Memoria historikoa

Oroimenezkoaren inguruko hitzarmenari bide eman diote Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k

Elkarteak behin betiko onespena eman dio instituzioen proposamenari: 2021eko hitzarmena errespetatuko dute, fundazioaren estatutuen helburuak zuzenduko dituzte, eta biktima bat egongo da lehendakariordetza postuan

Martxoaren 3ko gertakariak oroitzeko manifestazioa, artxiboko irudian. ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko otsailaren 21a
13:36
Entzun

Ez aurrera ez atzera egon ondotik, Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k bide eman diote Biktimen Oroimenezko Zentroaren inguruan adostutako hitzarmenari. Elkarte memorialista horiek jakinarazi dute oniritzia eman diotela instituzioek urtarrilaren 26an bidalitako azken proposamenari, eta horrenbestez «itxitzat» jotzen dituztela memoria gunearen oinarriak ezartzeko abiatutako negoziazio prozesua eta azken asteotako «deiak, mezuak eta dokumentuak trukatzeko» fasea.

Azken asteotan katramilatuta egon dira 1976ko martxoaren 3an izan ziren gertakariak gogoratzeko Gasteizen eraikitzekoa den oroimenezkoaren estatutuen inguruko elkarrizketak. Izan ere, elkarte memorialistek salatu zuten instituzioek ez zietela aski denbora eman ekarpenak egiteko, eta, gainera, beren iritzia aintzat hartu gabe ondu zutela duela bi urte hitzartutako akordioa aldatzen zuen proposamen bat. Azkenean, baina, korapiloa askatzea lortu dute. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak urtarrilaren hondarrean egindako behin betiko proposamena onartzea erabaki dute Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k. Horiek horrela, bi elkarteek eta Gogora institutuak 2021ean hitzartutako akordioa sinatu eta martxan jarriko dute, eta biktimek ordezkaritza izango dute fundazioan.

Fundazioa eratzea ezinbesteko urratsa da Biktimen Oroimenezko Zentroa martxan jartzeko. Alde horretatik, akordioak hiru oinarri nagusi izango ditu. Batetik, 2021ean Gogora-rekin adostutako hitzarmena martxan jarriko dute, eta gehienez sei hilabeteko epean sinatu beharko dute. Bestetik, fundazioaren helburuei aipamen egiten dien artikulua aldatzeko prest agertu dira memoria elkarteak, eta, beraz, ontzat jo dute oroimenezkoak «ikuspegi dinamikoagoa» izatea eta «etengabe eguneratuko» dela dioen atala gehitzea, betiere xedea «egia, justizia, aitortza eta erreparazioa» baldin bada. Azkenik, Martxoaren 3ko biktima batek ez du fundazioaren ohorezko presidentetza kargurik beteko, baina, horren ordez, lehendakariordetza postuan Martxoaren 3ko biktima bat egotea onetsi dute elkarteek.

Azken boladan izandako ika-mikak baztertuta, Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k oroimenezkoa ahal bezain azkar zabaltzeko eskatu dute. «Erakundeei eskatzen diegu aurrera egin dezatela memoria gunearen sorreran, berehala eta akordioak errespetatuz, euren borondate politikoaren esku baitago», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.