Herrikideen arteko otordu bat izan zitekeen, beste edozein bezalakoa. Ostegun eguerdian, Legorretan (Gipuzkoa). Baina otordu sentitua da. Joxe Lasak gonbidatu ditu bazkaritara bost herrikide. Erantzukizuna sentitu du: Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortu ditu seiak, eta Lasak kalte-ordain ekonomikoa ere jaso du. «Diru hori denena jotzen dut nik, ez nirea bakarrik». 1975ean atxilotu zituzten seiak, eta torturatu. Lasa espetxean ere egon zen, Legorretako paper lantegiko grebaren harira. 91 urte dauzka. Ordutik 50 urte betetzear direla, eta biktima izendatuta, erreparazio gisako otordua izan da, gertatutakoak oroitzekoa, eta etorkizunari begira jartzekoa. Ondorengoek ere jakin dezaten zer gertatu zen.
Sei legorretarrek joan den urrian eman zuten testigantza Eusko Jaurlaritzaren balorazio batzordearen aurrean. Apirilean iritsi zitzaien ebazpena: batzordeak aho batez proposatu zuen seiak motibazio politikoko biktima izendatzea, eta hala egin du Eusko Jaurlaritzak. Gutun bat ere igorri die Giza Eskubideetako sailburuordeak, Jose Antonio Rodriguez Ranzek, eta hau dio, besteak beste: «Oso berandu iritsi den arren, merezitako aitortza da, eta espero dut jasandako bidegabekeria eta sufrimendu handiaren ordaina izatea, neurri batean behintzat». Batzordearen txostena helarazi diete, eta emandako testigantza, bideo batean.
«Jo egiten ninduten: belarrondokoak, barrabiletan ostikoak, hanka-zainetan ere bai... Eta eskuak bizkarrean lotuta edukitzen ninduten».
JOXE LASATorturaren biktima
Prozesua ixteko azken pausoa izan da otordua. «Elkarbanatzekoa», Lasaren esanetan. Ez dira biktima izendapena jaso duten legorretar bakarrak: seiak joan ziren urrian batzordean deklaratzera, baina aurrez ere izan ziren beste batzuk. Hamarkadetako zauriaren ikur.
Paper lantegiko greba
50 urte atzera. Legorretan bazen paper lantegi handi bat, Echezarreta, eta hango langilea zen Lasa. «Sindikatu Bertikala zegoen orduan. Ni luzaroan egon nintzen zinpeko modura. Sindikatu Bertikalean parte hartuz esperientzia handia jaso nuen han gertatzen zenari buruz». Gazte jendea sartzen hasi zen enpresan. «Ikusi zuten zer girotan bizi ginen lantegi hartan. Esan zuten hori ezin zela onartu, eta sindikatuaren aurka borroka egin behar zela». Asanblada bat antolatu zuten, eta grebara jotzea erabaki zuten langileek. 1974ko abendua.
Grebako erresistentzia kutxa kudeatzea egokitu zitzaion Lasari. «Langile asko gertatzen ziren diru beharrean, eta hortik ordaintzen zitzaien». Nondik ateratzen zuten dirua? Ahal zuten langileek jartzen zuten, beste enpresa batzuetako langileek ere bai, eta Elizatik ere jaso zuten. «Nik jasotzen nuen dirua. Batzorde batek ikusten zuen zer premia zeuden langileen artean, eta haren erabakiaren arabera ematen nuen dirua nik».
«Itotzeko sentsazioa daukazu: ezin zara mugitu, dena helduta zaude, eta ematen du ito egin behar duzula».
MARI KARMEN ALTUNATorturaren biktima
Luze jo zuen protestak, bost hilabete. Tentsio handiko garaiak izan ziren. Apirilean, grebaren azkenetan, Ordiziako Guardia Zibilaren kuartelera deitu zuten Lasa, eta atxilotu egin zuten. «Eta jipoitu». Lau lagun atzeman zituzten. «Poliziek esaten zidaten: ‘Zu ETAkoa zara’. Eta nik: ‘Ez dakit zertaz ari zaren’. Eta haiek berriro: ‘Zu ETAko kidea zara, eta ez esan ezetz’. Nik ukatu egin nuen, eta jo egin ninduten. Ukabilkada bat eman zidaten aurpegian, eta odola hasi zitzaidan sudurretik. Odola ez zen geratzen, eta tenienteak eraman ninduen; arraska batean, ur beroarekin, tapoiak jarri zizkidan».
Diru poltsa leihotik
Libre atera zen kuarteletik, baina ez luzerako. Aste gutxiren buruan, maiatzaren 7an, Polizia joan zitzaion. «Goizaldean, 02:00etan, modu basatian sartu ziren etxera. Goitik behera miatu zuten dena. Esaten zuten: ‘Zuk hemen armak edukiko dituzu’». Paperak ezkutatzea lortu zuen poliziak etxera sartzerako. Irribarre txikiz oroitzen du orain: «Ordu horretan ate-joka, segituan pentsatu nuen zein ziren. Etxean neuzkan diruak eta sarrera-irteeren paperak. Leihotik bota nituen auzokoaren balkoira». Emazteari abisatu zion, eta hark jaso zituen paperak gero, beste kide bati emateko. Lasa atxilotuta eraman zuten Donostiara.
Bost egun eman zituen Gobernu Zibilaren egoitzan. «Oso gogorra izan zen», hasi du kontakizuna. «Ziega txiki batean sartu ninduten. Argi txiki bat zegoen, eta esertzeko aulki bat». Etzateko lekurik ere ez. Ziegatik etengabe entzuten zituen garrasiak. Deklarazioak egitera beste areto batera eramaten zituzten. «Dozena erdi bat polizia egoten ziren: batek galdera bat, besteak beste bat… ETA gora eta ETA behera. Nik esaten nien nire eginkizuna zela greban diruaren gorabeherak eramatea, kontu ekonomikoak. Eta haiek ezetz». Eraso egiten zioten orduan. «Jo egiten ninduten: belarrondokoak, barrabiletan ostikoak, hanka-zainetan ere bai… Eta eskuak bizkarrean lotuta edukitzen ninduten».
Poliziek jakin nahi zuten nondik ateratzen zuten dirua greban aurrera egiteko. «Uste zuten dirua ETAtik zetorrela, eta etengabe esaten zuten etakideak ginela. Eta ezetz esandakoan, jipoiak». Izenak nahi zituzten. «Paper bat jarri zidaten aurrean, eta esan: ‘Jarri hemen asanbladetan parte hartzen duten guztien izenak’. Eta nik: ‘Nola jarriko ditut ba, herri osoak parte hartzen du eta. Herria gurekin dago’. Eta haiek ezetz, hori ez zela egia». Eraso gehiago.
100.000 pezetako isuna jarri zioten, greba bultzatzea egotzita. «Instigadores jarri zuten, instigadores!». Lasak ez zuen modurik dirutza hori ordaintzeko, eta kartzelan sartu zuten, Martutenen. «Legorretako festak ziren. Asko gogoratu nintzen etxekoekin. Benetan negar egiten nuen egoera hartan». Ia hilabete eman zuen espetxean, isuna kitatutzat jo zuten arte.
Ez zen han amaitu. «Herrira bueltatzean, enpresaren agiri bat jaso nuen, esanez kalean utzi nindutela. Hemezortzi lagun bota zituzten». Urtebete egin zuen langabezian. «Egoera larria izan zen. Eskerrak bi anaiak lagundu zidaten». Etxean ez baitzen beste diru sarrerarik. «Emaztea eta biok lantoki berean aritzen ginen, baina ezkontzean emazteak lantokia utzi behar izan zuen, Sindikatu Bertikalak hala ezarria zuelako». Herriko beste lantegi batean hasi zen azkenean. «Almazeneko langilea jubilatu zen, eta nagusiak esan zidan: ‘Badakit zein zaren, baina, nahi baduzu, etorri’». Urteak eman zituen: enpresa hartan erretiratu zen.
Tentsioa herrian
Paper lantegiko greba arrakastarik gabe bukatu zen, eta Legorretan giroa oso aztoratuta zegoen hurrengo hilabeteetan ere. «Herria bor-bor zegoen. Paper lantegiko borrokan ia herri osoa zegoen, eta hortik mugimendua sortu zen. Gehi politikaren inguruko guztia», kontatu du Karmele Gaztañagak. Hura ere biktima izendatu dute. «Momentu gogorra zen herrian».
«Hainbestetan egon gara elkarrekin geroztik, eta kontu hauek ez ditugu aipatu».
KARMELE GAZTAÑAGATorturaren biktima
1975eko urrikoa da hurrengo geltokia. Urriak 24, ostirala. «Bagenekien zerbait bazetorrela», hasi da Gaztañaga. Hiru egun lehenago, gizon bat tirokatua zuten guardia zibilek, atxilotzera joan eta ihes egiten saiatu zenean. Hilaren 24an ere nabari zen tentsioa. Axun Goikoetxearen kasuan, bikotekidea harrapatu nahi zuten. «Ezkutatuta zeuden herrian. Haien bila zebiltzan, eta guregana etorri ziren». Gaztañagaren kasuan, bi anaiarengatik egin zuten galdera. «Ez ziren agertu, eta libratu ziren». Bost emakume gazte hartu zituzten atxilo.
Ordiziako kuartelera eraman zituzten. Jende gehiago zegoen han. «Nire bikotekidearen aita eta anaia ere han zeuden, begiak gorri-gorri eginda», gogoratu du Goikoetxeak. Garajean eduki zituzten, «moto artean», Mari Karmen Plazaolak azaldu duenez. Soinu bat du gogoan Pepita Altunak: «Iturri bat betetzen bezala entzuten genuen. Pentsatzen genuen: ‘Bainera betetzen ariko dira’. Nola esaten zen bainera egiten zutela…».
Bainera ez, bidoi bat erabili zuten. Elkarrekin osatu dute kontakizuna. «Gerritik gora biluzik jarrarazi gintuzten», hasi da Gaztañaga. «Eta manta batekin bildu», erantsi du Mari Karmen Altunak. «Biren artean heldu, eta barrura», amaitu du Plazaolak. Herioa zen. Pepita Altuna: «Sartzen gintuztenean, aztalka hasten ginen, eta ezin zuten kontrolatu». Batzuei behin egin zieten, besteei bitan… «Niri bost aldiz. Itotzeko sentsazioa daukazu: ezin zara mugitu, dena helduta zaude, eta ematen du ito egin behar duzula», kontatu du Mari Karmen Altunak. Ez zen oihurik entzuten. «Ezin genuen garrasi egin. Erdi itota ateratzen ginen bidoitik, eta segituan berriro sartzen gintuzten».
«Gerrako kontuak jakitea asko kostatu da: guri ez ziguten transmititu. Gure bilobek jakin behar dute hau».
AXUN GOIKOETXEA Torturaren biktima
Izenak eskatzen zizkieten. Goikoetxea: «Bileretan zein egoten zen, nork hitz egiten zuen… Aurretik esana ziguten izenak galdetuz gero zein bi izen eman. Bi haiek joanak ziren, eta ez zituzten harrapatuko». Gaztañagak, berriz, gogoan du bereziki tresna bati buruz galdetzen ziotela: «Jakin nahi zuten multikopiagailua non zegoen. Inguruan propaganda asko banatzen zen, eta nabarmena zen bazegoela multikopiagailu bat. Eskerrak ez genekien non zegoen!». Plazaolak irribarrez kontatu du zer ibilera edukitzen zituzten propaganda haiekin. «Atxilotu gintuzten garaitsu hartan, etxean geneuzkan paper guztiak hartu eta trenbide azpian sartzen aritu ginen gau batean».
Egun bat egin zuten kuartelean, eta epaitegira eraman zituzten, Tolosara. «Isuna jarri ziguten», gogoratu du Gaztañagak. «Baina ez genuen ordaindu», erantsi du Plazaolak. «Amnistia etorri zen, eta hor bukatu zen».
Eta hor bukatu zen, ia gaur arte. «Esanguratsua da», dio Gaztañagak: «Hainbestetan egon gara elkarrekin geroztik, eta kontu hauek ez ditugu aipatu». Biktima izendatzeko prozesuak eman die aukera isiltasun hori puskatzeko, jasandakoak gogoratzeko. Mahaiaren bueltan elkarrekin itxi dute prozesua orain. Lasak beste pauso bat ere ikusi nahiko luke: torturaren errealitatea erakustea. «Tortura argitara ateratzeko eskatzen dut: torturak gure herrian izan duen dimentsio osoa agertzea». Hartara, hurrengo belaunaldiek ere izan dezaten horren berri, Goikoetxeak nabarmendu duenez: «Gerrako kontuak jakitea asko kostatu da: guri ez ziguten transmititu. Gure bilobek jakin behar dute hau».