Ortuzarrek uste du EAJ gai dela lidergoari eusteko EH Bildu gertu izanagatik ere

Adierazi du estatus berriari buruzko negoziazioak «bide onetik» doazela, eta uste du emaitza «ona» lor daitekeela: «Irudikatzen genuen etorkizun horrek hortik joko du».

Andoni Ortuzar, aurten, alderdiaren urteurren ekitaldian. LUIS TEJIDO / EFE
Andoni Ortuzar, iaz, alderdiaren urteurren ekitaldian. LUIS TEJIDO / EFE
aitor biain
2025eko martxoaren 26a
09:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Andoni Ortuzarrek igandean utziko dio EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente izateari. Bada, horren aurreko azken elkarrizketa eman dio Euskal Telebistari, eta adierazi du ez zuela espero kargua utzi behar izatea. Hala ere, behin erabakia hartuta, azpimarratu du lasai eta pozik dagoela, lortu baitzuen alderdia «bolada konplikatu» batetik ateratzea eta EAEko erakundeetan botere handiena eskuratzeko modua ematea.

Ortuzarrek azaldu du ez dela behin ere «minduta» egon; are, azpimarratu duenez, EBBko presidentetzarako «alternatibak» zeudela ikusi zuenean ohartu zen «ziklo politikoa amaituta» zeukala. «Ezin nintzen oztopo bat izan alderdia berritzeko». Aitortu du, dena den, «gauzak beste modu batera eta hobeto» egin zitezkeela, jakina baita Ortuzarrek lehia utzi zuela, preseski, Aitor Estebanek asmoa adierazi zuelako bigarren itzulira aurkezteko.

Estebanekin ongi moldatzen dela ziurtatu du, eta «jarrera politiko eta ideologiko» bera dutela. Azpimarratu du Iñigo Urkullurekin ere «harreman oso ona» duela, baina, hala ere, uste du «egokia» izan zela Imanol Pradalesen alde egin izana Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko. «Uste dut lehendakari handia dugula, eta herri honi bultzada bat ematen ari zaio».

«Uste dut [Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko] hautu egokia izan zela Imanol Pradalesen alde egitea. Lehendakari handia dugu, eta herri honi bultzada bat ematen ari zaio»

ANDONI ORTUZAR EBBKO PRESIDENTEA

EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak goraipatu ditu, eta gogorarazi du bi alderdien arteko harremanak berak eta Idoia Mendiak onbideratu zituztela, hautsita baitzeuden Patxi Lopez Ajuriaenera iritsi zenetik. «Herri honek ezberdinen arteko akordioak behar ditu, eta nik uste dut EAJ-PSOE koalizioak, batez ere Madrili lotuta badago, onura nabarmenak ekar diezazkiokeela Euskadiri».

Estatus berria, bide onetik

Ortuzarrek uste du EAJk gaitasuna duela egun duen lidergoari eusteko EH Bildu nabarmen gerturatu bazaio ere azken hauteskunde zikloetan. Horretarako, nolanahi ere, iritzi dio alderdi jeltzaleak «bat bera» izan behar duela aurrerantzean ere, eta ez duela ibili behar EH Bilduk egiten duenari «zeharka» begira. «EAJk, orain, aurreratuagoa izan behar du, EH Bilduri zailagoa izan dakion EAJ berri hori harrapatzea».

Alderdiekin estatus berriaz hitz egiteko abiatu zuen bilera sorta dela eta, esan du oraindik hasieran daudela, baina elkarrizketak bide onetik doazela. «Uste dut prozesu honetako eragile nagusiek, hau da, EAJk, EH Bilduk eta PSOE-PSEk konfiantza nahikoa lortu dugula. Uste dut denentzako gauza on bat lortuko dugula. Irudikatzen genuen horrek hortik joko du», esan du.

Ortuzarrek 63 urte ditu, eta ia bizi osoa darama politikagintzan, gazte zelarik hasi baitzen militatzen. Etorkizunera begira, ordea, esan du ez duela bere burua politikagintzan ikusten. Lanean segitzeko asmoa duela adierazi du: «Kazetaria naiz, eta komunikabide kudeatzailea izan naiz. Iruditzen zait abiapuntu aproposa dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.