Gaurtik aurrera debekatuta dago Hego Euskal Herriko hiri bide gehienetan orduko 30 kilometroko abiadura gainditzea. Espainiako Ministro Kontseiluak joan den azaroan onarturiko neurria indarrean sartu da astearte honetan, eta, prestakuntza lanak egiteko sei hilabeteko epea izan ostean, lurraldeko hiri errepideak araudi berrira egokitu dira.
Errepidea eta espaloia altuera berean dituzten hiri bideetan, abiadura muga orduko 20 kilometrokoa da orain, eta norabide bakoitzeko bide bakarra dutenetan, berriz, orduko 30 kilometrokoa. Norabideko lerro bat baino gehiago duten bideetan, berriz, muga orduko 50 kilometroko abiaduran ezartzeko aukera ematen du araudiak, baina salbuespen hori egiteko erabakia udal gobernuen esku uzten du.
DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak azaldu du neurriaren helburu nagusia hirietan gertatzen diren trafiko istripuak eta horiek eragindako heriotzak gutxitzea dela. Hain zuzen, orduko 30 kilometroko muga duten eremuetako joerak aztertuta istripuen kopurua %40tik gora murriztu daitekeela azpimarratu du; besteak beste, orduko 50 kilometroko abiadurarekin alderatuta frenatzeko distantzia erdira jaisten delako. Gainera, orduko 50 kilometroko abiaduran gertaturiko harrapatzeetan, oinezkoakhiltzeko %90eko probabilitatea du, eta abiadura murriztuarekin ehuneko hori %10era jaitsiko dela gaineratu du. Hego Euskal Herrian, iaz sei pertsona hil ziren ibilgailu batek harrapatuta.
Hiriaren araberako eragina
Murrizketak eragin handiagoa izango du leku batzuetan besteetan baino, Hegoaldeko hiri eta herri askok dagoeneko ezarria baitzuten muga neurri hori. Bilbok, esaterako, irailean eman zuen pausoa, abiadura muga hori ezarri zuen 300.000 biztanletik gorako munduko lehen hiria bilakatuz, eta Gasteizek eta Iruñeak ere gauza bera egin zuten; Gasteizek, duela zazpi urte, eta Iruñeak, duela bi urte.
Donostiak, bestalde, gaur moteldu du abiadura, hiriko errepideen %88,5 orduko 30 kilometrora edo gutxiagora mugatuta. Aldaketa honekin, hiriburuko bizilekuetako errepide guztiak abiadura murriztukoak dira orain, eta orduko 50 kilometroko mugari soilik hiriko sarbide eta zeharbide nagusietan eutsiko zaio.
Salbuespen modura, garraio publikorako lehentasunezko bideetan, Donostiako Udalak orduko 40 kilometroko abiadura mantenduko du, Pilar Arana Mugikortasuneko eta Garraioko zinegotziak azaldu duenez, abiadura gehiago murriztuz gero autobus zerbitzuak «kalte garrantzitsuak» jasan ditzakeelako.
Ibilgailuen abiadura mugatzeak hiri «jasangarriago» bat izateko ere balioko duela uste du Aranak, trafikoak eragindako CO2 isuriak eta kutsadura akustikoa murriztuko dituelako. Hiriko errepide guztien abiadura mugak Donostiako Udalak bere webgunean argitaratu duen mapa batean kontsultatu daitezke.
Abiadura kontrol gehiago
Trafiko Zuzendaritzaren proposamenari jarraituz, Donostiako Udalak jakinarazi du ibilgailuen abiadura neurtzeko kontrolak areagotu egingo dituela, baina azaldu du lehen hilabetean ez dituela zigortuko abiaduraren azken murrizketa honi loturiko arau hausteak.
Dena den, abiadura gainditzeak 100 eta 600 euro bitarteko isunak eta gehienez gidabaimeneko sei puntu galtzea eragin dezakeela gogoratu dute udaleko Mugikortasun Sailekoek.
Iruñeko Udalak ere jakinarazi du aste honetan abiadura kontrolatzeko kanpaina bat egingo duela.
Orduko 30 kilometroko abiadura muga indarrean da Hegoaldeko hiri bideetan
Istripuak eta horiek eragindako heriotzak gutxitzea du helburu abiadura murrizteak. Aldaketarik nabarmenena Donostian gertatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu