«Inor ez da hona etorri gu ebakuatzera»

Noaingo leherketaren ondorioz etxetik ateratako bizilagunek ez dakite noiz itzuli ahalko diren. Teknikariek hoditeria osoa aztertu behar dute, eta egunak beharko dituzte horretarako. Bederatzi zaurituetatik sei ospitalean daude oraindik.

Bigarren leherketak kalte material ugari eragin zituen. IÑAKI PORTO / EFE
Bigarren leherketak kalte material ugari eragin zituen. IÑAKI PORTO / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko urtarrilaren 14a
12:30
Entzun

«Hau da hau marka! Ilara batean zain egon beharra, neure etxera sartu ahal izateko». Kexu da Jesus Martin, Noaingo Zabalegi Kontzejua kaleko bizilaguna (Nafarroa). Emaztearekin batera etxetik alde egin zuen astelehen iluntzean, gas eztanda baten ondorioz kale horretako etxebizitza bloke batek su hartu zuela eta. Ez da bakarra ilaran. Gaua kanpoan eman duten bizilagunetako askori ordua eman die Foruzaingoak, bezperan etxean utzitakoak hartu ahal izateko. «Funtsezko gauzak hartu, eta fuera», esan du txakurra lotuta daraman andre batek, etsipenez. Txakurra hasia da jendearen joan-etorriekin urduritzen, eta zaunka ari da. Poliziak alderik alde hesitu du kalea, eta arretaz zaintzen du nor sartzen den. Besapean karpeta bat daraman foruzain bat heldu da, eta, keinu batekin, hesia zeharkatzeko baimena eman die ilaran lehenak diren ama-alabei. Izen-deiturak karpetako paperetan egiaztatu eta gero, etxeraino lagundu ditu. Prozesu hori banan-banan errepikatuko du, kale kantoian pilatzen ari diren guztiekin.

Gas isuri batek eragin zuen leherketa, eta horien ondorioz piztu zen sutea. 120 bat etxebizitza hustu behar izan zituzten, eta, orotara, 250 lagun inguru kanporatu zituzten etxetik. Orain, badirudi etxebizitza horietako bizilagunek ez dutela erraz izango haietara itzuli ahal izatea, eta prozesu hori zenbait egunez atzeratuko dela.

Noaingo Udalak auzokideei jakinarazi dienez, teknikariek hoditeria osoa aztertu behar dute, istripuan ez baitzen isuri bakarra egon, eta leherketa bat baino gehiago izan baitzen. Gas hornidura etenda dago, eta, beraz, ez dago leherketa gehiago gertatzeko arriskurik, baina hoditeria osoa aztertzeko beharrak atzeratu egingo du bizilagunak etxera itzultzeko aukera. Oraindik ez dakite egoerak noiz arte iraungo duen, baina, antza denez, teknikariek Madrildik etorri behar dute, eta egun batzuk beharko dituzte azterketa osoa egiteko.

«Gehienok gurasoen etxean eman dugu gaua», esplikatu du Leire Tirapuk. Hura da hurrengoa ilaran. Ahotsa urratua du, bezperako tentsioagatik, eta oraindik orain, «izua barruan sartuta» duela dio. «Etxean nengoen, leherketa gertatu zenean», kontatu du: «Eztanda moduko bat entzun nuen eta leihoak dardarka hasi ziren. Pentsatu nuen auto istripu bat izan zela, baina ez nuenez ezer ikusten, ez nintzen larritu. Pixkanaka, jendea hasi zen kalean pilatzen, eta orduan ikusi nuen ke zutabea». 

«Ez dakigu ezer, hemen inork ez digu ezer esaten», gehitu du Kaiet Ribera gazteak. Aitona-amonen etxean emanen ditu datozen egunak, eta eskolako liburuen bila itzuli da: «Niretzat, hori da funtsezkoena orain, azterketetarako ikasi behar baitut». Birrindutako etxebizitzetatik metro gutxira bizi da Ribera, gurasoekin batera, eta indar handiz sumatu zuen leherketa: «Nire logelan nengoen, ikasten, eztanda entzun nuenean. Bonba bat zirudien», gogoratu du. Sua ikusi zuen kalean beheragoko etxebizitzetan, eta larritu egin zen: «Denbora asko eman genuen etxean, zer egin jakin gabe, eta, bizilagunak ihesean ikusi genituenez, guk ere alde egin genuen».

Kaosa kudeatu nahian

Lehenengo leherketa 15:35ean gertatu zen. Leherketaren ondoren, bertako bizilagunak kalera atera ziren: beren kabuz batzuk, eta behartuta beste asko. Geroago, ordea, etxera sartzen utzi zieten, premiazko gauzak hartu ahal izateko, gaua etxetik kanpo pasatu behar baitzuten, bai segurtasun arrazoiengatik, bai hotzagatik, ezin baitzuten berogailurik piztu. Bizilagunak etxera bueltatu zirenean, lehen leherketa gertatu eta bi ordu eta erdira, bigarren leherketa gertatu zen.

Agintariek eta teknikariek ez dute azalpenik eman bi leherketen artean zer gertatu zen esplikatzeko: zeinek eta zergatik utzi zien bizilagunei etxera sartzen lehen leherketa gertatu eta gero. Oraingoz, Guardia Zibila ari da gertatutakoa ikertzen, eta txosten bat egingo du leherketen jatorria azaltzeko. «Hori ez da ordu gutxian egiteko moduko lana izango», azaldu dute. Guardia Zibilaren sute eta leherketa «ez-terroristen» taldea ari da ikerketaz arduratzen. Logroñotik (Errioxa, Espainia) joan dira Noainera. Leherketak non eta nola izan ziren zehaztuko dute. 

Udaltzainek, berriz, berretsi dute kaltetutako kaleak moztuta daudela, eta hala egongo direla ikerketak irauten duen bitartean, zuhurtziaz jokatzeko eta arriskuak saihesteko.

Informaziorik eza kritikatu dute Zabalegi Kontzejua kaleko bizilagunek. «Hona ez zen inor etorri gu ebakuatzera», kritikatu du Jesus Martinek: «Eztandaren aldameneko etxeetan agian bai, baina metro batzuk gorago bizi garenoi ez ziguten ezer esan. Jendea bere kabuz hasi zen alde egiten, beldur zelako, baina inork ez zigun arriskuaz ohartarazi. Kaleko bizilagunok badugu Whatsapp talde bat, eta hor, jendea hasi zen esaten bazihoala». Hasieran, herriko gizarte zentroan elkartu zituzten bizilagunak. «Galdetu ziguten ea gaua pasatzeko tokirik genuen, eta seniderik ez zutenak hoteletara bidali zituzten», azaldu du. Anabasa horren erdian, baina, Noaingo Udalak «nahiko ongi» jardun duela uste du Martinek: «Oso zaila da kaos hau kudeatzea».

Ikerketaren zain

Amparo Lopez Barne Kontseilariak ez zu zehaztasunik eman, gertatutakoa ikertzen ari baitira. Uste du ikerketak argitu behar dituela gas isuriaren eta leherketen arrazoiak eta erantzukizunak. «Errespetuz jokatu behar da, kalteak handiak direlako eta pertsona batzuk ospitalean daudelako», esan du Noainen bertan.

«Guk dakigula, inork ez zekien hiltzeko arriskurik zegoenik», zehaztu du, bizilagunei etxera sartzen uzteko erabakiari buruz. «Jakin izan balute, ez zieten etxera bueltatzen utziko». Gas isuria eta lehen leherketa gertatu eta gero, teknikariak joan ziren bertara, eta gasa moztu. «Berez, ez zegoen arriskurik». Zauritutako bi pertsona gas enpresako teknikariak dira. «Gertakari arraroa da», Sebastian Marco Noaingo alkatearen arabera. Onartu du, hala ere, «hutsegitea» izan zela bizilagunei etxera sartzen uztea.

Alkateak esan du leherketek kalte egindako etxeak «suntsituta» daudela eta segurtasuna dela lehentasuna, bizilagunak etxera itzuli ahal izan daitezen ahalik eta azkarrena.

Zaurituak

Orotara, bederatzi lagun zauritu ziren istripuan. Horietatik zazpi Nafarroako Ospitale Unibertsitariora eraman zituzten, eta beste biak Noaingo osasun etxean artatu zituzten. Erietxera eraman zituzten zazpi lagunetatik sei han daude oraindik. Bi zauritu zainketa intentsiboetako unitatean daude: 22 urteko gizonezko bat eta 13 urteko neska bat. Hala ere, agintariek adierazi dutenez, heriotza arriskurik ez dute.

Lehertutako etxeen hondakinak kalea eta autobia bereizten dituzten pinuetaraino iritsi ziren. Kristalak, adreiluak eta pertsiana zatiak. Etxeen hondakinek azpian hartu zituzten autoak. 

Beste aldean, lehertutako etxeek eraikin bat dute aurrean, haien berdin-berdina. Hondakinetako batzuk eraikin horren gainetik pasatu ziren, eta gaur hondakinen arrastoak ikus daitezke teilatuaren gainean.

120 etxetako 250 bizilagun inguru daude etxetik kanpo. Senide eta lagunen etxeetan edo inguruko hoteletan pasatu dute gaua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.