Abenduaren amaierarako, euskal kostaren parean ziren Prestige itsasontzitik isuritako fuel olioaren orbanak. «Hondoratzea gertatu zen tokitik, 600 kilometro egin zituen isuriaren zati handi batek», azaldu du Manuel Gonzalez AZTI ikerketa zentroko ikertzaileak, 2002 eta 2003ko gertaera haiek gogora ekartzeko eskatuta. 2003. urtearen hasiera izan zen euskal kostan ingurumen krisiaren aldirik «esanguratsuena». Hedabideetan garai hartakoak bilatzen hasita, ikusten da urtarrilean, otsailean eta martxoan ia maiztu arte erabili zirela beltza eta orbana hitzak, bereziki.
Ikusi gehiago: «Prentsatik gaia desagertu, eta ia ikerketa dena desagertu zen»
Ulergarria ere bada. Itsaslabarretara eta hondartzetara ugari heldu ziren erregai arrastoak, eta ahalegin handia egin behar izan zen garbitzeko. Eta guztiz nabarmengarria izan zen aurrez, itsasoan bertan, orbanak kostara ez heltzeko egin zen ahalegina ere. Arrantzontzi askok jardun zuten egiteko horretan: Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin. Gonzalezen arabera, Eusko Jaurlaritzak arrantzaleekin antolatu zuen taldeak 21.000 tona fuel-olio jaso zituen itsasoan bertan; 3.200 tona ailegatu ziren kostara.
Gonzalezek adierazi du aurrez ere bazekitela tankerako egoeretan fuel olioa itsasoan bertan jaso behar dela beti, ahal dela, baina, Prestige itsasontziaren hondamendian, ahalegin horretan lortu ziren emaitzak «mugarri» izan ziren, haren esanetan. Eta euskal kostaldean, bereziki, lan emankorra izan zen: «Erkidego bakarra izan zen non itsasoan fuel olio gehiago jaso baitzen lehorrean baino. Horra lortu zen ratioa: lehorrean jasotako tona bakoitzeko, itsasoan sei jaso ziren. Marea beltzen historian, ez zen aurrez inon horrelakorik lortu». Ohiko irudia izan zen bolada batean, hondamendiaren ikurretako bat: arrantzaleak, salabardoa eskuetan zutela, fuel oliozko orbanak biltzen itsasoan.
Orbanen eboluzioari begira
Lehen asteetan, orbanak Euskal Herrira heldu aurretik, administrazioen eginkizuna izan zen orban horiek zer norabide izango zuten iragartzea. «Euskalmetek haizeari buruzko datuak ematen zituen; AZTIk, berriz, olatuen, mareen eta korronteen zenbakizko ereduak», gogoratu du Gonzalezek. Era berean, buiak jarri zituzten itsasoan zeuden orbanetan, eta, horien bidez, fuel olioa non zegoen jakiteko era zuten adituek. Horiek horrela, haizeari eta korronteei adi egoteko egunak izan ziren; egunero berritzen ziren aurreikuspenak. Frantziako administrazioak ere jarri zituen jarraipena egiteko baliabideak; Lapurdiko kostara begirakoak izan ziren hainbat neurri. Hesiak ere jarri ziren zenbait tokitan, orbanak kostara ez iristeko.
Orbanak Bizkaiko itsasoan zeudela ikustean hasi ziren horiek itsasoan bertan jasotzeko urratsak egiten. Eta asko jaso zen itsas zabalean, baina, urtarrilaren bukaerarako, belztu gabeko kosta zatirik ez zen geratzen Euskal Herrian. Otsailaren hasieran, «benetako marea beltzaren» arriskua iragarri zuen, adibidez, orduko Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Jon Imazek. «Kantitaterik esatera ez naiz ausartzen, baina ehunka tona helduko dira», onartu zuen. Bide batez, jakinarazi zuten 130 ontzi itsasoratu zirela Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetatik, fuel olioa biltzeko. Eguraldia eragozpen izan zuten hainbatetan, baina ahalegin handiak egin zituzten. Hedabideetan goiburu izan ziren hilabete haietan hondartzetara heldutako fuel tonak eta arrantzaleek jasotakoak.
Elkarlanean
Justu marea beltz-beltza zen horretan, otsailaren 4an, Atlantikoko Itsas Prefeturako, Kantabriako Autonomia Erkidegoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bilera bat egin zuten Baionako suprefeturan, eta elkarlana bultzatzea erabaki zuten: hiru administrazioen ardurapeko itsasontziak elkarrekin ariko ziren marea beltzaren aurka. Bilera horretan, Gipuzkoa eta Bizkaiko arrantzaleek urtarrilaren 23an, 24an eta 25ean egindako ekinaldi «arrakastatsua» aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak; egun horietan, Kantabriako arrantzaleekin batera, 1.750 tona erregai jaso zituzten. Antzeko egitasmoak sustatu behar zirela adierazi zuten. Eta arrantzaleek lanean jarraitu zuten orbanak bakantzen hasi arte.
Bolada batean, hondamendia kontrolatzen jarraitu zuten: egunero. «Maiatzetik urrira, txostenak hiru egunean behin eta astean behin egiten jarraitu zen», gogoratu du Gonzalezek, AZTIn egin zuten lana hizpide hartuta. Aurrerago, ahaleginak egin ziren kalteei erreparatzeko ere. 2003. urtearen amaieran, adibidez, Jaurlaritzak egitasmo bat abiarazi zuen Meñakotzen (Bizkaia), mikroorganismoen bidez arroketatik fuel olioa kendu zitekeen aztertzeko. Hain justu, ikerketa lerro ugari abiarazi ziren hondamendiaren lehen hilabeteetan. Gero, ordea, apaldu egin ziren.