Alderdi Eguna

Ortuzar: «EAJk euskal gizarteari bere helburuak lortzen lagunduko dion autogobernua aldarrikatzen du»

EAJk ezohiko Alderdi Eguna ospatu du gaur Forondan; 1.300 lagun inguru elkartu dira. Nagusiki autogobernua izan dute hizpide, eta Iñigo Urkulluk «inoizko aurrekontu handienak» iragarri ditu.

Andoni Ortuzar EBBko presidentea, gaur Forondan egin duten ekitaldi politikoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 26a
16:09
Entzun

«Gizarte oparo batera eramango gaituen autogobernua eraikitzea, gizartea behar bezala zaintzeko, herri iraunkorra izateko, abegitsua. Euskadi burujabea». Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak hala hitz egin du gaur autogobernuaz Forondan (Gasteiz), EAJk ospatu duen 45. Alderdi Egunean. Izan ere, autogobernua izan da buruzagi jeltzaleek ahotan gehien izan duten hitza gaur.

Ez da aipatutako gai bakarra izan. Besteak beste, Ortuzarrek iragarri du hurrengo hilabeteetan abian jarriko dutela «gure gizarteari entzuteko plan bat»: «Uste dugu jakin badakigula zer egin behar den eta nola egin behar den, baina garrantzitsua ere bada gizarteari galdetzea zer nahi duen eta gugandik zer espero duen», esan du EBBko presidenteak.

Ortuzarren arabera, hainbat helburu ditu prozesu horrek. Garrantzitsuena da hainbat erronkari «bultzada erabakigarria» ematea, eta adibide horietako batzuk zehaztu ditu: erakundeen eta esparru politikoen digitalizazioa; klima aldaketa; iraunkortasuna; eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna; baita krisi demografikoari erantzutea eta ongizate estatua indartzea ere.

Esan bezala, ordea, nagusiki autogobernuaz jardun du jeltzaleen buruak. «Lifting bat egingo al diogu gure autogobernuari gazteago egiteko, eta kito?», galdetu du. Horren ordez «bidezko autogobernua» aldarrikatu du, «Euskadiri eta euskal gizarteari bere helburu pertsonal eta kolektiboak lortzen lagunduko diena, euskal herritarrenak eta Euskal Herriarenak».

Ortuzarren ostean hartu du hitza Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta bide beretik jo du. Iaztik «birzentralizazio eta eskuduntzen ahultze prozesu bat» izan dela salatu du, baina aldi berean azpimarratu du Espainiako Gobernuak lehen aldiz Gernikako Estatutua osorik betetzeko hitza eman duela. «Itun politiko berria» adosteko aukeraz hitz egin du lehendakariak: «Gure nazio errealitatea aitortuko du, baita euskal autogobernuaren berezitasuna ere; estatuan aldebiko harremana finkatuko du, eta Euskadi Basque Country kontzeptuaren presentzia eta nazioarteko proiekzioa ahalbidetuko du”, azaldu du.

Pandemiak baldintzatuta

Aurretik, pandemiaz jardun du Urkulluk; zehazki, haren amaieraz: «Gaur, funtsezko zerbitzu guztien lanari, dedikazioari eta eskuzabaltasunari esker, osasun larrialdia bertan behera uzteko momentura hurbiltzen ari gara, etapa berri bat hasteko. Lortuko dugu Euskadi ekonomikoki eta sozialki suspertzea». Horretarako, gainera, «gure historiako aurrekontu proiekturik handiena» aurkeztuko dutela iragarri du: «Sozialena, inbestitzeko gaitasunik handienarekin», amaitu du.

Bi buruzagien aurretik Aitana Agirre EGI gazte antolakundeko kideak hitz egin du Forondan. Hark euskararen garrantzia azpimarratu du, eta erabakitzeko eskubidearen alde hitz egin ere bai: «Hitzak eta erabakiak herritarrena izan behar du, modu demokratiko eta baketsuan gauzatua».

Pandemia dela eta, ez da ohiko alderdi egun bat izan, baina 1.300 lagun inguru elkartu dira Gasteizko ekitaldi politikoan. Hasieran, lore eskaintza bat egin diete Euskal Herrian COVID-19ak eragin dituen biktimei; jarraian, ikurrina jaso dute; eta, hitzaldien aurretik, Euzko Abendaren Ereserkia abestu dute. Pandemia aurreko Alderdi Egunetan, hainbat txosna jarri ohi zituzten jeltzaleek Forondako zelaietan, eta milaka lagun elkartu ohi ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.