Ekainaren 9an Europako Parlamentuko hauteskundeetan parte hartzera deitu du Andoni Ortuzarrek. Izan ere, boz horien inguruko «interes falta» nabarmena antzeman du EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, eta ohartarazi du joera horrek «populismoen eta muturreko ultren arrakasta» ekar dezakeela, «ez asko direlako, baizik eta haiek bozkatzera joango direlako». Donostian egin ditu adierazpenok, gaur, EAJren hautagaitza aurkezteko ekitaldian: «Funtsezkoa da aurrerantzean ere EAJ Euskadiren ahotsa izatea Europan», esan du Oihane Agirregoitia zerrendaburuak.
Populismoak eta «eskuineko eta ezkerreko muturreko mugimenduak» kritikatu ditu Ortuzarrek, «Europako Batasuna moteldu» nahi dutelakoan, «estatu gehiago eta batasun gutxiago» lortzeko. Hala, jeltzaleek Europarekin duten «konpromisoa» berretsi dute: «Bat egindako Europa batekin, indartsuagoa, barruan eta kanpoan subiranotasun handiagokoa, eta munduan eredugarri izango dena demokrazian, justizia sozialean eta ongizatean». Aniztasuna ere aipatu dute: Europako «herriak eta nazioak» errespetatzea galdegin dute, baita «euskara eta euskal kultura» ere.
CEUS-Europa Solidarioaren aldeko koalizioaren barruan parte hartuko du EAJk Europako bozetan, Geroa Bairekin batera, baita Koalizio Kanariarra eta Proposta per les Illes Balears-El Pi alderdiekin ere. Bestalde, Renew Europe Now taldeko zerrendaburu eta Europako Batzordeko presidentegai Sandro Gozi italiarra Donostiako ekitaldian izan da, eta hark ere ahotan izan ditu «muturreko mugimenduak». Hain justu, Italiako gobernura gehiegi hurbiltzea aurpegiratu dio Ursula Von der Leyen batzordeko buruari: «Argi eta garbi esaten diogu ezetz eskuin muturrarekin edozein aliantza egiteari».
Hala ere, «finantza baliabideez eta baliabide militarrez hornitzea» defendatu du Gozik, «benetako potentzia europar bat izateko»: «Inperio oldarkorrek etorkizunari buruz erabakitzeko aukera ukatu nahi diote jendeari; Kievetik Taipeiraino gertatzen ari da hori». Horri lotuta, «Ukraina laguntzen» jarraitzearen alde agertu da, «bainarik gabe».