Gipuzkoa

Ortuzarrek adierazi du Iriarteren proposamena ez dela «arrazoizkoa»

Urruzunoren esanetan, «legitimoak» dira EH Bildu gabeko gehiengoak, baina azaldu beharra dago norekin eta zertarako egiten diren.

Andoni Ortuzar, hauteskunde kanpainako ekitaldi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko ekainaren 8a
11:15
Entzun

EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusi Maddalen Iriartek «gobernabiderako ituna» proposatu zien atzo EAJri, PSEri eta Elkarrekin Podemosi, aldundian «proiektu partekatu bat» bideratzeko. EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, baina, ez du «arrazoizkotzat» jo, Gipuzkoako Foru Aldundia «parlamentu bat» bilakatuko lukeelako, «irizpide argiak eta bateratuak» ezarri beharrean. Koalizio subiranistako eledun Unai Urruzunoren hitzetan, arazoa beste bat da: EAJk eta PSE-EEk ez dituzte «edukiak eta programak» mahai gainean jarri nahi, baizik eta EH Bildu gobernuetatik kanpo utzi.

Elkarrekin Podemoseko Miren Etxebeste izan zen lehena EH Bilduren proposamenari erantzuten. «Ez da serioa, eta ez da errealista», adierazi zuen, argudiatuta EAJ eta PSE-EE izan direla «herritarrei egindako murrizketen egileak». Gaur, berriz, Ortuzarrek eman die ezezkoa. Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, jeltzaleen buruak adierazi du ez litzatekeela «eraginkorra» izango. Batetik, aldundiak «lehen egunetik tira egingo» duen gobernu bat behar duelako, eta ez exekutiboaren lekuan ezarritako parlamentu bat. Izan ere, uste du «garai zailak» iritsiko direla, eta «gauzak argi» dituen gobernu bat behar dela horiei erantzuteko. Bestetik, adierazi du lauko gobernu batek PP soilik utziko lukeela oposizioan, Batzar Nagusietan hiru eserleku soilik izanda.

Ikusi gehiago:PSNk baztertu egin du UPNrekin akordio bat egitea, eta EH Bildurekin elkartuko da

Are gehiago, Ortuzarrek EH Bildu eta Elkarrekin Podemos kritikatu ditu. Lehenari egotzi dio proposamena «komunikazio politika bati» erantzuteko aurkeztu izana, eta azaldu du koalizio horrek gobernuan egindako agintaldia (2011-2015) «zoritxarrekoa» izan zela. Elkarrekin Podemosi, berriz, leporatu dio Madrilen euren botoak ontzat jotzea, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «eskuinik txarrenaren» gisa tratatzea. «EAJk ibilbide bat du politika publiko aurrerakoiak egiten, Podemosen historia politiko motzetik eta polemikotik haratago doana».

Urruzunoren hitzetan, ordea, maiatzaren 28ko bozek erakutsi zuten «bestelako politika publiko eta gobernantza eredu batzuen» alde egin behar dela, eta, Gipuzkoaren kasuan, Iriarteri dagokiola aldaketa hori zuzentzea. «Gizarteak akordio handiak behar ditu; ez dugu uste guk soilik egin diezaiekegunik aurre erronka guztiei. Proba ditzagun bide ezberdinak», zehaztu du Radio Euskadin.

EH Bildu gabeko gehiengo alternatiboez galdetuta, Urruzunok esan du halako akordioak «legitimoak» direla, baina azaldu behar dela norekin eta zertarako egin nahi diren. Izan ere, uste du EH Bildu gobernuetatik kanpo uztea dela arrazoi bakarra, horretarako PPren botoez baliatuta: «Arduragabekeria handia ez da gehiengo bat artikulatzea, baizik eta PP herrialdeko gobernabidean sartzen saiatzea; erabilgarritasuna emango dio».

Urruzunok salatu du jeltzaleek hautagaitzak aurkeztuko dituztela EH Bildu zerrendarik bozkatuena izan den baina zenbakiek bestelako gehiengoak osatzeko aukera ematen duten udalerrietan, baina ez dagoela argi gauza bera egingo ote duten PPk irabazi duen lekuetan. Bastida eta Guardia (Araba) dira horiek. Urruzunok azaldu du bi kasuetan EH Bildu EAJko hautagaien alde egiteko prest dagoela, iraganean, besteak beste, Gasteizen egin zuen bezala. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu eskuinak herrialde honetan gobernatu ez dezan».

Izagirre, alkategai

Bestalde, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Donostiako alkategaiak jakinarazi du bere hautagaitza aurkeztuko duela ekainaren 17ko bilkuran, Donostiako alkate izateko. Gipuzkoako hiriburuan, ziurra da Eneko Goia EAJko zerrendaburuak eutsiko diola alkatetzari; lehen indarra izan zen, bederatzi zinegotzi lortuta, eta, PSE-EEk lortutako bostak batuta, ziurtatuta dauka gehiengo absolutua. Hala ere, Izagirrek uste du emaitzek agerian uzten dutela «aldaketa baten beharra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.