Ohi ez bezala gozatu zuten atzo Bilboko kaleez ehunka herritarrek, Bilboko Udalak iaz kalearen erabilera publikoa arautzeko EAJren eta EBren aldeko botoekin ezarri zuen ordenantzak kaleaz gozatzea debekatzen duela salatzeko. Nork bere abileziekin egin zuen aldarri Kale Nagusian: musika sortu, dantzatu, eskujokoak zein kirola egin, eskalatu, patinatu, sokasaltoan zein jolasean arituta. Plaza Biribilean modu apalean 17:00etan hasi zen ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikin aurrean izan zuen parte hartzerik handiena, jeerrepidea ere aldarrikapen-jolaserako erabilita, hainbat orduz autoentzat itxita izateraino.
Kaleen erabilera murrizten duen ordenantza salatzeko Kalea guztiona da lelopean sortu eta Bilboko Vendetta izena hartu duen mugimenduak, debekatuta dauden ekimenak eginda salatu zuen araua. Kometarekin jolastea debekatua du Udalak, eta kometak ikusi ziren Kale Nagusian. Kalean baimen berezirik gabe musika sortu edo ikuskuzinak egiteak isuna ekar dezake, eta dozenaka izan ziren musikaren doinuan dantzan zebiltzanak. Herri bazkari edo antzekorik egitea debekatua du Udalak. Talde batek, toallen gainean eseri, eta herri askaria egin zuen. Kaleko edana galarazia dago. Atzo, izan zen Kale Nagusian zerbeza edan zuenik. «Lizunkeriatzat» jo daitezkeen jarrerek ere isuna dute. Ez zen halakorik ikusi, baina, elastikorik gabe, bularrak zinta batekin estalita adierazi zuten zenbait emakumek adieraztea libre dela.
Akrobazia, taekwondo eta gimnasia erakustaldiak izan ziren, eta bizikleta, patin eta baloiak alde batera eta bestera ibili ziren. Txalaparta doinuak, makilak lurrari eta metalezko lorontzi handiei jota atera zituzten. Eskalatzaileek Vendetaren ikurrak jarri zituzten aldundiaren egoitza aurrean dauden bi farolatan, eta eraikina bera ere eskalatu zuten.
Batukada talde handiak dantzan jarri zituzten bertaratutakoak; ertzainek, bien bitartean, horien irudiak bideoz grabatu zituzten. Eta, araudiak dioen bezala, litekeena da horrek isun handiak ekartzea, Vendettaren maskarekin aurpegiaestalita ez zutenei behintzat.
M-22: udal eta foru hauteskundeak. Kaleko protestak
Ordenantzaz gaindi, kaleaz gozatu dute
Bilboko Udalak kalearen erabilera publikoa arautzeko iaz ezarri zuen arau murriztailea salatu eta «kalea guztiona dela» aldarrikatu zuten atzo ehunka herritarrek Bilboko Kale Nagusia jai giroan «okupatuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu