Ortuzarrek ez du argitu EBBn segituko duen, erabakia badu ere

Esan du ez duela baldintzatu nahi abiatua den barne prozesua. Bestalde, alderdien arteko harremanei ekin die, autogobernuari buruz hitz egiten hasteko. EAJk «erreforma administratibo soil batetik» harago jo nahi duela esan du.

Andoni Ortuzar, Alderdi Egunean, Forondako zelaietan. L. RICO / EFE
Andoni Ortuzar, Alderdi Egunean, Forondako zelaietan. L. RICO / EFE
aitor biain
2024ko urriaren 11
14:00
Entzun

Erabakia du, baina ez du argitu. Andoni Ortuzar EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak hori adierazi du gaur, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Argudiatu du ez duela bere erabakia argitu nahi, buruzagitzen barne prozesua ez baldintzatzeko: «Jendeak hitz egiteko askatasuna izan behar du».

Badira ahotsak Ortuzarrek segitzearen alde egin dutenak. Joseba Diez Antxustegi Eusko Legebiltzarreko EAJren bozeramailea izan zen hori publikoki adierazi zutenetako bat. Esan zuen ez diola ikusten «inolako arazorik» Ortuzarrek jarraitzeari, hauteskundeetako emaitzak argudio gisa hartuta. Itxaso Atutxa BBB Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ere «gogotsu eta indartsu» ikusten du Ortuzar, eta etorkizunera begira aukera guztiak zabalik daudela adierazi du aste honetan, berak politika eta BBBko buruzagitza utziko duela azaltzeko eman zuen elkarrizketan. Baina irekia dago EBBren buruzagitza ere, beste hautagai batzuen izenak ere badabiltzalako. 

Barne mugimenduak hasiak dira, dena den. Horren erakusle da, esaterako, Iñigo Ansolaren izena hizpidera atera izana, Atutxaren ordez alderdiaren Bizkaiko adarraren ardura hartzeko. EEE Energiaren Euskal Erakundeko presidente ohiaren ibilbide politikoa nabarmendu du Ortuzarrek, baina «aukera bat» baino ez dela ere esan du. 

Bizkaian soilik ez, aldaketak espero dira Araban eta Gipuzkoan ere. Jose Antonio Susok ere iragarri zuen ez duela ABBn jarraituko, eta Joseba Egibarrek ere iradoki zuen erabaki bera hartuko duela. Bada, azken horri lotutako mugimendua izan daiteke, hain zuzen ere, Maria Eugenia Arrizabalagak Eusko Legebiltzarra utzi izana. EAJk gaur iragarri duenez, Marijo Etxegoienek hartuko du haren lekua legebiltzarrean. Agirrezabalagak Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJko eledun segituko luke, eta EBBko kide ere bada. Horri buruz galdetuta, Ortuzarrek ez du xehetasunik eman nahi izan.

Autogobernu berrirako elkarrizketak

Bestetik, Ortuzarrek iragarri du hasi dituela alderdien arteko lehen harremanak, etorkizuneko autogobernuari buruz hitz egiten hasteko. Aurrez aurre oraindik inorekin elkartu ez bada ere, bilera sorta «aurki» hasiko duela iragarri du. Hala ere, nabarmendu du «modu diskretuan» egingo dituztela. Ortuzarrek ez ditu ezkutatu zailtasunak, baina datorren urteko Gabonetarako akordio bat lortzea espero du. Aurrez, ohartarazi du nazio aitortza estatutu berrian ez jasotzea «etsigarria» litzatekeela.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Ortuzarrek esan du estatutu berri bat negoziatzeaz gain «estatus berri bat» negoziatuko dutela. Izan ere, azaldu du EAJk Gernikako Estatutuaren «erreforma administratibo soil batetik» harago jo nahi duela, autogobernuaren alorrean «jauzi kualitatiboa» emanez, aurretik eraikitakoa «hautsi gabe» betiere, eta ezer «asmatu» edo «hutsetik abiatu» gabe.

EAJko presidentearen iritziz, garai egokia da 1979ko estatutuan «konpondu ezin izan ziren gai kritiko» batzuei heltzeko, tartean nazio aitortza eta Espainiarekiko aldebikotasunaren berme sistema. Izan ere, Ortuzarrek adierazi du autogobernua «higatuta» dagoela egun, eta, beraz, ez dela nahikoa estatutua eguneratzea edo eskumen berriak jasotzea.

Espainian eta Euskal Autonomia Erkidegoan orain zabalik dagoen abagunea baliatu behar dela uste du Ortuzarrek, Madrilen Sanchezen gobernua sostengatzen duten alderdiak erabakigarriak baitira Gasteizen ere. «Leiho bat dugu zabalik, baina ez da infinitua», ohartarazi du. «Kontua ez da inor behartzea, baina ezta elkarrizketari eta proposamenei betoa jartzea ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.