«Borondate politikoa baldin badago», EAJk eta PSE-EEk beste estatutu itun bat adostuko dute, Eusko Jaurlaritza eratzeko akordioan zehaztutakoaren arabera. Horrela esan du EBBko presidente Andoni Ortuzarrek gaur, Radio Euskadin. Iazko azaroan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko alderdi biek erdietsitako itunarekin lotu du Ortuzarrek beste estatutu bat onartzeko adostu berri duten akordio hori. Edonola ere, EAJko buruak uste du modua izan daitekeela «2025a baino lehen» beste estatutu bat onartzeko Eusko Legebiltzarrean.
«Hori guztia» PSOErekin iazko azaroan Madrilen egindako akordioarekin loturik dagoela berretsi du Ortuzarrek, eta gehitu «asko lagundu» duela oraingo akordioa erdiesteko. «Zirkulua ixten ari gara, eta inbestidura akordioan egituraturik zegoen konpromisoa Euskadira ekartzen». Agiri hori lagungarria izango da «markoa ezartzeko, hein batean», jeltzaleen buruaren arabera. «Estatus berri horri testuingurua» emango lioke, haren esanetan, «autogobernua erreformatzeko estatutuaren hitzarmena gauzatu ahal izateko». Dena den, EAJk ez du alboratu nahi «transferentzia guztiak egiteko prozesua», Gernikako Estatutuak jasotzen dituen «eskuduntza guztiak» ez baitira ekarri Gasteizko gobernura.
«Bidezkoa da alderdi bakoitzak etorkizuneko Euskadiri buruz duen ikuspegiari eustea, askatasunez».
ANDONI ORTUZAREAJren EBBko presidentea
Sozialistek eta jeltzaleek bart ezagutarazitako gobernu akordioak estatutuaren inguruko akordioa jasotzen duela berretsi du EBBko buruak, baina zehaztu du alderdi bakoitzak bere proposamena egingo duela estatutu horren inguruan. «Bidezkoa da alderdi bakoitzak etorkizuneko Euskadiri buruz duen ikuspegiari eustea, askatasunez».
Jaurlaritza eratzeko akordioa zabalago aztertuta, Ortuzarrek ziurtatu du alderdi biak bat zetozela «konpromisoen %70ean» negoziatzen hasi orduko, baina desadostasunak ere egon direla; esaterako, autogobernuari, etxebizitzari eta osasunari buruzkoak: «Gai horiek ertz gehiago dituzte, eta alderdi bakoitzak gehiago doitu nahi izan ditu». Batera edo bestera, EAJ «oso pozik» dago, eta «anbizioz» hasi nahi du aro berria, «gobernu programak arreta piztuko baitu».
Azaroko akordioa PSOE-rekin
- Gasteizen eta Madrilen. EAJk eta PSOEk adostu zuten «etorkizuneko autogobernua Euskadin eta Estatuan» negoziatzea, «Konstituzioaren xedapen gehigarria baliatuz». Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan «akordioak aurrera ateratzeko konpromisoa» idatzirik dago.
- Galdeketa. Jasota dago lortutako akordioa galdeketa batean «berretsi» beharko dela.
- Negoziatuko dituzten edukiak. «Euskadiren nazio aitortza, euskal eskuduntzen babesa, eta berme sistema bat, aldebikotasunean eta foraltasunean oinarriturik».
- Eusko Legebiltzarraren zilegitasuna. Akordioak «Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren» eskaerari erantzun beharko dio.
- Epeak. Negoziazioa eta akordioa egiteko «erreferentziazko epea ez da izango urte eta erdi baino luzeagoa legebiltzarreko legealdia hasi ondoren».
Andueza: «Abenturei ateak itxita»
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere aztertu du jeltzaleekin Eusko Jaurlaritza eratzeko egindako akordioa. Anduezak uste du «aukera ona» dela «askatasunak eta eskubideak babesteko», eskubide horiek «arriskuan» egongo baitira, haren ustez, «eskuinak eta eskuin muturrak gobernatzen badute herrialde honetan». Edonola ere, PSEko buruak oso argi utzi nahi izan du EAJrekin egindako ituna «indarrean dagoen legearen barruan» dagoela, eta «atea ixten» diela «abenturei».
EAJk eta PSEk egin berri duten gobernu itunak alderdiko oinarrien babesa lortu beharko du, eta hilaren 13tik 15era, hau da, ostegunetik larunbatera aukera izango dute sarean bozkatzeko, eta, hilaren 17an, berriz, aurrez aurre botoa emateko. EAJrekin beste estatutu bat onartzearen inguruan adostutakoaz galdetuta, Anduezak berriro esan du «euskal herritarren gehiengoak» ez duela nahi «abenturarik».
«Indarrean dagoen legearen barruan dago akordioa, eta atea ixten die abenturei, euskal herritar gehienek ez baitute halakorik nahi».
ENEKO ANDUEZA PSE-EEko idazkari nagusia
Hala, gogoratu du Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordeak duela bi legealdi hasi zuela bidea, eta «%90 adostua» dagoela jadanik. 2025erako akordioa eginda egotea posible ote daitekeen galdetuta, PSEko buruak esan du badela modua «aniztasuna islatzen duen eta eskubideak eta askatasunak babesten dituen» itun bat egiteko.
Kortajarena: «Biharamunari buelta emateko»
Jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa azken orduetan jakinarazteko arrazoien inguruan aritu da Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. Hark uste du Europako Parlamenturako bozetan EAJk izandako emaitza kaskarrei aurre egiteko baliatu dutela albistea: «Ez nau askorik harritu atzo akordioa iragartzeak. Hauteskundeen biharamunari eta horren bueltan sortzen diren beharrei erantzuten die gehiago».
«Gure errealitateari eta anbizio nazional eta sozialei erantzungo dien estatusa behar dugu. Madrilen aukera leihoa irekita dago, eta erantzukizunez jokatu behar dugu».
NEREA KORTAJARENAEH Bilduko bozeramailea
Izan ere, Kortajarenaren iduriko, itun horrek «gehiago du zirriborrotik», «orokorkeriak» jasotzen ei dituelako. «Ez dakigu Bakartxo Tejeriak estatusari buruz esandakoak jasota dauden edo ez, adibidez. Eta herri honek beste estatus politiko bat behar du, estatuarekin parez pare erlazionatzeko tresna bat behar du». Gogoratu du «hemen erabaki ahal izatea» funtsezkoa dela Euskal Herriak dituen erronkei erantzuteko: «Gure errealitateari eta anbizio nazional eta sozialei erantzungo dien estatusa behar dugu. Madrilen aukera leihoa irekita dago eta erantzukizunez jokatu behar dugu».
EAJ, «Analogikotik digitalera»
EAJko presidente Andoni Ortuzarrek alderdiaren «etorkizunari buruzko hausnarketa bat» egiteko beharra aipatu du, Europako Parlamenturako hauteskundeetan emaitza txarrak lortu ondoren. EH Bildu gailendu egin da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Bestalde, Ortuzarrek «bigarren mailakotzat» jo du berak alderdiko buru gisa jarraitzea edo ez jarraitzea. «Pertsonak proiektuaren zerbitzura gaude, eta ez alderantziz». Hala, garrantzitsuena «alderdiaren norabidea» dela esan du, eta EAJk «analogikotik digitalera» igaro behar duela erantsi du, «paperetik sareetara».
EAJk bere eurodiputatuari eustea lortu du, baina emaitzak ez dira izan zuzendaritzak espero zituenak. «Gure boto emaileen parte bat biguna da: hauteskundeen eta testuinguruaren arabera aldatzen da». Ortuzarrek uste du Sanchez-Feijoo ardatzak pisua izan duela «Euskadin ere», baina ziurtatu du EAJtik EH Bilduren eskuetara joandako boto kopurua ez da «handia» izan. «Etxean geratzea erabaki duen jendea badago, eta horrek guri eragiten digu orain, baina espero dut hemendik gutxira gora egiten hasiko garela».