80 metroko 431 elektrizitate dorre, paraleloan jarrita, Barasoain (Nafarroa) eta Gabiria (Gipuzkoa) herrien arteko 72 kilometroetan zehar. REE Espainiako Elektrizitate Sareak eta Forestaliak nork bere aldetik eraiki nahi dituzten goi tentsioko linea proiektuak Orbaibar eta Goierri bailaren arteko eremu horretan elkartuko dira, eta ekialdetik mendebaldera zeharkatuko dute Nafarroa, Gipuzkoaraino. Horren aurka, Lurkide izeneko hitzarmena sinatu dute inguruko herrietako 192 elkartek, eta manifestaziora deitu dute, gainera: maiatzaren 29an, elektrizitate dorreak eraiki nahi dituzten tokietara joanen dira, Barasoain eta Gabiria artean, protesta egitera.
Autopista Elektrikorik Ez plataformak azaldu duenez, bi proiektu elkartuko dira Nafarroa eta Gipuzkoa arteko lurretan: REErena, 92 kilometrokoa, eta Forestaliakoa, 244koa. Bien artean, 800 bat elektrizitate dorre eraikiko dituzte, eta horien erdiak baino gehiago, Barasoain eta Gabiria arteko eremuari dagozkie.
Lurkide hitzarmenaren sinatzaileek «asumitu ezinezko burugabekeriatzat» jo dute goi tentsioko lineak eraikitzeko proiektuak ugaritzea: «Hamar urteko borrokari esker, bi aldiz geldiarazi ahal izan dugu Itxaso-Castejon linea, baina orain, Forestalia enpresaren Kyoko eta UME izeneko proiektuak batu zaizkio horri». Elkarteen arabera, proiektu horiek ez diote erantzuten elektrizitate hornidurari lotutako beharrei; aitzitik, «funts putreen interes espekulatiboen mesedetan» diseinatutako egitasmoak direla nabarmendu dute: «Ez dute justifikaziorik».
Sinatzaileen arabera, goi tentsioko proiektuok «mehatxu larriak» dira ingurumenarentzat, paisaiarentzat, inguruan bizi diren animalia espezieentzat, baina, horrez gain, ziur dira kalte eginen diela «herrien eta eskualdeen ondareari eta etorkizuneko garapenari».
Azkenik, lan horietan esku hartzeko deia egin diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari: «Proiektuen tramitazioa eta onespena Espainiako Erresumari dagokio, baina hori ezin da aitzakia izan herriak abandonatzeko, bertoko erakundeek ere mekanismoak baitituzte herritarren borondatea errespetatzeko bide demokratikoak zabaltzeko».