Sarritan esan ohi da gizakiak ez duela erdibiderik; dena ikusten duela zuri ala beltz, oreka ez dela bere bidelagun fidelena. Gauza bera gertatzen da, zerbait gaizki egin dutenean, haurrei zigorra ezarri behar zaienean ere. Gogorregiak ala bigunegiak izateari beldurra, erdibidea ez aurkitzeak sortzen duen ezinegona: sentipen aski ezagunak irakasle eta gurasoentzat.
Desoreka horri konponbidea bilatze aldera, ikastaro bat ematen ari da Nerea Mendizabal psikopedagogoa (Zestoa, 1976). Ez dut zigortu nahi lelopean, umeei ezartzen zaizkien zigorrek duten eraginkortasuna da ikastaroaren ardatza, beste gauza batzuen artean. Donostiako Zurriola ikastolan egingo dituzte saioak, asteartetik ostegunera bitartean.
Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoen XIII. edizioa da aurtengoa.Adin askotako haurrekin jarduten duten irakasleei dago zuzenduta gehienbat, nahiz eta parte hartzea erabat irekia den. Hainbat ikastaro eskaintzen ari dira topaketa horien barnean; horien artean kokatzen da Nerea Mendizabalena.
Hasi eta berehala, lehenengo oharra egin du hezitzaile zestoarrak: «Ez dut pilula magikorik emango».Pilula magikorik ez, baina haurren eta helduen arteko harremanak hobetzeko hainbat lanabes eskaintzen ditu Mendizabalek. Psikopedagogo izateaz gain haur masaje hezitzailea ere bada, kontaktua «funtsezko elementua» baita haur eta helduen harreman komunikatiboak aberastu eta hobetzeko.
Kontaktuaz gain, hiru funtsezko oinarri aipatu ditu Mendizabalek: lotura eta afektua, errespetua eta ulermena. Lotura eta afektuari dagokionez, «oinarri bikainak» dira umearen hazkunde prozesuan, haurtzaroan sortutako lotura emozionalek «konfiantzaz beteriko» bizitza bat edukitzea bermatzen baitiote haurrari.
Mendizabalek azaldu duen hurrengo oinarria errespetua izan da. Haren ustez, errespetua umearen «oinarrizko behar guztiak» asetzea da, fisikoak zein psikologikoak. Behar horien artean kokatu ditu haurra maitatzea, entzutea, ulertzea, atentzioa eskaintzea, den bezalakoa onartzea... Horrekin batera, haurraren hazkuntzan bakoitzaren erritmoa errespetatzea ere komeni da: loa, janaria eta ikasketa erritmoa dira horren adibide.
Azkenik, ulermenaren garrantzia nabarmendu du Mendizabalek: «Irakasle zein gurasoek haurrak ulertzea funtsezkoa da euren harteko harremanetan», adierazi du. Izan ere, «berebizikoa» da helduak umeen larruan jartzea, momentu horretan bizitzen ari direna imajinatzea eta aldi berean helduak bere burua ulertzea, konponbidea topatzeko.
«Hiru oinarri horiek ez direnean ongi gauzatzen, umeak ezinegon horren sintomak azalera ditzake, beste modurik ez duelako bere haserrea eta atsekabea erakusteko. Hala, gurasoek ezegokitzat hartzen dituzte jarrera horiek, eta zigorren bitartez konpontzen saiatzen dira», esan du.
«Haurrak zigortzeak, gauzak konpondu beharrean, are gehiago okertzen ditu», nabarmendu du hezitzaileak. «Zigortzeak, batzuetan, unean uneko egoera konpontzen lagun dezake, gurasoaren ikupuntutik beti ere, baina luzera ondorio kaltegarriak dakartza: haurren mendeku gosea eta autoestimuan eragina», adierazi du.
Xanpain botilaren sekretua
Haurren emozioek toki garrantzitsua izan dute Mendizabalen jardunean. Haren aburuz, umeek zein helduek «kanporatu» egin behar dituzte emozioak, horiek erreprimituz gero modu «suntsitzaile» eta «bortitz» batean azalera baitaitezke gero. Horrez gain, zehaztu du sarritan haurren emozioak ez direla ulertuak izaten, helduak «deseroso» sentitzen baitira horren aurrean.
Haurren emozioen inguruko jarduna hobeki azaltzeko, xanpain botila batekin alderatu ditu umeen bizipenak: «Haurren emozioak xanpain botila bat bezalakoak dira: luzaroan astindu eta gasa irteten uzten ez bada, botila irekitzean eztanda gertatzen da, eta gas hori etengabe irteten da. Aldiz, apur bat irekita uzten badugu, gasa pixkanaka irteten da, eta ez da pilaketarik sortzen. Bada, umeekin berdin».
Irakasleen eta ikasleen arteko harremanen inguruan, berriz, hezkuntza sistema ikasle guztiengana ez dela iristen uste du, eta horrek «arazoak» sortarazten dizkiela ikasleei. Hori saihesteko, sistema haurren beharrei doitzea litzateke egokiena, eta ez alderantziz. Era berean, egungo sistemarekin haurrek dituzten «mugak» onartu behar dituzte gurasoek, eta hezitzaile zein irakasleen laguntzarekin umeari «irtenbide bat aurkitzeko laguntza» eskaini.
Irakasleen ikuspuntua
Nerea Mendizabalen ikastaroaren lehen saioan izan dira Lur Gallastegi bilbotarra eta Eider Goenaga lazkaotarra. Lehena Hernani BHI zentroan lan egin du aurten, ordezkapen bat egiten. Bigarrenak, berriz, Lazkaoko San Benito eskolan egiten du lan, Bigarren Hezkuntzako umeekin.
Gallastegiren ustez, zigorrak ezartzea ez da «batere egokia», nahiz eta onartu duen askotan ezartzen direla. Erabiltzen diren formulen artean, mehatxuak ohikoak direla nabarmendu du: «Umeak jokabide okerra edukiz gero, jolas ordurik edo txangorik gabe geratuko direla esatea ohikoa izaten da». Zigorrak saihesteko, honakoa egin behar dela pentsatzen du Gallastegik: «Gatazka bat konpondu behar denean, funtsezkoa da haurraren tokian jartzea».
Goenagaren aburuz, konplizitatea «funtsezko elementua» da irakaslearen eta haurraren arteko harremanean: «Irakasle eta haurraren artean konplizitatea behar da, elkar errespetatu behar dute». Konplizitateaz gain, komunikazioa ere aipatu du irakasle irakasleak. Hala, bortizkeria alde batera utzi behar da hitz egiterakoan, ez baita «eraginkorra» eta haurrek hurrengo egunean jada ahaztuta baitute.
Oreka pedagogikoaren bila
'Ez dut zigortu nahi' izeneko ikastaroa ematen ari da Nerea Mendizabal, Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoen barruan; asteartetik ostegunera dira saioak, Donostiako Zurriola ikastolan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu