Otsailaren 28an Orkoiengo Udalak onartutako euskararen ordenantzari alegazioak aurkeztu dizkiote Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta hainbat herritarrek, araudi horren bidez «euskararen erabilera eta presentzia» murrizten direla iritzita. Justu bihar amaitzen da alegazioak egiteko epea, eta gaur jakinarazi du Behatokiak urratsa egin dutela, prentsa ohar baten bidez. Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak eraman ditu alegazioak udaletxera.
Alegazio horien bidez eskatu dute euskararen sustapenari eta herritarren eskubideei ezarritako murrizketak Orkoienen «lehengora» bueltatzeko. Ordenantzak behin betiko onespena izan aurretik ere, iazko abenduan, Behatokiak salatu zuen «aldebakartasunez» hartu zuela udalak ordenantzan aldaketak egiteko erabakia eta «atzerapausoak» zekartzala. Ordutik, kalean ere egin dute protesta herritar hainbatek ordenantza «atzerakoiaren» aurka.
Ordenantzan ezarri dituzten aldaketen gaineko kezkak bost puntu nagusitan jaso dituzte alegazioetan. Batetik, salatu dute aurrez euskararekiko egiten ziren erreferentziak «ezabatu» egin direla ordenantzan orain: «Horren ordez hizkuntzez hitz egiten da, kontuan izan gabe euskara gutxiagotutako hizkuntza bat dela, eta honen erabilera eta sustapena bideratzeko neurriak ezarri behar direla». Horregatik, testua «lehengora bueltatzeko» eskea egin dute. Bigarrenik, herritarrek udalarekin euskara erabiltzeko zuten eskubidea orain hainbat artikulutan «inolako bermerik gabe» geratu dela eta, esaldi horiek ezabatzeko eskatu dute.
Hizkuntza eskakizunak
Gainerako puntuetan ere, «murrizketen» gaineko aldaketa eskeak egin dituzte. Esate baterako, udalaren publizitate elementuetan eta argitalpenetan-eta euskararen presentziarekiko «bermeak» ezabatu egin direlako orain ordenantzan. Kezkaz ikusi dute, halaber, euskarazko arreta bermatzeko asmoz langileei hizkuntza eskakizunak ezarriz joateko artikulua «aldatu» egin dutela. Hor atzera ez dela egiten ziurtatze aldera, «aurrerapausoak» eskatu dituzte propio hezkuntza arloarekin lotutako langileei begira, eta ezagutza nahitaezkoa ez den postuetan ere «merezimendu» izateko eskakizuna egin dute.
Bosgarren puntuan propio erreparatu diote udalaren zerbitzu telematikoen bidezko arretari, eta hor ere euskararen presentzia «bermatzeko» eskea egin dute.
Euskararen kontrako jarrera zabal baten barruan kokatu da Behatokiak ordenantzarekin Orkoienen gertatu dena. «Nafarroan herritarren hizkuntza eskubideekin gertatzen ari denaren adierazgarri bat baino ez da». Eta dei zabala egin nahi izan du horregatik: «Nafarroako udaletako arduradunei dei egiten diegu herritarren euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu eta euskara sustatzeko neurriak ezartzen dituzten ordenantzak eta politikak ezar ditzaten, egun ditugun araudi eta konpromisoetan atzerapausorik onartu gabe».