xabier martin

Ortuzar eta aldaketaren beharra

2024ko urriaren 13a
05:00
Entzun

Andoni Ortuzar kazetaria da ikasketez, baina denbora askoan egin du komunikazioaren beste aldean, albisteak eragiten dituen aldean, eta beharbada horregatik ez da lortzen ari Euzkadi Buru Batzarreko presidente gisa jarraitzeko duen aukerak piztu duen arreta amatatzerik. «Ez zaitzatela kazetariek kutsa. Ez galdetu niri zer egin behar dudan. Galdetu zeuen buruei, zer egingo duzuen alderdiaren mesedetan». John F. Kennedyren esaldi entzutetsuaren aldaera horrekin, argi utzi zuen Ortuzarrek, Alderdi Egunean, ez duela asmorik, oraingoz behintzat, iragartzeko bera izango dela ordezkatu behar direnetako bat EBB berritzeko prozesuan, BBBko buru Itxaso Atutxak egin berri duen moduan. Urte politikoaren hasieran, berriz, finkatu zuen «prozesuaren azken ondorioa» izango dela «nor egongo den EBBn»; bi aldagairen ondorio izango ei da: «Aurrena proiektua eta gero erakundea».

EBB baino lehenago lurralde zuzendaritzak berrituko dira, ordea, eta egutegi horrek badu bere garrantzia Ortuzarren jarraipen posible bat aztertzeko orduan. Azaroaren 24rako, izendaturik egongo dira Araba, Bizkai, Gipuzko, Napar eta Ipar Buru Batzarren zuzendaritza berriak, eta EBBkoa 2025eko martxo bukaeran izendatuko dute. Ortuzarrek, beraz, denbora nahikoa izango luke bere jarraipenaz aritzeko lurraldeetako presidente berriekin. Elkarrizketa batean esan du erabakia hartua duela, baina ez duela esango «ez duelako prozesuan eragin nahi».

Lurraldeetako prozesuen egutegia modu koordinatuan jakinarazi dute, eta horrek erakusten du EAJk batasun irudia erakutsi nahi duela korapilatsua izan daitekeen zeharkaldia hasi bezain laster. Baina egutegi horrekin nekez beteko da Ortuzarrek berak ezarritako prozedura. Proiektua zehaztuko duen eduki politikoen eztabaida bukatu baino askoz lehenago izendatuko baitituzte lurralde zuzendaritzak. Ez beti, baina azken hamarkadan behintzat, EBB lurraldeen zuzendaritzen aurretik berritu dute. 2016an eta 2020an, lurralde zuzendaritzak eratu baino lehenago izendatu zuten Ortuzar. Orain ez.

Andoni Ortuzar, Alderdi Egunean, Forondako zelaietan. L. RICO / EFE
Andoni Ortuzar, Alderdi Egunean, Forondako zelaietan. L. RICO / EFE

Idatzi gabeko ituna

Pandemia ostean, berrikuntza haizea harro dabil euskal politikan, betiko errezetak —eta aurpegiak— ez baitira balekoak izurriarekin batera azaleratutako zauri sozial sakonei aurre egiteko. Udal, foru eta erkidego gobernuetan, agintari jeltzaleen artean egindako berrikuntza nahikoa izango ote da aldaketaren behar hori asetzeko?

EAJk bakarrik ez, EH Bilduk eta PSE-EEk ere barne prozesuak martxan dituzte zuzendaritzak berritzeko. Arnaldo Otegik aspaldian iragarri du koordinatzaile nagusi gisa jarraituko duela, baldin eta oinarriek hala erabakitzen badute; aditzera eman dute koalizio abertzalearen Mahai Politikoan, ordea, belaunaldi errelebo nabarmena datorrela. Eneko Anduezak, berriz, txalo zaparrada baten artean espero du kargua berritzea. D'Hondt legeak zorionekoa egin zuen Andueza boto gutxiren aldearekin bi legebiltzarkide eman baitzizkion PSEri, Eusko Legebiltzarrerako apirileko bozetan.

Eta Ortuzar? Jarraituko ote du hark ere? Berrikuntzaren izenean Iñigo Urkulluren erreleboa erabaki zuen agintaria denbora irabazten ari da irailaz geroztik. Aldaketaren aldarean, EBBn bere aurrekoa izan zenaren sakrifizioa eskaini zuenak ezin die alderdikideei eman Otegik baduen berme bat: inoizko hauteskunde emaitza onenak eta hazten ari den proiektua. Anduezak erakusten duen goranzko joera ere ezin du erakutsi. Baina EAJk erakunde garrantzitsu ia guztien gobernuei eutsi die, PSErekin egindako itunari esker, nahiz eta boto galera oso handia izan duen azken hauteskunde zikloan —lau deialdi, 2023tik 2024ra—. Jeltzaleen nagusitasun politikoa ezbaian da, edonola ere.

Halakoa da Ortuzarrek aurrez aurre lukeen erresistentzia, hala oinarrietan nola erreleboaren zain dauden zuzendaritzakideen artean. Batera edo bestera, Ortuzarrek jarraitzeko asmoa duela zabaltzen ari da alderdiaren barruan. Josu Jon Imazen irteeraz geroztik bada idatzi gabeko itun bat EAJn, lurraldeen arteko autonomia babesteko —GBBren eta BBBren artekoa batik bat— eta akordio horrek azaldu lezake lurralde zuzendaritzen prozesuen azkartzea, presidente berrien arteko negoziazioa bideratze aldera. Jokaleku horretan, Ortuzar EBBren gidaritzan jarraitzeko aukerari eusteko moduan legoke, bozen emaitza txarren itsaso zakarrean, ainguraren rola joka baitezake hark; are gehiago estatus berriaren eztabaidak PSE bazkidearekin tirabira handiak eragin ditzakeen aroan. Buruzagi gorenen berrikuntza erakundeetarako geratuko litzateke kasu horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.