Azken asteetan, EAJren lurralde zuzendaritzak berritzeko prozesuek eskuratu dute arreta, jada hasiak baitira marrazten ABB, BBB, GBB, NBB eta IBBren osaketa berria. EAJren zuzendaritza sakon berritzeko prozesuan aurrea hartu dute lurralde prozesuek, eta azkenerako utzi dute afiliatuen artean eta alderditik kanpo ere interes handia piztu duen aldagai bat: EBBren berritzea, eta, zehazki, zuzendaritza berri horretan zaharrak berri izango ote diren, hau da, Andoni Ortuzarrek jarraituko duen argitzea.
EAJko presidentea denbora irabazten ari da irailaz geroztik, eta ez dio erantzun galdera horri. Are, zalantza hori ez du argituko lurralde zuzendaritza berriak izendatuak egon eta EBBren prozesua hasi arte. Eman duen azken elkarrizketan (TVE), San Sebastian egunaz aritu da Ortuzar, bere erabakia noiz jakinaraziko duen galdetuta. «Danborradarekin iritsiko da», esan du elkarrizketa horretan; hots 2025eko urtarrilaren 20aren inguru horretan.
EBBko buruak lurralde zuzendaritzen osaketa ikusi nahi du azken erabakiaren berri eman aurretik. Edonola ere, Ortuzarrek hartua du erabakia; hala ziurtatu du, eta aditzera eman dagokion garaian jakinaraziko duela. Badira, ordea, aldagai batzuk aztertzeko, EAJren barne prozesua apartekoa izan baita orain arte. Ez beti, baina azken hamarkadan behintzat, lurralde zuzendaritzen aurretik berritu dute EBB. 2016an eta 2020an, lurralde zuzendaritzak eratu baino lehenago izendatu zuten Ortuzar. Orain, aldiz, ez.
Iturri batzuen arabera, martxan den prozedurak aukera emango dio Ortuzarri bere jarraipenaz aritzeko lurralde zuzendaritza berriekin. Nolanahi ere, berrikuntzaren izenean Iñigo Urkullu ordezkatzea erabaki zuen agintariarentzat eta EAJrentzat, oro har, ez litzateke erraza izango berrikuntzaren mezua helaraztea buruzagitzaren aurpegia aldatu gabe. Horregatik, jeltzale askok uste dute Ortuzarrek kargua utziko duela azkenerako.
«Irabazi egin du»
Baina, orain, inork ezin du ziurtatu hori gertatuko denik. EAJk eutsi egin die erakunde garrantzitsu ia guztietako gobernuei, PSErekin egindako itunari esker eta PPri esker Gipuzkoako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalean, nahiz eta boto asko galdu dituen azken hauteskunde zikloan —lau deialdi izan dira 2023tik 2024ra—. Jeltzaleen nagusitasun politikoa ezbaian da, baina Ortuzarrek «jarraitu nahi ote duen erabakitzeko aukera irabazi du», EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Diez Antxustegiren arabera; eta tesi horrekin bat egin dute agintari jeltzale batzuek, esaterako, BBBko presidente Itxaso Atutxak. Gogoratu behar da Ortuzarren agindupean lortu duela EAJk inoizko botere handiena erakundeetan.
Bestalde, EH Bilduk eta PSE-EEk ere martxan dituzte zuzendaritza berritzeko barne prozesuak. Arnaldo Otegik aspaldian iragarri du koordinatzaile nagusi gisa jarraituko duela baldin eta oinarriek hala erabakitzen badute. Eneko Anduezak, berriz, txalo zaparrada baten babesean espero du karguari eustea. Eta horiek horrela, badago beste aldagai bat EAJren barne prozesua baldintzatzen ari dena: estatus berriari buruzko eztabaida.
Eztabaida hori abiatu da jada, eta Ortuzarrek berak hartu du ekimena, gaiari buruzko elkarrizketa sorta bat sustatuz alderdien artean. Legealdi honetan estatutu berria adosten saiatuko direnez gero, EAJk ez du botere hutsune bat dagoelako itxurarik eman nahi. Horrek ere izan dezake garrantzia Ortuzarren azken erabakian; izan ere, EH Bildun Otegik jarraitzea espero den honetan, Sabin Etxean tentuz aztertuko dute ahul agertzeko aukerarik ote dagoen agintari guztiak aldatzen badira.