Esan daiteke Andoni Ortuzar Arruabarrenaren (Abanto, Bizkaia, 1962) azken agintaldiko bi urteek baizik ez dutela orbantzen haren agintaritza egonkorra. EAJk hamar urtean lortutako hauteskunde emaitza bikainak atzean geratu dira, eta nagusitasun politikoa ezbaian dute jeltzaleek 2023az geroztik. Aldagai horrek egin dio itzala Ortuzarrek hamar urtez ordezkatu duen lidergo sendoari, ez beste ezerk.
Ikusi gehiago
Izan ere, alderdiak inoizko erakunde botere handiena izandako aroa gidatu du Euzkadi Buru Batzarrean, oinarriak Ezkerraldean dituen buruzagiarekin. 2013an jaso zuen Iñigo Urkulluren lekukoa Ortuzarrek, hura Eusko Jaurlaritzako lehendakari bihurtu ondoren, eta, 2023an abiatutako azken hauteskunde zikloa iritsi arte, erakundeen aginte zabal batek ematen dion sendotasuna izan du aldean beti. Harik eta 2023ko udal eta foru hauteskundeen eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzek alarma piztu zuten arte alderdian; ordutik, iraganeko lasaitasun horren zantzurik ez da EAJren barruan.
Lurraldeetako zuzendaritzak berritzeko barne prozesuak berak islatu du ezen Ortuzarrek gidatzen duen erakundeak, EBBk, baduela aurrean sektore kritiko bat Bizkaian, afiliatu gehien dituen lurraldean, baina baita Araban ere. EBBko presidentea izendatzeko erabakigarria gertatzen da Bizkaia, eta, BBBren hautespen prozesuan Ortuzarren kudeaketarekin kritiko diren horiek azaldu izana, David Salinas-Armendariz buru izan dela —zenbait izen historikoren babesarekin—, esanguratsua gerta daiteke Batzar Nagusiari begira: martxoaren 29an eta 30ean egingo dute, Donostian.
Alderdiaren barruko orekak ulertu eta onartu izanak lagundu dio Ortuzarri azken hamar urteetako giro baketsuari eusten, batez ere Gipuzkoaren esparruaren burujabetza errespetatuz
Edonola ere, lurralde guztietan nagusitu dira hautagai ofizialak, eta horrek argi adierazten du Ortuzarrek bridaturik daukala hala Bizkaian nola Araban azaleratu diren kritikoen bultzada. Alderdiaren barruko orekak ulertu eta onartu izanak lagundu dio Ortuzarri azken hamar urteetako giro baketsuari eusten, batez ere Gipuzkoaren esparruaren burujabetza errespetatuz. Hala ere, jadanik ez da jai egunero Sabin Etxean, duela hamar urte gertatzen zen moduan.
Andoni Ortuzar kazetaria da ikasketaz, baita lanbidez ere: Bilboko Herri Irratian eta Deia-n aritu zen 1987ra arte. ELA sindikatuko afiliatu gisa, Deia-ko langile batzordeko presidentea izan zen. 1987 hartan ekin zion ibilbide politikoari, aholkulari modura hasita, Jaurlaritzako Presidentetza, Justizia eta Garapeneko Sailean. Ondoren, hainbat kargutan aritu zen EAJren zerbitzura. 1999an, EITBko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta, ia hamar urte geroago, Bizkai Buru Batzarreko lema hartu zuen, 2008an. Luma lemaren aurretik, beraz.
Iñigo Urkulluk EBBrako jauzia egin zuen urte horretan, eta haren lekua hartu zuen Ortuzarrek BBBn. Beste hainbeste gertatuko zen 2013an, Urkullu Jaurlaritzako lehendakari izendatu zutenean: Ortuzar izendatu zuten EAJko presidente haren ordez.
Bi buruko alderdiak bat moztu zuen
EAJko presidente gisa ez zituen deliberazio erraz asko hartuko urte hauetan guztietan, baina Urkullluren erreleboa izan daiteke Ortuzarren erabakirik zailena. Jeltzaleen zuzendaritzak ez zuen argi ikusi azken hiru legealdietako lehendakaria berriro lehendakarigai izendatzea egokia izango ote zen. Pandemiak gizartean eta, horri loturik, boto emaileen artean utzitako arrastoa sakonegia zela islatu zuten barne inkestek, eta Ortuzarren sena bide beretik joan zen: Imanol Pradalesen aldeko apustua egin zuen EBBk, eta Urkullu haserrearazi.
Alderdiaren barruko bi ardura gorenak (BBB eta EBB) har zitzan, Urkulluren bedeinkapena izan zuen Ortuzarrek aurreko urteetan, eta hiru legegintzalditan Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zenak ez zuen ezkutatu bere ezinegona. Errelebo horren berri filtrazio baten bidez jakin zen, eta, hala EBB behartuta egon zen Pradalesen izena behar baino lehenago jakinaraztera; horrek argi erakusten du Urkulluren hasierako haserre horren neurria. Urte askoan EAJren bidea markatu zuen bikotea, Ortuzar eta Urkulluk osatua, hautsi egin zen hein handi batean, nahiz eta biak batera azaldu ziren prentsaren aurrean haustura gertatu eta gutxira, zenbait ekitalditan eta, ostean, bozen kanpainan ere bai. Biak dira «alderdiko gizonak», ez alferrik, aldiro gogoratu dutenez.
Baina begien bistakoa da: zerbitzu sozialen kalitatearen gainbeherak erabat baldintzatu ditu azken urteotako bozak, eta Osakidetzaren egoerak bereziki. EBBk behar-beharrezkoa ikusi zuen irudi eta mezu berritua helaraztea Eusko Legebiltzarrerako bozen jokaleku horretan. Gidariak ez dituzte soilik erakundeen esparruan berritu, gainera, alderdian ere antzera egin baitute lurralde zuzendaritzei dagokienez.