Orbainek irakatsitakoa

Iraultza Txikien Akanpadako hirugarren egunean borroka arrakastatsuetako bizipenak ekarri dituzte: zahar etxeez, Huerta de Peraltaz, Jaizkibelez, Gasteizko gaztetxeaz eta frackingaz mintzo dira.

Irabazitako hainbat borrokatan aritutakoek hartu zuten hitza atzo Iraultza Txikien Akanpadan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Arteaga
2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Garaipenez aritu ziren atzo Iraultza Txikien Akanpadako hirugarren egunean. Lorpenak, zauriak, bidean izandako bizipenak izan zituzten ahotan borroka arrakastatsuei buruzko mahai inguruan, Arteagako (Bizkaia) Basoa etxearen babespean. Ondo ateratako borrokek utzitako zaporearekin, aurrera begira jarriko dira gaur eta bihar, kanpaldiaren azken txanpan.

2016an Bizkaiko zahar etxeetako bosgarren lan ituna «berritzeke» zeukatela azalduz hasi du hitzartzea Ainhoa Menendezek: «2003an borrokatu ginen lehen aldiz, eta ordutik argi izan dugu borroka egitea beste aukerarik ez zela». ELA sindikatuak bultzatuta, 378 eguneko greba luzea egin zuten; «irabazi» zituztenak zerrendatu ditu: «Astero 35 orduko lanaldia; huskeria dirudi, baina esparru pribatuko langileak gara, eta hori lorpen itzela da». Hogei minutuko atsedenaldia eta 400 euroko soldata igoera ere erdietsi zituzten.

Zoa Saez de Santamaria kideak erantsi du aldarrikapenak egiteko garai egokia zela: «Bagenuen harreman bat, eta langile eta genero borrokan oinarri bat». Zaintza lanetan andrazkoak %98 direla oroitu du. «Konfrontazio» handia topatu zuten, halere, Menendezen hitzetan: «Patronalari ez zitzaion batere gustatu, ezta hainbat instituziori ere; Bizkaiko Aldundiak galdetu zigun ea zertaz kexatzen ginen, gure senarren soldataren osagarria ginela». Erresistentzia kutxari esker iraun zuten urtebete greban, «gogaikarriak» eta «nekaezinak» izaten: «Borrokarik gabe ez dago garaipenik».

Huerta de Peralta enpresa nafarrean izandako borrokaren berri eman du Rosalia Bona LABeko kideak: «Langileen %80 marokoarrak dira. Esplotazio eta esklabotzan egiten zuten lan». Antolatueta lan ikuskaritzan salaketak jarri zituztela azaldu du: «Pentsa zer den udan hamalau orduko lanaldiak egitea Nafarroako Erriberan, ia 40 gradutan». Hitzarmenaren borrokaz gain, beharginekiko «tratua» ere ardatz zutela aitortu du: «Langileak pertsonak dira, eta botere harremanak nola erabiltzen diren, hala azaleratzen dira gero lan harremanetan».

Bonak gaitzetsi du salaketa haiei «mendeku hutsez» erantzun zietela: «Zigor txikiekin hasi zena greban amaitu zen. Sekulako jipoiak eman zizkiguten. Baina iraultza txiki hura irabazi genuen». Nabarmendu du «funtsezkoa» dela langileei eragindako sufrimendu eta mina «ordainaraztea».

Oihana Etxebarrietak argitu du Jaizkibel konpainiarena «oraindik» ez dela garaipena: «Grazia egin digu, garaipena eta arrazoia gurea da, baina oraindik ez dugu lortu». 1996an emakume talde bat Hondarribiko (Gipuzkoa) alardean sartzen saiatu zenetik jasandako «jipoien» eta indarkeria «sinbolikoaren» inguruan mintzatu da: «Ez da bakarrik alardearen egunean, boikota eta bazterketa eguneroko ogia izan dira». Zaintza sareari ere garrantzia eman dio: «Elkar babesteko mekanismorik gabe, ez geundeke hemen. Jende asko galdu dugu bidean».

Emakumeek berdintasunez parte hartzea onartzen ez dutenek alardea pribatu bihurtu zuten, eta ondorioak herri osoak pairatu dituela esan du Etxebarrietak: «Herritartasuna osatzen dute jaiek, balio handia dute herria batu eta egiteko. Eta horrek denontzat izan behar luke». Baikor da «bidean» irabazitakoarekin. Garaipenaren «hasiera» da.

Gasteizen gasa erauzteko teknikaren aurka bildu zen Fracking Ez taldea 2011n. Luis Casado kideak azaldu du nola indartu zen plataforma: «Eredu energetikoa jarri genuen zalantzan, eta hori ahalbidetzen zuen egitura guztia. Trebatuz joan gara urteak joan ahala». Formakuntzarekin eta informazioarekin lortu zituzten atxikimenduak: «Bost hilabetera, 13.000 pertsonako manifestazioa egin genuen, udal hauteskundeetan hautagaiei konpromisoa sinatzeko eskatu genien eta 103.000 sinadura bildu genuen. Ez genion agerraldi bakar bati ere ezetzik esan».

Gasteizen ere gaztetxeak jasan zuen «errepresioaz» jardun da Zigor Olabarrieta: «2001ean Alde Zaharra eraberritzeko planean ageri zen gaztetxea eraistea». Komunikazio kanpaina «eraginkor» batekin «irauli» zuten egoera; auzia «herriratzea» izan zen lorpenetako bat: «200 iratxo egin genituen eskaiolaz, eta hirian zehar barreiatu, gaztetxeko eremutik ateratzeko». 2002ko urtarrilean 10.000 pertsona bildu zirela goratu du, harro: «Inurri lanaz irabazi genuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.