Espainiako Gobernuak maskara erabiltzera derrigortuko du osasun zentroetan

Erkidegoek kontrako iritzia eman duten arren, bereari eusteko asmoa du Madrilek. Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua maskara nahitaezko egitearen kontrakoak dira.

Osakidetzaren osasun zentro bateko artxiboko argazkia. MAIALEN ANDRES / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 8a
21:00
Entzun

Neguarekin batera, gora egin dute gripe kasuek, baita bestelako arnas birusekin lotutako gaixotasunek ere, COVID-19 infekzioek esaterako. Lehen arreta eta larrialdi zerbitzuak gainezka egitear dira Osakidetzan eta Osasunbidean, eta, gaixotasun horiek hainbeste ez hedatzeko, osasun zentroetan erabiltzaileak maskara erabiltzera derrigortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Horri buruz hitz egin dute gaur Espainiako Osasun Ministerioak autonomia erkidegoetako ordezkariekin, Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Batzordean; baina ia guztiak aurka agertu dira, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua barne. Asteazkenean egitekoak dira beste bilera bat, baina hainbat iturrik zabaldu dutenez, Madrilek bere irizpidea inposatzeko asmoa du, eta Erkidegoen iritziak iritzi, osasun zentroetan maskara erabiltzea derrigorrezko egingo du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du ez dituela babesten Osasun Ministerioak bileran hizpidera ekarritako neurriak, «ez forma aldetik, ezta eduki aldetik ere». Gotzone Sagardui Osasun sailburuak zehaztu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan urtero egiten dituztela osasun gomendioak gripearen aurkako txertaketa kanpainaren ostean. Bilerari buruz, sailak esan du Monica Garcia buru duen Osasun Ministerioak ez duela eman arnas aparatuari eragiten dieten birusen intzidentzia daturik, ez proposamenak oinarritzeko txostenik, ezta proposatutako neurriak eraginkorrak direla erakusteko frogarik ere.

Bi eguneko epea eman die Garciak erkidegoetako gobernuei, proposamenak egin ditzaten, eta Osasun Sailak Madrili eskatu dio ez dadila sartu Eusko Jaurlaritzaren eskumena diren kontuetan. «Edozein proposamenek Alerten Lantaldearen eta Osasun Publikoko Batzordearen babesa behar du». Lantalde teknikoak dira, eta Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek parte hartzen dute.

Antzera hitz egin du Nafarroako Osasun Departamentuak. Esan duenez, arnas aparatuko birusen hedapenari aurre egiteko, bereziki gomendatu du maskara erabiltzeko eta bestelako neurriak hartzeko osasun zentroetan (ospitaleak eta osasun etxeak) eta zentro soziosanitarioetan (zaharrentzako eta zaurgarrientzako zentroak), baita sintomarik izanez gero ere. Fernando Dominguez Osasun kontseilariak zehaztu du «birusen zirkulazio biziak» beste hiru aste iraungo duela ziurrenik. Lan eta eskola jarduerak berriro hasi eta gero, espero dute arnas aparatuko gaitzek gora egingo dutela haur, gazte eta helduen artean, eta bere horretan eutsiko diotela edadetuen artean.

Gaixo baimena, langilearen kontu

Gaixotasun arinei lotutako gaixo baimenak langileak berak hartzea da Monica Garciak onartu nahi dituen neurrietako beste bat. Izan ere, arnas aparatuko gaixotasunen intzidentzia igo den honetan, herritar gehiagok jo dute osasun zentroetara, gaixoaldi baimena eskatzeko horietako askok.

Hala, gaixo baimen hori langile bakoitzak bere kabuz hartzea proposatu du Garciak, betiere gehienez hiru egunekoa bada. COVID-19aren pandemiaren garaian neurri hori hartu zuen Espainiako Gobernuak, eta gaur goizean Garciak Onda Cero irratian adierazi du Europako beste herrialde batzuetan neurri hori beti dagoela aktibo. Hala ere, neurri hori Gizarte Segurantzarekin batera hartu behar du Osasun Ministerioak.

Garciak ez du egunik zehaztu neurri hori onartzeko, «hainbat eragilerekin» hitz egin behar baitu oraindik, zer ondorio izan ditzakeen aztertzeko bereziki.

Familia Medikuen Espainiako Elkarteak kalkulatu du langileak berak gaixoaldi baimena hartuz gero %20 murriztuko litzatekeela lehen arretako kontsulten kopurua.

Biltegi berria martxan

COVID-19aren pandemiak ezustean hartu zituen munduko gobernu gehienak, eta denak aldi berean hasi ziren osasun zentroetarako materiala erosten: maskarak, eskularruak eta erizainentzako eta medikuentzako segurtasun jantziak batez ere. Eskaria eskaintza baino askoz handiagoa zen, eta material falta handia egon zen zentro askotan. Eusko Jaurlaritzak ez du hori berriro gertatzerik nahi, eta, hortaz, biltegi berri bat jarri zuen martxan, materiala eskura izateko edozein osasun larrialditan.

Bada, Eldiario.es agerkari digitalak adierazi duenaren arabera, biltegi hori egiteko lehiaketa abiatzeko baimena eman dio KEAO Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak Osakidetzari. 4,3 milioi euro inbertitu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak horretan, baina eraikuntza atzeratzen ari da, LAB sindikatuak helegitea jarri baitzion prozesuari, Lakua zerbitzu publikoak pribatizatzen ari zelakoan.

Nahiz eta proiektuaren hasierako aurrekontua 4,3 milioi eurokoa izan, garestiago aterako zaio Osakidetzari azkenean. Lehenik eta behin, aurrekontu hori BEZa kontuan hartu gabe egina delako, eta balitekeelako atzerapenak egotea. Bi urteko epea izango dute biltegia eraikitzeko.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, biltegia kudeatuko dutenek ez dute harremanik izango Osakidetzarekin; hain zuzen ere, horrek bultzatu zuen LAB helegitea jartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.