Ortuzarrek dio «amarru bat» dela Otegik abertzaleen fronte komunaz proposatutakoa

Kanpainan, EH Bilduko buruak EAJri proposatu dio «gutxieneko programa» bat adosteko «Espainiako Estatuaren aurrean», baina Ortuzarrek esan du «Ilargiari zaunka egitea bezala» dela hori.

Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Barakaldon, asteon. LUIS TEJIDO / EFE
Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Barakaldon, asteon. LUIS TEJIDO / EFE
xabier martin
2024ko ekainaren 7a
12:15
Entzun

Aste hasieran, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan zuen igandeko bozak ez direla abertzaleen artean lehiatzeko, eta erantsi uste zuela posible dela subiranistek akordio bat egitea. Kazetarien galderei erantzunez, aukera horretan sakondu zuen esanez «alderdi abertzale eta independentistak elkarrekin aurkeztu» beharko liratekeela Europan, eta baita Espainian ere.

EAJko presidente Andoni Ortuzarren erantzuna jaso du gaur Otegik, Onda Vasca irratian: «Hauteskunde amarru bat da» koalizio subiranistako buruaren proposamena. Izan ere, proposamen horretan «bi arazo» ikusten ditu jeltzaleen buruak. Lehena da proposamen hori ez zela egin «duela sei hilabete, egin zitekeenean». Orain egitea, igandean hauteskundeak direla, «Ilargiari zaunka egitea bezala» dela uste du Ortuzarrek.

«Kanpaina batean proposamenak egiten dizkizutenean, oso balekoak ez dute ematen; batez ere hauteskunde amarru bat ematen du horrek, eta ez proposamen serioa», salatu du EBBko buruak. Gainera, ohartarazi du EH Bilduk eta EAJk Europarentzat defenditzen dutena aztertuz gero erraz ikus daitekeela bien artean «arrakala handia» dagoela. 

«Europaren aldeko arima atera du EH Bilduk kanpaina honetan, baina ez du sekula izan».

ANDONI ORTUZAREAJko presidentea

«Europaren aldeko arima atera du EH Bilduk kanpaina honetan, baina ez du sekula izan». Erantsi du koalizio independentista talde baten barruan dagoela Europako Parlamentuan, eta talde hori «Europaren aurkako jendez beterik» dagoela. Batzuk «marxista-leninistak» direla zehaztu du, «Batasunaren kontzeptuaren aurka borrokatzen direnak».

«Jokoan dagoena ez da nork duen luzeagoa»

Abertzaleek Batasunean dituzten aukerak aztertzen hasi da Ortuzar, eta «EBra lotzeko barne mekanismo bat» eskatu du; kanpoko estatuek proiektura lotzeko duten modua «oso ondo egituratua» dagoela uste du, baina ez du ikusten idatzirik «letra bat bera ere Batasunean estaturik gabe daudenei buruz»; Ortuzarrek, azken batean, mekanismo bat nahiko luke nazio horiek modu «sendoago, eraginkorrago eta instituzionalagoan» parte har dezaten Europa eraikitzeko bidean.

Uste du abertzaleek erronka handia dutela hauteskunde kanpaina honetan, Madrilgo egoera politikoa dela-eta «zirkua martxan baitute baten emaztearekin eta bestearen senargaiarekin». Egoera horretan, «lokatzean sartu gabe, zaila da» alderdi abertzaleen mezua boto emaileengana iristea, EAJko buruaren arabera. Eta ziurtatu du EAJ ez dela «lokatzetan» sartu, eta «leial» eutsi diola bere izanari: «Jokoan dagoena ez da nork duen luzeagoa Espainian eta Euskadin, baizik eta Europako Parlamentuan nork ordezkatuko gaituen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.