Koronabirusa

Ordubetez eta jolastera

Igandetik aitzinera, kalera atera ahalko dira haurrak, heldu batekin eta etxetik kilometro batera. Landa eremuetan, mendian ibili ahalko dira

Ume bat, balkoian. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre - Maite Asensio Lozano
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Igande honetatik aitzinera, kalera atera ahal izango dira Hego Euskal Herriko haur eta nerabeak. Aste hasierako nahasmenduaren ostean, pixkanaka ari da Espainiako Gobernua irizpideak argitzen, eta informazioa xehe emateko, agerraldia egin zuen atzo Pablo Iglesias Eskubide Sozialetako presidenteordeak: «Haurrak egunean behin ateratzen ahalko dira, etxetik kilometro batera urrutienez, eta ordubetez, 09:00etatik 21:00etara». Eta ateraldietan, paseoan edo jolasean ibili ahal izango dira; hori bai, ezingo dira jolas parkeetara sartu, eta jostailuak —baloia edo patinak, erraterako— etxetik eraman beharko dituzte. Izan ere, segurtasun neurriak hartu beharko dituzte adingabeek; beraz, «arduraz eta sen onez» jokatzeko eskatu die Iglesiasek gurasoei.

Etxetik irten gabe sei aste beteko dituzte Hegoaldeko umeek asteburuan —Iparraldean, konfinamendua zertxobait malguagoa da, eta ateratzeko baimena izan dute hasieratik—, eta zazpigarren astetik aitzinera ere mugatuta irtengo dira: haurrak guraso batekin edo anai-arreba nagusi batekin ateratzen ahalko dira, betiere denak elkarrekin bizi badira; gehienez, hiru adingaberekin irtengo da heldu bakoitza. Landa eremuan, berriz, mendi ingurura joateko baimena ere izanen dute, ordubetez. 14 urtetik beherakoei eragingo diete irizpideok; Salvador Illa Osasun ministroak azaldu duenez, 14 eta 18 urte bitartekoak beren kabuz atera daitezke etxetik, adibidez, erosketak egitera, «gurasoek egoki ikusten badute».

Haurrak «korrika, saltoka eta ariketa fisikoa egiten» ibili ahalko dira, baina babes neurriak bete beharko dituzte, Iglesiasek nabarmendu duenez. Segurtasun tartea mantendu beharko dute: ahal dela bi metrokoa, eta, ezin baldin bada, gutxienez metro batekoa; gainera, eskuak maiz garbitu beharko dituzte, eta ezinen dituzte beste umeen jostailuak ukitu. Illak erantsi du neurri horiek hartu ezin dituzten umeek maskara eraman behako dutela; ez da derrigorrezkoa izango, baina bai gomendagarria, batik bat jende asko ibiliko den eremuetan. Era berean, sukarrik edo koronabirusaren beste sintomarik agertzen duten adingabeak ezinen dira etxetik atera.

Gobernuko eledunek berretsi dutenez, umeak eta nerabeak etxetik ateratzeko plana hainbat aditurekin —pediatra, psikologo, irakasle eta epidemiologoak, bertzeak bertze— aztertu eta adostu dute, eta irizpide eta xehetasun guztiak gida batean jasotzen ari dira; aurki argitaratuko dute. Iglesiasek adierazi du haurren portaera «eredugarria» izan dela aste hauetan, baina ohartarazi du igandetik aitzinerako fasean ere gurasoek «arduraz» jokatu beharko dutela, umeentzako neurri malguagoak ondo aterako badira: «Ezinbestekoa izango da jendea serioa eta arduratsua izatea; muga asko jarri beharko dira».

Barkamen eskea

Autokritikarako tartea ere hartu du Pablo Iglesiasek, eta «barkamena» eskatu die haurrei eta helduei: aitortu du azken egunotan gobernuak ez dituela jarraibide argiak eman. Izan ere, astearte arratsaldean Maria Jesus Montero bozeramaileak jakinarazi zuen umeak gurasoekin atera ahalko zirela erosketak egitera, botikara edo bankura; iragarpenak eragindako haserre oldea ikusita, ordu gutxira prentsaren aurrera atera zen Salvador Illa ministroa, atzera egiteko: «Gobernu honek badaki entzuten». Antzera mintzatu zen atzo Iglesias: «Kritikak arrazoizkoak ziren; agerikoa da neurriak ez zirela ondo komunikatu. Erabakiak zailak direnean, gauzak gaizki egin ditzakegu, baina akatsak onartu etakonpondu egin behar dira, umiltasunez, ez baikara ahalguztidunak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.