Ordezkaritza zabala elkartuko da espetxe politika berri baten alde

Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Ordezkaritza politiko eta sindikal zabala izango da gaur arratsaldean Donostian. Sarek antolatuta, egungo espetxe politika «bertan behera» uzteko eskatuko dute EAJk, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta ELA, LAB, UGT, STEILAS, ESK, EHNE, Etxalde, Hiru, CNT eta CGT sindikatuek. Haiekin batera izango dira Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketen ondorioz preso egon diren Dolors Bassa, Carme Forcadell, Oriol Junqueras, Raul Romeva eta Josep Rull ere.

LABek «aktibazio soziala hauspotu eta ezberdinen arteko akordio zabalak» sustatzeko konpromisoa adierazi zuen atzo, gaur 17:00etan Antiguako tunelean (Donostia) elkartzeko deia egitearekin batera.

Sindikatuaren hitzetan, lau dira gatazkaren konponbidera bidean eman beharreko pauso nagusiak: «biktima guztien aitortza eta erreparazioa sustatzea», «gatazka politikoari irtenbide demokratikoa ematea», «tortura kasuak eta giza eskubideen urraketak argitzea» eta «preso, iheslari eta deportatuak etxerako bidean jartzea». Presoen auziari dagokionez, gehitu zuen «salbuespen neurriak alde batera uzteko beharra» dagoela. Izan ere, LABen arabera, azken hilabeteetan urratsak egin diren arren, «eskubideen urraketak» indarrean daude oraindik.

Bide «errestauratiboa»

CCOOk ez du izango ordezkaritzarik Donostiako mobilizazioan. Sindikatuak, baina, euskal presoei eskaera bat egiteko baliatu zuen testuingurua, atzo. «Birgizarteratze errestauratiboa» helburu, Langraiz bidea hartu eta gaur egun hirugarren graduan daudenen ereduari jarraitzeko eskatu zien; hau da, euren «ibilbideaz autokritika egiteko» eta «biktimekiko enpatia sendagarri bat» izateko.

CCOOren arabera, prozesu horrek biktimen mina arinduko luke, eta eraikitzailea izango litzateke euskal gizartearen elkarbizitzarako: «Bide hori zintzotasunez jorratzeko, gakoa da ETAko presoen inguru politiko eta sozialaren rola, gomendagarria izango bailitzateke eginiko min bidegabea aitortzeko beharrezko enpatia sustatzea».

Era berean, presoen egoerak azken urteetan izaniko aldaketa «esanguratsuak» nabarmendu zituen; esaterako, haien senideek jasaten zuten «merezi gabeko karga» arindu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.