'18/98 auzia'. Jabier Salutregi aske

Orbaindu ezin den zauria

Euskal PEN klubeko kideek diotenez, 'Egin'-ekin eta Euskal Herriko beste zenbait hedabiderekin gertatutakoak ez dauka parekorik Europan; uste dute auzia ezin dela bukatutzat eman.

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Puntu eta jarrai. Horrela ikusten du Teresa Toda Egin egunkariko zuzendariorde ohiak Jabier Salutregiren askatzea. Oso pozik dago, «nagusi izandakoa ez ezik, adiskidea ere» badena kalean ikusita. Toda ere zigortu zuten Orain SA enpresako hedabideen auzia barne hartu zuen 19/98 makrosumarioan, sei urte eman zuen espetxean, eta, dioenez, Salutregik eta biek beti eutsi diote adiskidetasun harreman horri, «espetxeak ematen dituen aukera murritzen barruan».

Baina ez dauka ahazteko hamazazpi urte hauetako sufrikarioa: «Honekin, puntu eta jarrai jartzen zaio auziari. Egin auzia ez da inoiz itxiko. Utzi duen arrasto pertsonala, kazetaritzari egindako kaltea eta kalte politikoa ez dira inoiz konponduko. Gure motxilan eramango dugu betiko».

Euskal PEN Klub taldeko kidea da Toda, beste hainbat euskal idazle eta kazetari bezala. Elkarteko zuzendaritzako kide Laura Mintegik eta Urtzi Urrutikoetxeak diotenez, Egin eta Egin Irratiarekin gertatutakoak —hedabideak itxi eta zuzendaritza espetxeratzea— eta, oro har, Espainiako Estatuak adierazpen askatasuna urratuz Euskal Herrian egindako bestelako erasoek —Euskaldunon Egunkaria ixtea, Ardi Beltza agerkariaren kasua eta abar— ez dute parekorik inguruko herrialdeetan.

Horrelako jokabideak edo antzekoak aurkitzeko, Turkiara edo Errusiara jo behar dela dio Urrutikoetxeak. Bielorrusian eta Ukrainan ere izan dira jazarritako hedabide eta zuzendariak.

«Baina suposatzen da homologazio demokratikoan Espainia herrialde horiek baino gorago dagoela», gogoratu du Urrutikoetxeak. «Denok dakigu Turkia EB Europako Batasunean sartu nahian dabilela, eta horrek nolako exijentziak jartzen dizkiongiza eskubideen alorrean. Espainia, aldiz, EBko kidea da aspalditik. Mendebaldeko ohiko demokrazia liberalekin alderatuz gero, Espainiarenak ez dauka parekorik».

Adierazpen askatasunaren kontrako erasoak salatu eta jazarpena jasandako idazle eta kazetariak babestea da nazioarteko PEN klubaren zereginetako bat. Euskal adarra ere gogor saiatu da Euskal Herrian gertaturiko urraketa larriak, horien artean Egin eta Egin Irratiarenak, nazioartean salatzen. Horren ondorioz, nazioarteko elkarteak hainbat aldiz adierazi die elkartasuna Egin auziko zigortuei, eta Espainiako Gobernuari eskatu auzia berriro aztertzeko.

Isiltasun harresia

Hala ere, Espainiako Gobernuak entzungor egin die eskaera guztiei, eta zigorra osorik beteta irten da Salutregi, Egin auzian zigortutako beste zenbait atera diren moduan. Euskal PEN klubekoek nabarmentzen dituzte isiltasun harresia gainditzeko izandako zailtasunak, eta horrek sorturiko «etsipena».

«Oso-osorik bete dute zigorra, eta sakabanaturik gainera», esan du Laura Mintegik, «horren atzean proiektu politiko oso bat kolpatzeko asmoa egon delako. Eta horren aurrean oso zaila izan da gertatzen zenaren berri ematea. Nazioartean, batzuek ezin zuten sinetsi ere egin kontatzen geniena. Beti gelditzen zen susmoa, horretaz gain beste zerbait egongo ote zen, Espainia demokratiko baten irudia dutelako eta ezinezkoa suertatzen zaielako herrialde demokratiko batean horrelakoak gertatzen direla sinestea».

Izan ere, Egin eta Egin Irratia itxi eta bost urtera, 2003ko uztailean, egunkariaren egoitzan sartzeko aukera izan zuten Salutregik, Teresa Toda zuzendariordeak eta Iñigo Iruin abokatuak, administrazio kontseiluko zenbait kiderekin batera, lehenengo aldizitxi zutenetik. Han ikusitakoak eta bulegoen egoera tamalgarriak atsekabe handia eragin zien Egin-en proiektua gauzatzen ibilitako guztiei. Orduko hartan, BERRIA-ren irakurleen galderei erantzunez, Salutregik esan zuen «prentsa askatasunaren eta adierazpen askatasunaren Euskal Herriko argazkia» ikusi zuela bertan: «hondatua, birrindua, txikitua, hautsak hartua».

Mintegiren ustez, Salutregik 2003an ikusitako irudi hura ez da aldatu azken urte hauetan guztietan. «Gure tragedia da formalki edo egituraren aldetik Espainia Europa demokratikoaren barnean dagoela, baina adierazpen askatasunari dagokionez, batez ere Euskal Herrian, bigarren edo hirugarren munduko herrialdeekin pareka daitekeela. Eta hori hemendik baino ez da ikusten», esan du.

«Kontzientzia txarra»

Teresa Todari, esaterako, bereziki mingarria begitantzen zaio hedabide nagusietako kazetarien jarrera, eta «tristezia handia» sentitzen du horien isiltasunaren aurrean. «Suposatzen dut batzuei apur bat arindu zaiela kontzientzia txarra Salutregiren irteerarekin. Pena ematen dit, benetan, ikusi delako adierazpen askatasunaren kontrako eraso larri baten aurrean ez direlako gauza izan behar bezala erreakzionatzeko. Uste dut gure lanbidean nahiko zabalduta dagoela erosokeria. Zer gertatu den apur bat hausnartzeko eskatuko nieke lankideei. Inoiz ez baino berandu hobe».

Mugarik Gabeko Kazetariak izeneko nazioarteko elkarteak, adibidez, urtero plazaratu ohi du txostena mundu osoan adierazpen askatasunaren kontra egindako urraketa larrien berri emateko. Txosten horietan, Egin-en eta Egunkaria-ren itxieren inguruko aipamenik ez agertzea oso deigarria izan da begirale askoren aburuz.

Urrutikoetxeak «moral bikoitza» ikusten du jarrera horretan: «Egunkari horiek itxi zituztenean, hau da, elkartasuna eta babesa beharrezkoen ziren momentuan, ez zuten inolako aipamenik egin. Soilki urte batzuk geroago, Egunkaria-ren kasuan eta epai bat zela tarteko argi gelditu zenean itxiera hura erabat bidegabea izan zela, erabaki zuten zerbait esatea. Moral bikoitza da hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.