Ertzaintza sexu eraso bat ikertzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, neska batek salatu du abenduaren 26ko goizaldean eraso egin ziotela Ordizian (Gipuzkoa). Neska adingabea da, eta ustezko erasotzailea ere bai. Salaketaren arabera, erasotzaileak ukituak egin zizkion komun publiko batzuetan. Polizia ustezko erasotzailea ikertzen ari da.
Itaiak deituta, erasoa salatzeko elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsaldean Ordizian. Erasoa jai giroan izan zen, eta Itaiaren arabera, beharrezkoa da jai giroan gertatzen diren erasoak salatzea, «areagotzen ari direlako eta eraso horiek normalizatzeko testuinguru bat» sortzen delako. Erasotzaileen inpunitatearen aurka «antolatzera eta borrokatzera» deitu dute. Protesta horren bitartez, Barakaldon ostiralean izan zen hilketa matxista ere salatu zuten.