«Erabakia ez dago hartuta. Nire buruan sartu beharko zinateke jakiteko». Atzo goizean, Enrique Maia Iruñeko alkateak gezurtatu egin zuen UPNren zerrendaburu izateari utziko diola. Goizean goiz zabaldu zuen Diario de Navarra egunkariak Enrique Maia ez dela Iruñeko alkategai izanen 2023ko udal hauteskundeetan. Ikusirik ikusmin handia sortu zela eta komunikabideak atzetik zituela, Iruñeko udaletxean elkartu zituen kazetariak. Maiak albistea baieztatzea espero bazen ere, oraingoz ez du utziko.
Udaletxeko korridoreetan presaka antolatutako agerraldian, erabakia hartu gabe duela eta denbora behar duela esan zuen. Haren esanetan, erabakia nahiko argi badu ere, auzia «konplexua» da, eta lasaitasuna behar du. Horregatik, epeak «errespetatzeko» eskatu zuen, eta bere erabakiaren berri «Eguberriak aldera» emango duela adierazi zuen. Maiaren esanetan, barne gogoeta horretan arrazoi pertsonalak eta politikoak elkartzen dira, eta osotasun horretan «guztiak du pisua».
Diario de Navarra-k albistea kaleratu zuenez, mundu guztiak pentsatu du UPNren baieztapen ofiziala zuela. Ondorioz, alderdi barruko barne mugimendu bati erantzuten dion galdetuta, Maiak ihardetsi zuenhori «politika fikzioa» dela. «Konbentzituta» dago ez dela horrela. Haserre agertu zen baieztatu gabeko zerbait kaleratu delako: «Errespetu falta handia izan da». Informazio horretan, hura ordezkatzeko hautagaien artean haren udal taldeko eta konfiantza handieneko hiru pertsona aipatzen ziren: Maria Caballero, Ana Elizalde eta Maria Etxabarri.
Zeri erantzun dio mugimenduak? Astearte gauean, Maite Esporrin PSNko hautagaiak Noticias de Navarra-n kaleratutako elkarrizketan adierazi zuenez, Maiak iraganean esan zion ez zela hautagai gisa berriro aurkeztuko.Behin hori argitaratuta, Diario de Navarra-k galdetu zion ea hautagai izateari utziko dion, eta hark ez zien «ez baieztatu ez gezurtatu». Aukera hori irekia uzteak eta aurretik bere inguruneari ziklo politikoa burutu duela adierazteak haren agurra aurreratzera eraman du berripapera.
Dena den, Maiaren ezbaianUPNren egungo egoerak zalantzak eragiten dizkiola ematen du. Javier Esparza presidentearentzat Iruñearen moduko udal esanguratsu batean kapital politiko handiko hautagaia galtzea kolpea izan daiteke. Esparzaren lidergoa ahuldurik dago, eta, UPNko presidenteorde izanik, Maia haren konfiantzazko gizona da.
Maiak atzo baieztatu zuen «indartsu eta gogoz» dagoela. Hamabi urte eman ditu politikan. 1999tik 2011ra, Yolanda Barcina alkate zela, hirigintza arloko arduradun eta gerente izan zen, eta Barcinak gobernurako urratsa egin zuenean politikaren lehen lerrora jauzi egin zuen. Ordu hartan ez zela pertsona ezaguna gogoan ekarri zuen atzo eta, horregatik, erabakia edozein delarik ere, «drama oro kendu» behar zaiola uste du.
Oraingoz ez du utziko
Enrique Maiak gezurtatu egin du Iruñeko Udalerako UPNren zerrendaburu izateari buruzko erabakia hartua duela. «Eguberri aldera» erabakiko duela jakinarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu