Ortuzar «kezkatuta» dago gazteen botoarekin: «Kontuz populismoekin»

Ahal Dugu-k EAJ erakundeetatik «kanporatu» nahi duela salatu du.Esan du ekonomia eta enplegua izango direla jeltzaleen lehentasunak

Ortuzar, atzo, EGI Egunean eginiko agerraldian, Mundakan. ARITZ LOIOLA / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2016ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
EAJ «kezkatuta» dago gazteen botoarekin, belaunaldi aldaketarekin, eta baita politika egiteko modu «ustez» berriekin ere. Kezkatuta, bereziki, Ahal Dugu-rekin, eta gainerako «ultra eta populista guztiekin». Andoni Ortuzar EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidenteak gazteei «gomendatu» die gaur egun «gazte, moderno eta iraultzaile aurpegiarekin» hauteskundeetan aurkezten diren alderdien «amarruen» mende ez erortzeko, «beren itxurakeriaren azpian munduaren eta politikaren ohitura zahar eta ikuspegi zaharkituak gordetzen baitituzte».

Zuzenean aipatu ez duen arren,bereziki, Ahal Dugu izan du gogoan EAJren presidenteak. «Egunotan entzun duzue. Batzuentzat, beren helburu nagusia da EAJ erakundeetatik kanporatzea. Horixe da haien egitasmo bakarra. Ez dago ezer zaharragorik, zaharkituagorik, demokraziaren kontrakoagorik, kendu zaitez ni jar nadin asmo hori baino». Ortuzarrek Mundakan (Bizkaia) esan ditu hitzok, EGIk, EAJren gazte erakundeak, Aberri Egunaren aurretik urtero egiten duen festan. Harekin batera han izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia.

Jeltzaleen burua EGIko kideekin batera egon da agertokian, eta haiek hotsa jarri diete «gazteria kezkatzen duten gai nagusiei: emantzipazioa, etxebizitza, berdintasuna eta langabezia». Gazteek «mugak gainditzeko duten gaitasuna» nabarmendu du Ortuzarrek, eta «manipulazioei» adi egoteko eskatu die. «Eta, berdin dit eskuineko edo ezkerreko muturrekoak badira: ez mister Trump, ezta Iglesias kamarada ere. Konponbidea ez da ultraliberalen edo ultraezkertiarren eskutik etorriko».

Ahal Dugu soilik ez, ezker abertzalea ere izan du gogoan Ortuzarrek, baina «lehenaldian», EGIko kidea zeneko garaiak gogora ekarri dituenean: «Hemen, batzuk herria eraikitzen ari ginen bitartean, beste batzuk, pankarta baten atzean, gu kritikatzen eta epel deitzen. Palestinoa eta polarra jantzita euskal gazteriaren zati handia erakarri zuten, eta gero gertatu zen gertatu zena».

«Guk, zazpiak bat»

EAJren arerio politikoez gain, ekonomiaren suspertzea eta enplegua izan dira Ortuzarren hitzaldiaren beste ardatz nagusiak, horiek baitira, buruzagi jeltzalearen arabera, Euskal Herriko gazteen kezka nagusiak. «Herritar guztientzat lanpostu duina, eta, bereziki, euskal gazteentzat. Horretan ari gara, horretan egongo gara buru-belarri». Horren harira, Ortuzarrek nabarmendu egin ditu Urkulluren gobernuak gazteen langabeziari aurre egiteko martxan jarri dituen «baliabideak, egitasmoak eta programak».

Nazio eraikuntza ere izan du mintzagai EAJren buruzagiak, baina ez die aipamenik egin ez erabakitzeko eskubideari, ez euskal lurraldeen estatus juridiko-politikoa aldatzeko proposamenei. Herrialde guztien arteko lankidetza sustatu behar dela azaldu du. «Hegoaldea eta Iparraldea elkarrekin lan eginez, batera, bakoitza bere erritmoarekin, baina beti askatasunez adierazitako borondatearekin, baina elkarrekin. Guk, zazpiak bat», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.