Ordua da aktiboki indarkerien kontra inplikatzeko

Ainhoa Olaso Sopelana
2025eko urtarrilaren 5a
05:00
Entzun

Dudarik gabe, feministok indarkeria sexistaren aurka urteko egun guztietan egiten dugu lan. Etengabe jasaten ditugu erasoak, etengabe jasotzen dugu salaketen berri eta erailketa matxistek ez dute etenik Euskal Herrian.

Mugimendu Feministako kideok pankartaren atzean, instituzioekin protokoloak adosten, gizonak interpelatzen, edo erasoen kudeaketarako arreta eta babes sareak ehuntzen, gau giroetan espazio seguruak sustatzen, autodefentsa feminista tailerrak dinamizatzen zein indarkeria sexistaren dimentsio ezberdinak jendarteratzen gabiltza azken hamarkadetan. Ezin uka daiteke Euskal Herriko Mugimendu Feministatik, indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzeko bidean eman diren pausoak asko direla. Etengabe lanean gabiltza maila teorikoan eta egunerokoan indarkerien kontrako askotariko borroken praktikan.

Paraleloki, dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, neurri integralik gabeko eta aurrekontu partida nahikorik ez duten puntu more, isiltasun minutu, merchandising eta argazkiak antolatu dira instituzioetatik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan behar duela exijitu dugu behin eta berriro: salaketa judiziala ezarri ala ez, asistentzia sozial, psikologiko eta legala eskura behar dugula erreparaziorako eta bizitza duinari eusteko. Doakoak, kalitatezkoak eta unibertsalak diren laguntza sozial, psikologiko eta legalak behar ditugula.

Eta zigorrak gogortzen dituen sistema judizial patriarkalak ez gaitu salbatuko: behin eta berriro ikusi dugu kartzela ez dela birgaitzeko eta berjendarteratzeko tresna, arazoak konpondu bainoago, areagotu egiten dituelako. Horregatik ere, urteak eman ditugu justizia eredua zalantzan jartzen, justizia feministaren sistemarako oinarriak pentsatzen: fokua erasotuon erreparazioan eta babesean jarrita, berriz ez errepikatzea bermatzeko emakumeon* sinesgarritasuna, testigantzen balioa eta jazotakoaren aitortza aldarrikatzen.

Feministok, komunitatean antolatzen jarraitzen dugu. Gatazkak kudeatzeko gaitasuna indartzen ari gara eta minak kolektiboki osatzeko inplikatzen gara. Autogestiotik, antolakuntzatik eta autodefentsa feministatik berrikusten ditugu ditugun harremanak, espazioak, protokoloak eta tresnak. Izugarria da Mugimendu Feministak zentzu horretan espazio militanteetan izan duen eragina. Izugarria Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren sorreratik eta gaur arte indarkeria matxistaren bueltan egindako lana ere. Urtarrilean Atarrabian egingo diren jardunaldiak dira horren erakusle: teoriaz, artikulazioaz eta estrategiaz arituko gara, justizia eta autodefentsa feminista batzen diren puntu horretan.

Aldi berean, erasotzeari uzten dioten gizonak behar ditugu, konplizitate sare patriarkalekin apurtu eta indarkeria matxistan duten erantzukizunaz kargutzen direnak, ingurune hurbilenean ere aldaketak eraginez. Indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzeko inplikazio osoa behar da. Noizbehinkako aportazioek ez digute balio, itxurakerian geratzen diren jarrerei ustel usaina darie.

Ordua da aktiboki indarkerien kontra inplikatzeko: eraso matxistak prebenitzeko, botere harremanak amaitzeko, indarkeriaren aurrean kolektiboki erantzuteko eta finean, sistema zisheteropatriarkala jakean jartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.