Oroimenik gabeko eraikinak

Ezustekorik ezean, memoria lege berria onartuko du gaur Espainiako Kongresuak. Lege testuaren prozesuak mahai gainean jarri du errepresio gune izandako tokietan oroimena lantzeari buruzko eztabaida. Bartzelonako Udalak, esaterako, bere eskumenak baliatzen ditu plakak jartzeko.

Madrilen. Omenaldia 1808an Napoleonen armadari aurre egin zioten herritarrei. MARTXELO OTAMENDI EGIGUREN.
martxelo otamendi
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Donostian, Espainiako Poliziak Nortasun Agiriak eta pasaporteak egiteko bulegora doanak, bila ibili behar izan gabe, ikusiko du sarreran dagoen plaka bat «terrorismoak» Gipuzkoan hildako polizia nazionalen omenez. Meliton Manzanas torturatzailea lehena zerrendan. Espainiako Poliziak bulego hori zabaldu aurretik, urte askotan Gobernu Zibilaren egoitzan egiten ziren nortasun agiriak eta pasaporteak. Eraikin horren lurrazpiko bulegoak eta ziegak gogoan dauzkate Franco diktadorea hil aurreko antifrankistek eta abertzaleek; ondorengo askok ere bai. Espainiako Poliziaren tortura gunea izan zen urte askotan Gobernu Zibila. Amara plazan dago, eta eraikin horretan ez dago toki hori tortura lekua izan zela aitortzen duen adierazlerik. Ez plakarik, ez ezer. Manzanasek badauka; hark torturatutakoek, ez.

Meliton Manzanasen aipamena egiten duen plaka, Donostiako polizia etxean. Martxelo Otamendi Egiguren

Oroimen Demokratikoaren Legea onartuko du gaur Espainiako Kongresuak, azken orduan inork espero ez duen aldaketarik ez bada. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente zela, 2007an onartu zuten legeak zeuzkan hutsuneak betetzea, eta asmo horrekin egindako legea da gaur Espainiako Kongresuan onartuko dena.

ETAk hildakoen omenez oroigarriak jartzeko ohitura asko zabaldu da urteotan, kasu gehienetan udalek bultzatuta. Zer egin, ordea, errepresio gunea —atxiloketa, tortura, hilketa...— izan diren eraikinekin? Gehienak polizia etxeak eta kuartelak ziren. Horietako batzuk indar polizialen egoitza dira oraindik ere —Guardia Zibilaren Intxaurrondoko eta La Salveko kuartelak, Poliziaren egoitza nagusia Bartzelonan...—, eta beste batzuek erabilera zibila daukate orain —Madrilgo gobernu autonomikoaren oraingo egoitza frankismoan eta ondoren Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusia izan zen—.

Zer egin egoitza horiekin? Badute oroimenik errepresio guneak izan diren eraikin horiek? Heriotza eta tortura jasan duten biktimek merezi dute eraikin horietan gertatu zena jakinaraziko duen adierazlerik jartzea?

Bi eredu desberdin daude, bi jarrera desberdinek bultzatuta: Madril eta Bartzelona. Madrilgo Puerta del Solen erdi-erdian dago gaur egun Madrilgo lehendakaritza autonomikoaren egoitza den eraikina. 1977 arte Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusia izan zen, eta Poliziaren Zuzendaritza Nagusia 1992 arte. Demokrata, sindikalista eta antifrankista gehien torturatu diren lekua izan zen Espainian hamarkada askotan. Adibide bat jarrita, eraikin horretan torturatzen zuen antifrankisten izua zen Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño torturatzaile ezagunak.

Madrilgo lehendakaritza autonomikoaren egoitzan dauden plaketako bi, 2004ko atentatuen biktimak eta COVID-19ak hildakoak gogoratzeko. Martxelo Otamendi Egiguren

Egoitza horretan torturatu zuten hil arte Joxe Arregi etakidea, 1981eko otsailean. Eraikin horren fatxadan hiru oroigarri daude jarrita oso leku nabarmenean (ikus artikuluko argazki nagusia eta paragrafo honen gainekoa). Lehenak Napoleonen armadaren aurka 1808an altxatu ziren madrildarrei egiten die gorazarre. Bigarrena 2004ko atentatu jihadisten biktimen eta horiei lagundu zietenen omenez dago jarrita. Hirugarrenak, berrienak, COVID-19aren biktimak dauzka gogoan.

Ondorengo argazkian ikusten den hutsunea bezalako asko daude eraikin horren fatxadan. Alegia, nahi beste leku dago eraikin horren fatxadan hildako eta torturatutako antifrankistek jasan zituzten torturen berri emateko. Ez dute merezi, nonbait, biktima horiek horrelako omenaldirik. PSOEko presidente bat eta PPko sei eduki ditu Madrilgo autonomiak. Horietako inork ez du sentsibilitaterik eduki polizia egoitza horretan hamarkadetan errepresioa jasan duten milaka lagunekin. Luze itxaron beharko dute biktima horiek, Espainiako egoera politikoa ikusita. Madrilgo gobernu autonomikoaren jabetzako eraikina izanda, gobernu horren oniritzia beharko luke plakak.

Madrilgo lehendakaritza autonomikoaren egoitzako horman dagoen hutsuneetako bat. Martxelo Otamendi Egiguren

Bartzelonako erabakia

Oso bestelako eredua da Bartzelonakoa. Hiriburuko Via Laietanan dauka Espainiako Poliziak bere egoitza politiko nagusia. Azken urteotan, askotan agertu da egoitza hori komunikabideetan, Kataluniako buruzagi independentziazaleen zigorraren aurka egin ziren manifestazioen osteko istilu gogorrak zirela medio.

Madrilgo Puerta del Solen parekoa izan zen Bartzelonan polizia etxe hori. Kataluniako tortura gune nagusia, hori ere urte askoan. Via Laietanako eraikinean ez dago errepresio horren arrastorik. Aurkitu dio, hala ere, Ada Colau alkatearen udal taldeak irtenbidea. Eraikina Espainiako Gobernuaren egoitza denez gero, udalak ezin du ezarri fatxadan eraikin hori izan zena gogoratuko duen ezer, baina eraikinaren inguruan dauden espaloiak udalarenak dira.

Bartzelonako Via Laietanan poliziak torturatuak gogoratzeko dagoen plaka. Martxelo Otamendi Egiguren

Irizpide horren arabera, Bartzelonako Udalak espaloi horiek nahieran erabiltzeko eskumena dauka. Horixe egin zuen (goiko argazkia) Colauren udal taldeak 2019ko martxoan, alegia, egoitzatik 30 metrora dagoen espaloian eraikin hori zertarako erabili zen adierazten duen plaka bat jarri zuen, azalpena gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez eskainita. Argi adierazten du Franco aurretik ere —Primo de Riveraren eta II. Errepublikaren garaian—, izan zela errepresio eta tortura gunea. Eta horrela azaltzen du Francoren garaikoa: «1941etik demokrazia iritsi zen arte, frankismoaren jazarpen politikoaren gunea izan zen Bartzelonan. Oso osasun egoera kaxkarra zeukaten ziega beteetatik dozenaka antifrankista igaro ziren, galdeketetan era guztietako torturak jasan zituztenak...». Garbi, ulertu nahi duenarentzat.

Plakari bost bider egin diote eraso hiru urteotan, su ematen saiatu, pinturarekin estali, marrak egin... Alferrik, eraso bat egin dioten aldiro plaka berritzeko agindua emanda daukalako udalak. Poliziak ez du inor atxilotu bost eraso horiengatik, nahiz plaka polizia etxetik 30 metrora egon, eta inguruan Poliziak zazpi segurtasun kamera jarrita dauzkan bere egoitza babesteko.

Harriek, eta haiekin egindako eraikinek, oroimena daukatela dioen irizpideari jarraituz, Bartzelonan egindakoa oso baliagarria da gobernuek ezer egin nahi duten kasuetan, aukera ematen baitie udalei gobernuen borondatearen gainetik pasatzeko. Gobernuei legokieke beren jabetzakoak diren eraikinetan errepresioaren berri emango duten oroigarriak jartzea. Beste inork ezin baitu hori egin. Bartzelonan bezala, Espainiako Gobernuak ez badu nahi, aukera handia dauka udalak bereak diren espaloietan plakak jartzeko. Ez da legez kanpokoa plakan irakurtzen den testuak benetan gertatutakoa esaten badu. Historia fakultateetan erakusten dena jartzea ezin da delitua izan.

Bistan da eraikin horiek giza eskubideak urratzeko erabili dituzten poliziek eta horien urraketak ezkutatu nahi dituzten politikariek ez dituztela oso gustuko izango horrelako ekinaldiak. Espainiako Poliziaren sindikatu nagusi SUPek protesta agiria kaleratu zuen Bartzelonako plakaren berri jakin zuenean. Udalak, badaezpada ere, gauez jarri zuen plaka.

Zer egin dezakete erakunde publikoek, udalek batik bat, Euskal Herrian torturatzeko erabili diren eraikinekin? Non jarri ez da faltako, zerrenda luzea delako. Polizia etxe horietako batzuk eraitsita daude, eta haien orubean etxebizitzak eraiki dituzte. Beste kasu batzuetan, eraikina eraitsi ez, eta orain daukaten jardunak ez dauka zer ikusirik Poliziarekin edo errepresioarekin.

Kasurik larriena da, eta horregatik arantzatsuena eta ausardia politiko handia eskatzen duena, oraindik polizien egoitza operatibo direnena. Zer egin eta zer jarri —poliziaren uniformearen kolorea berdea, urdina edo gorria izan— oraindik zabalik dauden egoitza horiekin. Intxaurrondo da enblematikoena, torturaren eta hilketaren ikur bihurtu delako, eta zabalik dago oraindik. Ez dezala inork espero Espainiako Gobernuak kuartel horretan egindako urraketen berri emango duen plaka bat jartzea. Donostiako Udalak, Bartzelonakoak egin zuen bezala, aukera dauka bere jabetzako espaloian plaka hori jartzeko.

Meliton Manzanas torturatzaileak badu bere omenezko plaka polizien egoitzan. 500 metrora dagoen Gobernu Zibilean torturatzen zituen antifrankistak Manzanasek. Bere torturatuen aipamenik ez dago egoitza horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.