebeheren hurkoek gaur egin diote azken agurra, Ortzaizeko elizan (Nafarroa Beherea). Asteazkenean zendu zen, minbiziaren ondorioz, 72 urterekin, eta, gaur, jende andana bildu da agurra egiteko. Ortzaizeko eliza lepo bete da, eta kanpoan ere jende anitz bildu. Hilkutxa han zela egin dute ekitaldia, eta txalo artean hartu dute elizara sartu dutenean.
Gaita doinuak, kantuak eta bertsoak entzun ahal izan dira. Xabier Sukia bertsolari, irrati esatari eta telebista aurkezleak bota du bertsoa:
"Oroituko zaitugu borroka guztietan" @berriapic.twitter.com/ZqXwIifYWK
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) September 1, 2023
Presoen manifetan,
Nafarroaren egunetan,
Baigorriko kaletan,
sanferminetan,
Herri urratsetan,
ta hainbeste festetan.
Beti oroituko zaitugu
borroka guztietan.
Afarietan,
lau ahotsetan,
Ortzaizeko haitzetan.
Beti oroituko zaitugu
borroka guztietan.
Ondoren, Terexa Lekunberrik Errotabehereren ibilbidea oroitarazi du. 1970eko hamarkadan hasi zen militatzen Euskal Herriaren alde. Erizaina zen ofizioz, ororen gainetik «duintasunez eta maitasunez» aritua.
Ekitaldiaren amaieran, Pantxoa eta Peioren Txikia abestu dute han bildutakoek:
"Txikia" kantuz ari dira denak. @berriapic.twitter.com/pmw6JjCW8x
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) September 1, 2023