Danbor hotsa nonahi aditzen da Donostian egunotan, San Sebastian egunerako gogor ari baitira entseatzen danborradak, eta tarrapata jakin baten zain daude asko euskal politikagintzan: Andoni Ortuzarrenaren zain. EBBko barne prozesuan presidentegai izango den ala ez argituko du aurki EAJko presidenteak, San Sebastian egunerako hain zuzen, hark ezarri duenez, ez bada aurretik filtrazioren bat. EAJk azken hamabi urteetan izan duen buruak Sabin Etxearen leman jarraituko duen ala ez EBB berritzeko prozesuaren lehen hautespen aldia hasterako jakingo da, beraz.
Asko idazten ari da alderdiaren eta erakundeen goi kargudunen berrikuntza bultzatu duen buruzagiaren geroaz, baina, gaur arte, Ortuzarrek isilean eutsi dio euskal politika baldintzatzeko gai den deliberazio horren emaitzari. Erabakia hartua baitauka jada; «aspaldian hartua», Ortuzarrek berak esan duenez. Azken egunetan erantsi du, ordea, «alderdiaren barruan» entzungo dituen iritziek osatuko dutela azken erabakiaren «erdiaren oinarria».
Zer arrazoi eduki ditzake EAJko buru gisa jarraitzeko? Zergatik erabaki dezake ardura nagusia uztea? Eva Silvan (Madril, 1975) eta Aner Ansorena (Lekunberri, Nafarroa, 1995) politologoek aukera biak aztertu dituzte BERRIArentzat. Hauda aholkularitza enpresako buru Ansorenak gogoratu du EAJren barruan aldaketak eskatu zirela, «gizarteak hala nahi zuela ulertu zutelako», eta hala egin direla ardura nagusi batzuetan. «Baina bukatu dira? Lehendakaria aldatu dute, eta EAJko lurralde zuzendaritzak ere bai, eta Ortuzarri begira daude asko orain».
Begirada zorrotzen gainetik, zergatik erabaki dezake Ortuzarrek alderdiaren buruzagitzari eustea? «Buru berri bat sortuko balitz, oso sendoa beharko luke egungo agertokiak dituen erronka handiei aurre egiteko», uste du Ansorenak. EH Bildu eta EAJ nor baino nor gehiago ari direla adierazi du, eta 2026ko irailerako kanpainaurre bat hasiko da, 2027ko udal eta foru bozei begira. «Ez dago denbora askorik buruzagi berri batek behar besteko indarra har dezan. Eta gero estatus politikoaren eztabaida dago. Erronka horiei erantzuteko eskarmentu handiko buruzagi politiko bat behar da». Dena den, Euzkadi Buru Batzarrean, lurraldeetako buruez gain, gizonak eta emakumeak egongo dira, zazpi guztira; beraz, «mahai horretan nortzuk eseriko diren», horrek ere pisua izan dezake Ortuzarren erabakia ulertzeko, Ansorenaren arabera.
Trantsizio bat eskaini
Silvan&Miracle aholkularitzako fundatzaile Silvanek, berriz, nabarmendu du EAJ «eraldaketa prozesu sakonean» dagoela, eta Ortuzarrek «oso ondo» ezagutzen duela alderdia. Hori abantaila bat da, eta buru gisa jarraitzeko arrazoietako bat. Beste zenbait zerrendatu ditu Silvanek: «Hamabi urteko ezagutza dauka ardura nagusian; erreleboen prozesua gidatu du erakundeetan eta alderdiaren barruan, eta belaunaldien arteko errelebo hori kontrolpean izatea erraz dezake Ortuzarrek segitzeak. Hau da, Ortuzarrek trantsizio bat ordezkatuko luke».
Horrez gain, EAJko egungo gidari nagusiak Euskal Herritik kanpo duen itzala azpimarratu du Silvanek: «Madrilen, Katalunian, eta, beste hein batean, Bruselan. Agintaritza harremanak oso ondo ezagutzen ditu, eta horrelako pertsona bat aldatzea ez da erraza». Aldagai pertsonala aintzat hartu behar dela uste du Silvanek, «Ortuzarren kapital politikoa hor dagoelako». Labur esanda: «Horrelako politikariak ez dira joaten; erretiratu egin behar izaten dituzte».
«Ortuzarren kapital politikoa hor dago: horrelako politikariak ez dira joaten; erretiratu egin behar izaten dituzte»
EVA SILVANPolitologoa
Hauda etxeko politologo Ansorenak azaldu du «agian jarraitzeko gogo handia» daukala, «uste baitezake bere burua egokiagoa dela besteena baino». Kontua da inork ez dakiela erabakirik onena zein den, Ansorenaren ustez. «Horregatik ari gara erreportaje hau egiten, bi aukerek dituztelako alde onak eta txarrak alderdiarentzat. Ortuzar nortasun handiko politikaria da, eskarmentu handikoa, baina ikusi beharko genuke erreleboa badu errelebo hori nolakoa den, eta ezaguna den ala ez. Pradales lehendakarigai egin zutenean, ez zen oso ezaguna, Bizkaian salbu, eta apustu hori ongi ateratzen ari zaio EAJri».
Nola hartuko lukete, ordea, alderdiaren oinarriek eta gizarteak, oro har, Urkulluren erreleboa erabaki zuen buruak beste lau urtez segitzea? «EAJk mezu bat helarazi du esanez garai politiko berri bat abiatu dela, belaunaldi berri batekin, eta Ortuzar salbuespen gisa geldituko litzateke hor. Oso desberdinak dira egungo Euskadi eta duela hamabi urtekoa, Ortuzarrek eta Urkulluk lema hartu zutenekoa. Garai historikoaren aldaketa osatuko luke Ortuzarren irteerak; aterako ez balitz, ez. Pradales hori bera egiten ari da: Urkullurekiko aldeak nabarmentzen. Alderdian ezingo litzateke egin erreleborik ez bada aldaketarik EBBko buruzagitzan».
Otegiren ispilua
Badago beste aldagai bat Ansorenaren arreta eskuratzen duena, eta EH Bildurekin lotura zuzena duena: «Arnaldo Otegik EH Bilduko buru jarraitzea eta Ortuzarrek EAJko buru jarraitzea ez da modu berean hartzen gizartean, oro har». Kalean da eztabaida hori, politologoak dioenez. «Ematen du Otegik jarraitzeak ondo dagoela, baina Ortuzarrek jarraitzen badu, kritika ugari jasoko dituela. Jarraituko balu, azkar zabal daiteke EAJk ez duela egungo gizartea ulertzen edo antzeko beste mezuren bat. EH Bilduren komunikazio gaitasunaren adierazlea da hori».
Gainera, Ortuzarrek agintea uzteak ez dakar ezinbestean mezu positibo bat, deliberazio hori onetsi edo ezetsiko baita irteeraren testuinguruaren arabera, Ansorenak esplikatu duenez: «Filtraziorik dagoen ala ez, Ortuzarren tokia nork hartzen duen... badira zenbait aldagai garrantzitsu balizko errelebo bat txalotua izan dadin ala ez».
«Ematen du Otegik jarraitzeak ondo dagoela, baina Ortuzarrek jarraitzen badu, kritika ugari jasoko dituela»
ANER ANSORNAPolitologoa
Eva Silvan politologoak, berriz, estatus berriaren aldagaiaz mintzatu da, «EAJk dena koordinatu behar baitu, agintarien erreleboa eta aurrez aurre dagoen eztabaida». Argi dauka jeltzaleen txosten politikoak onartu eta «buruzagi nagusia izendatu arte» ez dela estatusaren eztabaida parez pare irekiko. Eta egoera hori Ansorenak azpimarratu duen errealitate batekin lotzen da: «EAJren barne aldaketek ondorioak dituzte hemengo eta Espainiako politikan, eta beste alderdiak adi jarraitzen ari dira EAJren barne prozesua, gutxi-asko buruzagi berri batek aldaketak ekar ditzakeelako».
Aitor Esteban
Bestalde, analisi gehienetan ez dira azaltzen Ortuzarren erreleboa izateko hautagai askorik. Aitor Estebanen izena ahoskatu eta idatzi dute han eta hemen, baina Ortuzarren adin berekoa da egungo EAJko Espainiako Kongresuko bozeramailea. Ba ote dago karta ezkuturen bat, Urkullu-Pradalesen aldaketa egin zenekoaren pare? «Hain zuzen, ezusterako dagoen tarte txiki horrek are gehiago eramaten du fokua EAJren barne prozesura. Nik ez nuke apusturik egingo. Ez dakit izen ezkutu bat ba ote dagoen, baina ez da azaldu orain arte. Dena den, EAJk badauka gaitasuna buruzagi politiko sendoak sortzeko».
Silvan ados da iritzi horrekin. «Prozesuaren kontrola edukitzea oso garrantzitsua da EAJrentzat», haren arabera, eta, alde horretatik, ez du baztertu ezustekoren bat izatea, nahiz eta ez diren izen askorik aipatu. «Aitor Estebanek ere nolabaiteko trantsizio bat eskainiko luke, harekin berrikuntza bailegoke, baina hein batean bakarrik, Estebanek ez baitu ordezkatzen prozesu honetan Pradales ordezkatu zuen ezustea». Alderdia barrutik oso ongi ezagutzen duen politikaria dela gaineratu du, eta Madrilen pisu handia duela. Eta galdera bat egin du: «Baina aldaketak egiten hasita, ez ote dute benetako aldaketa baten alde egingo? Emakume baten alde egingo, adibidez?».