18/98 sumarioa. Azken presoa

Orrialde beltza, igarotzear

Bihar askatuko dute Joxean Etxeberria, 18/98 sumarioko azken presoa. Hala amaituko da gatazkaren ekinbide judizialean lorratza utzi zuen prozesua

jon olano
2018ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
«Menderatze nazionala». «Eskarmentu epaiketa». 2005eko martxoan, Francisco Letamendia Ortzi Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasleak hitz horiekin deskribatu eta lotu zituen Euskal Herriaren historia garaikidean oihartzun handia izandako bi epaiketa: Burgosko Prozesua (1970) eta 18/98 sumarioa. Eskarmentua, 18/98aren kasuan, ETAren jardun armatuaren aurkako ekinbide judiziala esparru politiko eta sozialera zabaldu zutelako Espainiako Gobernuak eta botere judizialak.

Makrosumario esamoldea gizarteratu zuen auzi horren azken presoa irtengo da bihar Soriako kartzelatik (Espainia): Joxean Etxeberria. Enpresak atalean zigortu zuten, eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Txema Matanzas abokatu eta presoa joan den astean libre geratu ostean, eta Nekane Txapartegiren zigorra preskribatutzat jota, Etxeberriaren irteerak jarriko dio amaierako puntua euskal gizartea inarrosi zuen prozedura horri.

«DENA DA ETA»

Kontakizun baten sorrera

1998. Lizarra-Garaziko akordioa sinatu aurreko hilabeteetan garaian abiatu zen prozesu judiziala; «herri gisa jarduteko itxaropena zabaltzen ari zen» unean, abenduaren 24ko BERRIAn Iñaki O'shea, Teresa Toda, Xabier Alegria, Miriam Campos eta Inma Berriozabal auzipetuek azaldu zutenez: «Hor kokatu behar da Euskal Herriaren eraikuntza lanetan ziharduten antolakundeen kontra abiatu zen erasoa». Erakunde politiko eta sozial ugari ETAren aginduetara ari zirelako eta, horrekin, haren parte zirelako kontakizuna sortu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko orduko epaileak. Dena da ETA esan zitzaion tesi horren lehen pauso bat emana zuen 1997an, Herri Batasunaren Mahai Nazionala espetxeratzean, baina jauzia egin zuen 18/98arekin.

Legearen interpretazio paradoxiko bat bultzatu zuen tesi horrek: gerta liteke norbait ETAko kide izatea, hark jakin gabe. 2007ko abenduan, lehen zigor epaia ezagutu berritan, «gerra zuzenbidetzat» jo zuen ikuspuntu hori Jaume Asens Bartzelonako Abokatuen Elkargoko kide eta gaur egun Bartzelonako alkateorde denak: «Ordura arte, ETAko kide edo laguntzaile izateko, beharrezkoa zen erakunde armatuarekin harreman zuzena izatea. Sententziaren ondoren, nahikoa da interpretatzea ekintza politiko edo sozialek ETAren helburuei mesede egiten dietela horiek delitu terroristatzat jotzeko».

Egin egunkariaren eta Egin irratiaren itxierarekin jarri zuen martxan Garzon epaileak sumarioa, 1998ko uztailean. Kazetako zuzendari Jabier Salutregi, zuzendariorde Teresa Toda eta administrazio kontseiluko kideak atxilotu zituzten. Egunkaria argitaratzen zuen Orain S.A. enpresaren aurka jo zuen, ETAk «erabat» kontrolatzen zuelakoan. Kazetaren aurkako operazioaren izaera politikoa agerian utzi zuen Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko orduko presidenteak 1998ko uztailaren 23an esandakoak: «Norbaitek uste zuen ez ginela ausartuko Egin ixtera?».

Aurrez, ordea, Garzonek abiatua zuen zenbait enpresaren aurkako ekinbidea:instrukzio epaileak nabarmendu zuen Gadusmar, Untzorri, Ganeko eta Itxas Izarra enpresak KASen menpekoakzirela eta ETA diruz laguntzen zutela.

Pieza gehiago erantsi zizkion gero ikerketari; Ekinen kontrako operazioan hogei lagun atxilotu zituzten 2000an, eta, Xaki nazioarteko harremanetarako elkartearekin batera, ETAren «bihotz» jo zuen Auzitegi Nazionalak; Joxemi Zumalabe fundazioa, berriz, erakunde armatuaren «laguntzaile».

Akusazio amaraunak sektore ugaritako langileak auzipetu zituen: irakasleak, kazetariak, euskalgintzako beharginak, alkate ohiak... besteak beste, Jexux Mari Zalakain eta Mario Zubiaga EHUko irakasleak, Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia eta Pablo Gorostiaga eta Laudiokoa, Iñaki Zapiain Egin-eko administrazioko burua, Sabino Ormazabal militante ekologista eta antimilitarista, Elena Beloki Xakiko kide ohia, Karlos Trenor abokatua eta Joxe Mari Olarra HBko Mahai Nazionaleko kide ohia.

EPAIKETA

Akusatuak, babesgabe

2005ean ekin zioten ahozko epaiketari; sumarioa martxan jarri eta zazpi urtera. Defentsako abokatuek berehala salatu zituzten akusatuen babesgabetasuna eta epaimahaiaren jarrera. Horren erakusle dira Auzia Auzidokumentaleko lehen hamar segundoak. Elkoro ageri da deklaratzen: «Egin-en proiektuaz hitz egiteko, jakin behar dugu zein egoeratan bizi ginen garai horretan Euskal Herrian». Moztu egin zuen Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaileak: «Ez da beharrezkoa zure defentsarako».

Epaiketan azalpenak emateko aukeraz mintzo zen dokumental horretan bertan Miriam Campos Xaki ataleko auzipetua, baina horretarako trabak kritikatu zituen hark ere: «Gu saiatzen gara azaltzen zer den Euskal Herria, nola bizi garen, nola parte hartzen dugun eguneroko dinamikan... eta hori ulergaitza da haientzat».

Auzia sekretupean izateak ere oztopatu zuen defentsako abokatuen lana. Bi urte eta erdiz egon zen sekretupean atal nagusiari buruzko ikerketa; bi urtebaino gehiago Ekin eta Joxemi Zumalaberi buruzkoak. Sekretua kenduta, agirien fotokopiak egitea galarazi zien Garzonek, eta frogen desagerpenaz ohartarazi zuten abokatuek. Euskaraz deklaratzerakoan ere, oztopo ugari izan zituzten itzulpenarekin epaiketan.

Tortura testigantzak presente izan ziren epaiketan: Nekane Txapartegi, Xabier Alegria, Xabier Arregi eta Mikel Egibarrenak. Murillo epaileak, ordea, ez zien sinesgarritasunik eman salaketa horiei. 39 orrialde eskaini zizkion gaiari Auzitegi Nazionaleko epaiak, eta ondorioztatu auzipetuek ez zutela frogarik aurkeztu: «Deskribatutako gertaera basatien errealitateari buruzko susmorik ere ez dago», dio Txapartegiren testigantzaz: «Ezer ez, ezertxo ere ez da agertzen auzibidean horri buruz».Isidro Murga auzipetuarentzat, ordea, «ahozko epaiketa bera gogorragoa izaten ari zen espetxean igarotako bost hilabeteak baino». Nazio Batuen Erakundearen Torturaren Aurkako Batzordeak informazioa eskatu berri dio Espainiari Txapartegiren aurkako torturengatik.

Hamasei hilabete iraun zuen epaiketak, eta kostu bakarra ez zen izan Euska Herriaren eta Madrilen arteko joan-etorriena: instrukzio aldiak iraun zuen bitartean hil ziren Antxon Ollokiegi, Gorka Martinez, Jokin Gorostidi eta Jose Ramon Aranguren.

EBAZPENAK

Lehen instantzian, 525 urte

2007ko abenduaren 19an heldu zen Auzitegi Nazionalaren epaia: guztira, 525 urteko espetxe zigorrak 47 laguni. Handiena, Elkorori: 24 urtekoa. 1.182 orriko sententzian, epaimahaiak ebatzi zuen ezein auzipetuk ez zuela armarik erabili, baina norbere elkartean ETAren menpe aritu zirela. Akusatuak banan-banan hartuta, ez zieten delitu edo ekintza jakinik leporatu. Areago, epaiak aitortu zuen zilegi zela delitu ekintzak egin aurretik zigortzea: «Besterik gabe, aldez aurreko tutoretza arbitratzea da kontua, arrisku delitu gisa, ondasun juridikoetan egin litezkeen kalteak direla eta».

Atalka, KASi egotzi zion «ETAren barrunbeen parte» izatea, eta Ekini, berriz, «KASen mozorro» gisa aritzea. Xaki «ETAren nazioarteko harremanetarako aparatutzat» deskribatu zuen, eta Joxemi Zumalabe fundazioari leporatu zion «laguntza erabakigarria» eman izana ETAri: «Izan ere, desobedientzia zibila beste borroka modu bat izateko sortu zen, erakunde kriminalaren adar armatuak, masa fronteak etafronte mediatikoak eginiko borrokaren osagarri».

Akusatuek Auzitegi Gorenera jo zuten, eta 2009ko maiatzean eman zuen hark ebazpena; auzipetu guztiei murriztu zizkien zigorrak. Alegriari ezarri zioten zigor handiena, 12,9 urtekoa, eta absoluzioa eman zien Joxemi Zumalabe fundazioko zortzi auzipetuei. Horrekin batera, legez kanpokotzat jo zituen KAS, Ekin eta Xaki. Aldiz, ebatzi zuen Egin-en itxiera ez zela legezkoa izan, kazeta isilarazi eta 11 urtera.Epaiaren berri eman aurretik hasi zirenEspainiako Polizia eta Guardia Zibila aske zeuden zigortuak atxilotzen.

18/98+

Bide baten lehen pausoa

Sumarioak bide bat zabaldu zuen Espainiako jurisprudentzian, baina baita kritikak piztu ere. Amnesty Internationalek Espainiari egotzi zion «legezkotasun eta segurtasun juridikoaren printzipioak» urratu izana, «jarduera terroristetan kolaboratzeari» buruzko Zigor Kodeko artikulua «zabalegia» zelakoan.

Kritikak kritika, auzia ez zen izan Dena da ETA dotrinaren adibide bakarra. Akusazio berarekin egin zituzten Jarrai, Haika eta Segi gazte antolakundeen aurkako operazioak, Euskaldunon Egunkaria-ren aurkakoa 2003an, eta, urte berean, Udalbiltzaren kontrakoa. Baita Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren aurkako 33/01 sumarioa eta Batasunaren aurkako 35/02a ere.

GIZARTEA BABES

Elkartasun oldea

Auzipetuek izan zuten babesik, halere: manifestazioak, itxialdiak, lanuzteak, Bat Egin Eguna, 15.000 lagun ingururen atxikimendua jaso zuen autoinkulpazio kanpaina bat... elkartasun ekintzak ugaritu egin ziren hainbat esparru eta herritan. Horiez gain, eskubide politiko eta zibilen defentsa sozializatzeko helburuarekin, Kaiera ibiltaria abiatu zuten, nahi zuen orok bere gogoeta han utzi zezan. Kultur arloan, berriz, disko bat argitaratu zuten musikari eta kantari ugarik, auzipetuei diruz laguntzeko.

Mariano Ferrer kazetaria izan zen 18/98aren aurkako dinamika sozialaren bozeramaile nagusietakoa. Hark jarrizion ahotsa 2005ean Bilbon epaiketak etetearen alde eginiko manifestazio amaierako mezuari: «Ez gaude hemen auzipetuen ideiak defendatzeko, baina bai babesteko haien eskubidea ideia horiek izateko, demokratikoki babesteko eta horregatik kriminalizatuak ez izateko, beste batzuei gustatzen ez zaizkielako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.