Oroimenaren Institutua sortzeari oniritzia eman dio Eusko Legebiltzarrak

EA eta Aralar abstenitu egin dira, egungo proposamenaren hutsuneak nabarmentzeko asmoz

Aintzane Ezenarro, lege proposamenaren defentsa txandan. Rodolfo Ares, begira. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
Gasteiz
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak aintzat hartu du Oroimenaren, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeko lege proposamena. Proposamena sinatu eta babestu duten legebiltzar taldeek eta parlamentariek bozkatu dute alde: EAJ, PSE, Ezker Anitza eta Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe. Guztira, 59 boto alde. PPk eta UPDk kontra egin dute (14 boto). Eta EAko eta Aralarreko ordezkariak abstenitu egin dira (2 boto). Lege proposamena aintzat hartuta, orain lantaldera joango da, eta zuzenketak aurkezteko epea irekiko da. Lantaldetik osoko bilkurara itzuliko da berriro, azken oniritzia jasotzeko. Proposamenaren sinatzaileen asmoa da egungo legegintzaldian onartzea eta indarrean jartzea.

Lege proposamenaren defentsa egitean, Mikel Aranak (Ezker Anitza), Aintzane Ezenarrok etaIñigo Iturratek (EAJ) nabarmendu zuten indarkeria mota guztiak kontuan hartzen direla eta «oroimen bateratzailea» bultzatuko duela. Susana Corcuera PSE-EEren ordezkariak, berriz, gehiago nabarmendu zuen ETAren indarkeria. Frankismoa aipatu bazuen ere, PSE-EEko legebiltzarkideak ez zuen 1978ko Konstituzioaren ondoren estatuko polizia indarrek eragindako indarkeria eta sufrimendua.

UPDk eta PPk antzeko arrazoibideetan oinarritu zuten ezezkoa: «Institutu honek bakarrik balioko du ETAri argudioak emateko bere krimenak justifika edo azal ditzan».

EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak proposamenaren puntu batzuk ezbaian jarri zituen, abstentzioa azaltzeko unean. Hala ere, horrelako tresna bat beharrezkotzat jo zuen, eta zuzenketen prozesuan parte hartzeko prest azaldu zen. Desadostasunen artean izena aipatu zuen Agirrezabalak. Giza Eskubideen eta Bakearen Institutua deitzea proposatu zuen. EAren ustez, testuan gehiago nabarmendu behar da estatuaren indarkeria politikoa. «Hemen erantsi behar datestuan esaten ez dena, tortura, terrorismo parapoliziala, espetxe barruko eta kanpoko gehiegikeria polizialak». Halaber, institutuko ordezkari nagusia gobernuko kide bat izatea kritikatu zuen. «Institutua gobernu edo alderdi batena bada, hobe ez sortzea».

Aralarreko legebiltzarkide Dani Maeztu ere abstenitu egin zen, aurkeztutako testua, haren ustez, «inklusiboa izateko hutsune batzuk dituelako».

Memoria etikoa eta politikoa

Indarkeriaren zikloa «ixtear» dagoen garai honetan «elkarbizitza sustatzeko» ekimenak eta urratsak egin behar dira, eta «ezinbestekoa da memoria duen bakea eraikitzea», Aintzane Ezenarro legebiltzarkidearen ustez. Oroimenaren institutua, Ezenarroren esanetan, helburu hori betetzeko «baliabide egoki bat» da. Memoria aldarrikatu zuen Ezenarrok, biktimei zor zaien eskubidea delako gogoan hartzea, eta funtzio sozial eta politikoa betetzeko. «Ezin da esan 'gatazka politikoak hor irauten duen bitartean ez da bermatuko bake iraunkorra', ez. Bake iraunkorra bermatuko da, guztion artean beste kultura politiko bat sustatzen badugu, giza eskubideetan eta memorian oinarrituta». Halaber, Aintzane Ezenarrok memoria etikoa aldarrikatu zuen, baina baita memoria politikoa ere. Ezenarroren ustez, zenbaitzuek aitortu behar dute indarkeriak ez duela ezer eman. «Sufrimendua eragiteaz gain, ez du ezer ere ekarri», nabarmendu zuen.

PPren ateraldia

Lege proposamenaren defentsa egitean, PSE-EEko Susana Corcuerak PPri begira hitz egin zuen. «Ziur gaude institutu honek nabarmen lagunduko diola elkarbizitzari eta indarkeriaren deslegitimazioari». Corcueraren esanetan, Oroimenaren Institutuak «indarkeria totalitarioa ezinezko egiten duen harresi bat eraikiko du». EAJko Iñigo Iturratek, aldiz, proposamenak ez dituela indarkeriak parekatzen ziurtatu zuen.

PPren kontrako jarrera jakinekoa zen. Baina PPko ordezkari Carlos Olazabalen hitzaldiak harritu egin zituen gainerako legebiltzarkideak, oroimena aldarrikatzeko tresna bati buruz eztabaidatzen ari zirenean, oso irakurketa historiko bitxia egin zuelako. Olazabalen ustez, frankismoan, 36ko gudan edo bigarren errepublikan ez zegoen demokratarik. «Bat ere ez, demokrata bat ere ez. 1978an sortu zen da benetan demokrazia, eta benetan hasi zen askatasuna», esan zuen PPko bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.