EAJren Euzkadi Buru Batzarrerako lehen hautespen aldiak hartu duen bideak ezustea eragin du alderdiko goi kargudun batzuen artean. Indarrez azaleratzen ari da hori azken orduetan, eta hala aitortu dio EAJko iturri batek BERRIAri. Andoni Ortuzarrek EBBrako buruzagitzarako bidaia turbulentzia handirik gabe egingo zuela pentsatu zuten askok, hark San Sebastian egunaren bezperan iragarri ondoren karguan jarraitu nahi zuela. Baina ez da horrela izaten ari.
Urte hasieran Ortuzarren ordezko gisa aipatzen zen beste hautagai bat, Aitor Esteban, afiliatu askoren lehen aukera bihurtu da prozesuaren lehen aldi honetan, militanteek EBBrako izenak proposatzen dituzten fasean, alegia. Fase hori igandean amaituko da, baina falta diren bozketa gutxiek ez dute aldatuko emaitza. Ortuzar gailendu da, baina Estebanek eutsi egin die EBBko buruzagi izateko sortu zaizkion aukerei, bere adierazpen urrien bidez: lehenik, EAJko burua izatea «ohorea» dela esan zuen —Ortuzarren iragarpena iritsi baino ordu batzuk lehenago—, eta, ondoren, batzokietan inork aurreikusi ez zuen babes handia duela ikusita, aditzera eman zuen lasterketan jarraitzen duela: «Hunkiturik eta eskertuta konfiantza eta babesagatik. Alderdikideen garaia da. Alderdia. Aberria», txiokatu zuen X sarean, aurreko larunbatean.
Alabaina, zaila da irudikatzea Ortuzar-Esteban aurrez aurreko bat izango denik hautespenaren bigarren aldian, hau da, militanteek EBBko buruzagia eta beste zortzi kideak aukeratzen dituzten aldi erabakigarrian. Ez dator bat EAJren errealitatearekin, iturri jeltzale berak argi eta garbi dioenez. Ez dator bat, EAJren barruan ildo politiko berekoak eta adin berekoak baitira hautagai bizkaitar biak, oso gertukoak, azken hilabeteetan aldendu ez badira behintzat, lurralde zuzendaritzetan egon diren erreleboen ondoren. EAJren barne prozesuaren lehen zati horretan, Joseba Egibar eta Itxaso Atutxaren neurriko buruek kargua utzi zuten alderdia berritzeko helburuarekin bat. Horien aurretik, Jaurlaritzako lehendakari izaten jarraitzeko hautagaitzatik Iñigo Urkullu bera ordezkatu zuen Ortuzarren EBBk.
Batera edo bestera, ezustea hor dago agintari jeltzaleen artean, baina baita uste zabaldu bat ere: bigarren hautespen aldia hasi baino lehen —otsailaren 10etik 26ra bozkatuko dute Uri Erakundeetan—, Ortuzarren eta Estebanen artean adostasun batera iritsiko dira, bakarrik batek egin dezan aurrera EBBko buruzagi izateko lasterketan. EAJko militantzia ondorio ezagunik gabeko hautaketa prozesu baten aurrean jarriko luke beste aukerak.
Gaur-gaurkoz, ordea, ezin da baztertu Esteban bigarren hautespen aldian lehiatzea; batetik, haren jarrera norabide horretan doalako oraingoz, eta, bestetik, Ortuzarren eta Estebanen arteko akordio batek ere arriskuak izan ditzakeelako, Estebanen alde egin duten afiliatuen artean eragin dezakeen dezepzioari begira. Ba ote dago tartetik oraindik bietako batek atzera egin dezan? Egun gutxi barru jakingo da.
Olano eta Lekue
Bi aste iraun duen lehen aldia igandean amaituko da, eta, otsailaren 9an, bigarren fasera pasatuko diren hautagaien zerrenda kaleratu du Aberri Berme eta Zaingo Batzordeak. Hori baino lehenago jakinarazi beharko du Estebanek bere erabakia, Espainiako Kongresuko eledun jeltzaleak deliberazio bat hartu beharko baitu datorren astean ezinbestean: jarraitu ala utzi, kale edo bale. Kontuan hartu behar da, gainera, ez direla bateragarriak EBBko burukidearen kargua eta Espainiako Kongresuko diputatuarena. Hau da, aukera urruna da Esteban EBBko presidente ez baina EBBko burukide izatea.
Bestalde, ez da ahaztu behar Ortuzar eta Estebanez gain beste zenbait hautagaik ere EBBko kideak izendatzeko bigarren hautespen aldian lehiatzeko aukera izango dutela, batzokietan horretarako bermeak lortu baitituzte —gutxienez hirutan gailentzea—. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi eta egungo legebiltzarkidea da horien artean indar handiena hartu duena, Gipuzkoan babes zabala lortu baitu. Uri Erakundeen bozketen emaitzak ez ditu kaleratzen alderdiak, eta, batzoki batzuetan gertatutakoa jakina den arren, ez dago emaitzen inguruko informazio oso bat. Hala ere, esan bezala, Ortuzar gailendu da lehen aldian, nahiz eta Gipuzkoan ez duen hark lortuko boto gehien.
Buruzagi jeltzaleen artean uste zabaldua dago Ortuzar eta Esteban adostasun batera iritsiko direla, bakarrik batek egin dezan aurrera bigarren fasean. Baina gaur-gaurkoz ezin da baztertu bien arteko aurrez aurreko bat izango denik, EAJn erabat aparteko egoera litzatekeen arren.
Horiek horrela, Olanok ere bere erabakia hartu beharko du, eta litekeena da bigarren hautespen aldirako EBBko burukide izateko baizik ez aurkeztea bere burua, presidentetzarako lehia arriskutsua alde batera utzita. Xabier Arzalluzen hautagai Joseba Egibarren eta Josu Jon Imazen arteko norgehiagoka gogorraz geroztik, 2003an, EBB osatzeko prozesuak lasai eta baketsu joan dira, lurraldeen arteko orekak oinarri hartuta, eta zaila da aurreikustea orain egonkortasun hori hausteko mugimendurik.
Bigarren aldian ariko den beste bat Eneko Lekue da, iazko urtearen hondarrean Bizkaian eta —batez ere— Araban azaleratu zen ildo kritikoaren hautagaia: Etxebarriko (Bizkaia) zinegotziak baditu nahikoa garaipen batzokietan bigarren fasean lehiatzeko, baina ez da Uri Erakunde askotan gailendu, eta haren aukera apala dela esan daiteke, behinik behin ez badu lortzen Ortuzarren aurkako ezinegona bereganatzea bigarren fasean.
EBBko presidentea eta beste zortzi burukideak martxoaren 29ko eta 30eko Batzar Nagusian izendatuko dituzte. Lurraldeetako zuzendaritzetako bost buruek osatuko dute datozen urteetan EAJ gidatuko duen mahaia. Zuzendaritza berriak erabaki garrantzitsuak ditu zain, estatus berriaren eztabaida abian baitago jadanik, besteak beste.