Ortuzarrek EBBko presidente gisa jarraituko du, alderdikideen babesa badu

Sare sozialetan argitaratutako mezu baten bidez, adierazi du alderdikideek «baliagarri» ikusten duten lekuan egongo dela.

Ortuzar, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE
Ortuzar, artxiboko irudi batean. L. RICO / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko urtarrilaren 18a
17:40
Entzun

EAJren EBB berritzeko prozesua astelehenean hasiko da, eta ordurako espero zen egungo presidente Andoni Ortuzarrek bere asmoen berri ematea. Hura, baina, aurreratu egin da, eta alderdikideei zuzendutako mezu bat argitaratu du sare sozialetan, eta azken hilabeteetako isiltasuna hautsi hala. Hartan, prest azaldu da alderdiaren gidaritzan laugarren agintaldia egiteko, alderdikideek hala erabakiz gero: «Ni alderdi honen esanetara nago, behar duen guztirako. Afiliazioak baliagarriagoa naizela uste duen lekuan, han egongo naiz». Gehitu du «ohore bat» dela EAJren zerbitzura egotea.

Alderdiaren esanetara izenburudun testuan, azken urteetan EAJk egindako aldaketei erreparatu die Ortuzarrek: «Erabaki asko, eta askotarikoak, hartu behar izan ditugu barne eremuan eta politika instituzionalean». Haren esanetan, duela lau urte bere «inguru hurbilenari» adierazi zion alderdi jeltzaleak aldaketak behar zituela zuzendaritzan. Argudiatu duenez, baina, kontrako erantzunek eta COVID-19ak eragindako testuinguru konplexuak bestelako erabaki bat hartzera eta «barne egonkortasunaren» alde egitera bultzatu zuten. Ordutik, baina, mugimendu ugari izan dira alderdian; nagusiak, agintaldiaren azken zatian.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara deitu aurretik iritsi zen aldaketa esanguratsuenetako bat. EAJk Urkulluren aldia amaitutzat jo zuen, eta Imanol Pradalesen aldeko apustua egin zuen lehendakarigai izateko. 2023ko azaroaren amaieran izan zen hori. Gero, EAJren lurralde zuzendaritzak berritzeko prozesuak iritsi ziren, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako buru batzarretako aldaketak. «Berrikuntza honek aukera ematen digu agintaldi berri honi aurre egiteko etxeko lan gehienak eginda», azaldu du Ortuzarrek.

Hala, horien ostean, galdera bat egin beharra zehaztu du EBBko buruak: «Nola ematen diogu koherentzia orain arte egindakoari EBBko presidentearen eta zortzi burukide nazionalen aukeraketan?». Eta bi erantzun posible planteatu ditu. Batetik, berritzea «erabatekoa» izatea; hau da, EBBrako ere presidente berri bat izendatzea. Era berean, baina, planteatu du badela beste jokamolde bat, eta zenbaitek adierazi diotela «dena aldi berean aldatzea oso arriskutsua» dela: «Berritze eta jarraitutasun mix bat proposatzen dute». Bi aukerak defendatzeko «arrazoi sinesgarriak» daudela esan du.

Orain, EAJko afiliatuek erabakiko dute nortzuk izango diren «alderdia gidatzeko pertsona baliagarrienak», eta horien artean, Ortuzarrek nabarmendu du EBBko presidentearen hautaketa «oso garrantzitsua» dela. Hala, alderdikideei eskatu die barne prozesuan parte hartzeko: «Zuen ordua eta zuen erabakia da. Erabakitzen duzuena ondo egongo da». Hain zuzen, mezuan zehaztu du orain arte ez duela bere erabakiaren berri eman «militantziak baldintzarik gabe pentsatzeko», nahiz eta «komunikabideen presioak» eta alderdikideen «jakin behar logikoak» zaildu egin dioten isilik mantentzea. Hori bai, berretsi du erabakia joan den udan hartu zuela, eta haren berri bazutela Euzkadi Buru Batzarreko gainerako kideek, uztailaren 8tik. Alderdiko buruak adierazi du astelehenean gauza bera berretsi ziela egungo burukideei ere.

Ortuzarrek ukatu egin du erabakia «ego» kontua izatea, hamabi urteko agintaldiaren ostean «ego errazioa betea» duelakoan: «Benetan, uste dut frogatuta dagoela auzi abertzale eta jelkidearekiko dudan konpromisoa eta dedikazioa». Hain zuzen, bere agintaldiaren azken balantze positiboa egin du, batez ere azken herenari erreparatuz. Besteak beste, azaldu du azken urteetan bere bi «irrika» bete direla: Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitza berreskuratzea eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde egitea. Era berean, nabarmendu du pandemiaren ostean Europako hainbat gobernu «erori» direla eta bitartean EAJk bere ordezkaritza instituzional «ia guztia» mantentzea lortu duela: «Hori 2019-2020 hauteskunde ziklotik gentozela, non gure gailur politikora iritsi ginen».

Halere, EBBko buruak onartu du aurreikusi baino estuago eta «asko sufrituta» lortu dutela EAEko instituzio nagusiei eustea, testuinguru politikoan izan diren aldaketak kontuan hartuta: «Erabateko adostasuna dago pandemiatik bestelako gizarte bat atera dela, eskaera eta modu berriekin, baita estimulu politiko eta elektoralei erantzuteko moduan ere». Halere, EAJren etorkizunean sinesten duela azaldu du, «zalantzarik gabe».

Donostia helmuga

EAJren EBBko presidentea eta zortzi burukide aukeratzeko prozesua astelehenean hasiko da, San Sebastian egunarekin. Lehen faseak otsailaren 2ra arte iraungo du, eta alderdikideek kargu horiek hartzeko hautagaiak proposatu beharko dituzte. Otsailaren 10etik 26ra bitarte, berriz, nahikoa babes —gutxienez hiru batzokirena— eskuratzen duten hautagaitzen artean aukeratu beharko dute. Ondoren, lurralde batzarrak egingo dira, eta horietan botoa emango dute herri erakundeetako ordezkariek. Hala, barne prozesua martxoaren 29ko asteburuan amaituko da, IX. Batzar Orokorrarekin —Donostian egingo dute—. Han, lurralde batzarretako ordezkariek botoa emango dute, aurrez zehaztua. Era berean, abenduan aurkeztutako bost txosten politikoak onartzen ote dituzten ere bozkatuko dute.

Ortuzarren erabakiaren esperoan, beste alderdikide batzuek euren lekua egin dute kinieletan. Horien artean nabarmendu direnetako bat da Aitor Esteban, EAJk Espainiako Kongresuan duen eleduna. Hark ez du alderdiaren lidergoa hartzeko asmoa adierazi, baina aste honetan egindako elkarrizketa batean azaldu du «ohore bat» litzatekeela alderdikideek bera proposatzea EAJren EBBko presidente izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.