Irati Urdalleta Lete.

Ordu txikietan

2025eko martxoaren 25a
14:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Arratsaldean, lankide baten galdea: «Ba al dakigu zer gertatuko den grebekin? Umeekin nola antolatu-eta jakiteagatik». Sindikatuak eta Hezkuntza Saila bilduta zeuden ordurako; ez zegoen erraza asmatzen zer pasatuko zen. Gauean ere zalantzak. Herritar bat, irakaslea bera, galdezka: «Zerbait dakizuenean, abisatu, mesedez».

Ezjakintasuna. Ziurgabetasuna nagusi. Esperoan milaka eta milaka familia eta langile: batzuk, seme-alabek eskolak edukiko ote zituzten dudan, haien zaintzaz antolatzeko malabarak egiten; besteak, biharamunean ikasgeletara edo kalera, protestara, joan beharko ote zuten duda-mudatan. Ez da fundamentua.

Eta ez dira orduak. 02:15. Mezua Whatsappen. Sindikatuak atera dira Lakuatik. Soka azkeneraino tenkatu dute batzuek eta besteek, baina negoziazioak antzuak izan dira, eta grebei eutsiko diete. Argitu da biharamuna, argitu da gaurra. Baina, Haurreskolak partzuergoko eta sukaldeko eta garbiketako langileekin egin zuten eran, ez al zegoen goizago ibiltzerik? Bi aste igaro dira sindikatuek grebak iragarri zituztenetik.

Gaurra argi da, bai. Baina ikusteko dago biharra; adostasunak urrun dirudi oraindik: gehiegizko ratioak eta burokrazia, soldatak, behin-behinekotasuna, baliabide falta... Askotarikoak dira eskariak, asko soltatu beharreko korapiloak; horretarako, ezinbestekoa izango da negoziatzeko borondatea, hezkuntza sistema duinagoa elkarrekin eraikitzeko borondatea. Alde batekoa eta bestekoa. Lehenbailehen argitu dadin gaurkoa bezala biharkoa. Eta etzikoa. Ziurgabetasuna eta ezjakintasuna bihur daitezen segurtasun familientzat eta langileentzat, baina, batez ere, ikasleentzat. Haien oraina eta etorkizuna baitago jokoan. Ez da txikikeria, ez da ordu txikietan erabakitzeko auzia.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.