Nabaria izaten da estresa ikasturte hasieran. Dena martxan jarri arte, lan karga handia izaten dute irakasleek. Aurten, gainera, larrialdi hori areagotu duen beste arrazoi bat azaleratu da, eta martxoan indarrean sartutako Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoarekin du zerikusia. «Gobernuak saldu zuen legeak hainbat helburu zituela: egoera prekario batzuekin bukatzea, finantzaketa areagotzea... Baina, ustez pentsatzen ez ziren egoera batzuekin egin dugu topo», azaldu du Galder Sierra EHUko Politika Zientziako graduko ordezko irakasleak. Izan ere, legeak zuzenean eragiten die ordezkoei.
«Hiru kontzepturengatik ordaintzen digute: irakaskuntzagatik, ikerkuntzagatik eta kudeaketagatik», argi utzi du Sierrak. Eta nabarmendu du ikerkuntzak erabateko lotura duela irakaskuntzarekin. «Unibertsitateak duen gehigarri bat da: ez dugu bakarrik liburuetan agertzen dena irakasten, gure aurkikuntzak ere irakasten ditugu». Lege berriak hori eragotziko duen figura bat sortu du: «Ordezko irakaslea». Orain, irakaskuntza orduak betetzeko besterik ez dituzte ordezkoak kontratatuko. «Ez digute ikerkuntza ordainduko, baina guk berdin-berdin egiten jarraituko dugu; ikerkuntzak puntuak ematen dizkigu curriculuma hobetzeko, lan poltsan gora egiteko eta gure lanpostuak egonkortzeko».
Ikusi gehiago:EHUk gizartea eta lurraldea «egituratzen» dituela esan du Eva Ferreirak
Sierrak salatu duenez, EHUk legearen interpretazio «murriztailea» egin du. Lanaldi osoko kontratuak egin beharrean, kontratu partzialak egiten ari dira. «Figura berria euren ordainsarien tauletara eraman dute eta zehaztu dute hamazortzi kreditu egingo dituztela, hilean 800 euroren truke». Soldata hori «lotsagarria» da. «Zenbat denbora iraun dezake pertsona batek hilean 800 eurorekin? Egun, nor bizi daiteke soldata horrekin?»
Baldintzak ikusita, pertsona askok lanpostuei uko egin diete. Hutsik dauden ikasgaiak, beraz, irakasle egonkorrek eman behar dituzte. Hortaz, egoerak ondorioak eragin ditu ordezkoengan, irakasle egonkorrengan, «baita ikasleengan ere».
Arazoa «sozializatzeko», irakasleek EHUko Prekarioen Koordinakundea sortu dute: «Jendeak egoera ezagutu behar du». Joan den asteburuan, hain zuzen, 1.142 lagunek sinatutako iritzi artikulua argitaratu zuten. Sindikatuek ere kalera eraman dute protesta: LABek, ELAk, Steilasek eta CCOOk EHUren ikasturte hasiera baliatu zuten atzo protesta egiteko, Gasteizen. «Sindikatuek uztailean jarri zuten grebarako erabakia mahai gainean; guk greba babestuko dugu». Sierrak badaki urte «gogorra» izango dela, baina prest daude «errektoretza mugitu arte borrokan egoteko».
Arazoa aspalditik dator
Legeak ordezkoen egoera okertu badu ere, arazoa ez da berria. «Badaude 800 euro baino dezente gutxiago kobratzen dutenak», gogoratu du Sierrak. Izan ere, legea indarrean sartu aurretik, hilean 500 euro kobratu izan ditu berak, baita 800 ere. Eta langabeziarekin osatu behar izan du bere soldata noizbait. «Lehen, egoera prekario eta bidegabe horretatik abiatzen ginen, baina progresio bat egoten zen, pixkanaka-pixkanaka ordezkapen hobeak lortzen genituen; orain, berriz, ez dugu progresio posiblerik izango». Sierrak esan du euren lana «bokaziozkoa» dela eta «pasioarekin» egiten dutela; baina, egoera ikusita, lanbidea uztea izan daiteke irtenbide posibleetako bat.