EGI Eguna

Ortuzar: «Ezinbestekoa da maiatzaren 28an parte hartze handia izatea Vox eta Bilduren estremismoak gailendu ez daitezen»

«Batzuen pankarta dantza» deitoratu du, eta esan du «erakundeetan integratzeak eta politikak aldatzeak» hobetzen duela bizi kalitatea

Andoi Ortuzar, EGI Eguneko ekitaldian, Guardian (Araba). EAJ
Javi West Larrañaga.
2023ko apirilaren 1a
14:09
Entzun

EGI Eguna ospatzen ari dira gaur EAJko gazteak, Guardian (Araba). Joseba Diez Antxustegi Asparreneko alkategai eta Lur Jareetako foru hautagaitzaren zerrendaburuak ireki du ekitaldia, eta bertan egon da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea.

Ortuzarrek adierazi du gaur egungo une politikoa eta ekonomikoa «oso garrantzitsua» dela, nazioarteko egoerarengatik, pandemiaren ondorioengatik eta «Ukrainako gerra latzak ekonomiarako ekarri dituen ondorio txarrengatik». Haren berbetan, «EAJren zeregina» da erakundeetan «irmo» eta «sendo» egotea, «Euskadi askea eraikitzeko».

Datozen hauteskundeetan bozkatzera joateko deia egin die bertaratu direnei: «Ezinbestekoa da maiatzaren 28an parte hartze handia izatea, EAJk emaitza onak lor ditzan eta Vox eta Bilduren estremismoak gailendu ez daitezen panoramaren mutur banatan».

«Elkar jotzen, txosnengatik»

Iazko moduan, Ortuzar luze aritu da GKSren eta Ezker Abertzalearen arteko «gatazkari» buruz: «Elkar jotzen ibiltzen dira txosnengatik eta horietan ateratzen duten diruarengatik, jai eremuengatik, ikasleen sindikatuengatik eta berez zapaltzailea eta sektarioa den mundu kulturalarengatik».

Gainera, gogora ekarri du iaz Azkoitian esandakoengatik sortutako polemika. «Gogoratzen duzue zelan kritikatu ninduten adierazpen horiengatik eta Euskadi «gorriari» eta langileriaren diktaduraren aipamenei egindako erreferentziengatik?», galdetu die bertan bildutakoei Ortuzarrek. «Ba, orain, Sorturen idazkari nagusiak [Arkaitz Rodriguez] berak deitzen ditu sektario, eta ez bakarrik hori: erreakzionario eta ez dakit zenbat epiteto gogorrago».

Esan du GKSkoak «ez direla isiltzen» eta Sorturen eta Ernairen «sudur sartzeak» kritikatzen dituztela. «Honek guztiak erabateko bereizketaren itxura dauka».

Erakunde bien aurka egin du Ortuzarrek, eta «pankarta dantzan» aritzea leporatu die: «Zerk hobetzen du bizi kalitatea, euskara, gazteen emantzipazioa edo etxebizitza eskuratu ahal izatea? Zarataka ibiltzeak eta gure kaleak pankarta eta paperekin zikintzeak… edo erakundeetan integratzeak eta politikak aldatzeak?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.