Orreaga taldeak deituta, dozenaka lagun elkartu dira Pasaian (Gipuzkoa), Askatasunaren Eguna ospatzeko. Aurtengoan, Nafarroa, euskaldunon estatua 824-2024 lelopean egin dute, Orreagako guduaren 1.200. urteurrena baliatuta. Ekitaldian, «estatu independente, bateratu eta burujabe» baten aldeko deia egin dute, «askatasuna berreskuratzeko».
Orreagako gudan «Euskal Herriaren alde hildakoak» omentzeko, lore eskaintza egin dute. Ekitaldi politikoko hitzaldian, berriz, gogoratu dute Orreagako garaipenaren ondoren Iruñeko erresumako buruzagi izendatu zutela Eneko Arista, «gure ezaugarri nazionalen garapena eta iraupena ziurtatzeko lehen egitura politiko estandarizatua» gida zezan.
Orreagan borrokatu zirenen eredua jarraitzera deitu dute ekitaldian: «zapalkuntzaren kontzientzia zabaltzea, erresistentzia indarra batzea, eta askapenerako politika marraztu eta aplikatzea», Madrilen eta Parisen «satelizaziotik ateratzeko». Helburu hori lortze aldera, ezinbestekotzat jo dute «gaurko errealitatearen kontzientzia izatea»; hau da, Euskal Herriari «estatua desegin» diotela eta «herri okupatu bat» dela abiapuntu gisa finkatzea.
Euskal Herriko alderdi politikoen jokabidea kritikatu dute alde horretatik. «Euskal politikariak deitzen diren horiek Madrilek eta Parisek gu lokartzeko ezarri dizkiguten erakundeen kudeaketan denbora galtzen ari dira. Historiak erakutsi digu bide hori antzua dela». Salatu dutenez, «EAJk, Sortuk eta GKSk Euskal Herritik kanpo kokatzen dute subjektu politikoa, eta sasi-ideologia horrek ondorio politiko konponezinak ditu: hala nola nazio gisa eta okupatutako estatu gisa dugun existentziaren ikusezintasuna. Existitzen ez bagara, ez dugu eskubiderik, eta, beraz, ez dugu autodeterminazio eskubiderik».