Oroimenezko zentroaren inguruko korapiloa askatu dute

Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k instituzioen ekinbidea onartu dute. Negoziazioa «itxitzat» jo dute

Martxoaren 3ko biktimen alde 2021ean Gasteizen egindako manifestazioa. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ez aurrera, ez atzera egon ondotik, Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k bide eman diete Biktimen Oroimenezko Zentroaren fundazioaren estatutuei. Elkarte memorialistek jakinarazi dute oniritzia eman diotela instituzioek urtarrilaren 26an bidalitako azken proposamenari, eta, horrenbestez, «itxitzat» jotzen dituztela memoria gunearen oinarriak ezartzeko abiatutako negoziazio prozesua eta azken asteotako «deiak, mezuak eta dokumentuak trukatzeko» fasea.

Ikusi gehiago:Andoni Txasko: «Oroimenezko duin bat egiteko borondate politikoa eskatzen diegu»

Azken asteotan katramilatuta egon dira 1976ko martxoaren 3an izan ziren gertakariak gogoratzeko Gasteizen eraikitzekoa den oroimenezkoaren lankidetza hitzarmenari buruzko elkarrizketak. Izan ere, elkarte memorialistek salatu zuten instituzioek ez zietela aski denbora eman ekarpenak egiteko, eta, gainera, duela bi urte hitzartutako akordioa aldatzen zuen proposamen bat ondu zutela haien iritzia aintzat hartu gabe. Azkenean, baina, korapiloa askatzea lortu dute. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak urtarrilaren hondarrean egindako behin betiko proposamena onartzea erabaki dute Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k.

Akordioak hiru oinarri nagusi izango ditu. Lehena, 2021ean Gogora-rekin adostutako hitzarmena martxan jarriko dute, eta gehienez sei hilabeteko epean sinatu beharko dute. Bestetik, fundazioaren helburuei aipamen egiten dien artikulua aldatzeko prest agertu dira memoria elkarteak: ontzat jo dute oroimenezkoak «ikuspegi dinamikoagoa» izatea, betiere xedea «egia, justizia, aitortza eta erreparazioa» baldin bada. Azkenik, martxoaren 3ko biktima batek ez du fundazioaren ohorezko presidentetza kargurik beteko, baina, horren ordez, lehendakariordetza postuan martxoaren 3ko biktima bat egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.