Jendetza batu zen atzo goizean Elorrioko Herriko plazan, hasiera emateko Gazte Topaguneari. Goizean oraindik azken ukituak egiten eta azken pankartak ipintzen ari ziren. Hiru egunez, apirilaren 9ra arte, mahai inguruak, kontzertuak eta tailerrak egingo dituzte herrian, eta, domekan, Iruñeko Aberri Egunera jotzeko deia egin dute.
Kuadrillak multzoka heltzen hasi ziren plazara, eta pozik egin zien harrera Ane Alaba bozeramaileak bertan bildutako gazteei. «Ikaragarri pozten gaitu plaza gazte independentista eta borrokalariz beteta ikusteak», esan zuen. «Lau egunez, gure utopia errealitate bihurtzeko gai garela demostratuko dugu».
Hamar urte bete berri ditu Ernai gazte antolakundeak martxoan, eta topaketen helburua da hamar urte barruko Euskal Herria «imajinatzea eta irudikatzea». Alabaren berbetan, «borrokarako indarrak batuta» eta musikarekin, «ikasteko, desikasteko harremanak izateko eta elkarrekin gozatzeko» parada izango dute egunotan.
Ikusi gehiago:'Z belaunaldiaren' inguruan arituko dira gaur Gazte Topagunean
Ongietorria eman zien Ernaiko bozeramaileak bertaratu zirenei, baita «munduko beste txoko batzuetatik» iritsitako lagunei ere. Kattalin Garaizabal Elorrioko Ernaiko kideak ere egin zien abegi, herriko militanteen izenean: «Poza eta indarra ematen digu Elorrio, 21 urte geroago, berriro ere gazte independentiston topagune izateak». Azaldu zuenez, «hamaika eragileren konpromisoari eta laguntzari esker» da posible aurtengo edizioa. «Gazteak gara, eta gurea da oraina», aldarrikatu zuen.
Joan den ostiralean hasi zituzten muntaketa lanak, Manu Martinez kideak adierazi duenez, baina astelehenetik daramate antolakuntzako kide gehienek herrian, «etengabe, herriko gazteen babesarekin». Oraindik lana geratzen zaiela azpimarratu du, eta astelehenera arte geldituko direla, dena jasotzeko. «Lo egiten gauden orduak kenduta, gainerako denak aktibo emango ditugu». Haren berbetan, «milaka» gaztek egingo dituzte txandak egunotan.
Lan horren emaitza ikusten hasi dira dagoeneko Alaba eta Txomin Aiartza gazte antolakundeko bozeramaileak. Alabaren arabera, orain arteko hitzaldi guztiak «gainezka» egon dira; eta foro denak, «beteta». «Horrek erakusten du badagoela gazteria bat bizitzeko beste modu baten alde egiteko prest; hortaz hausnartzeko, horrela bizitzeko», laburbildu du. Haren berbak osatu ditu Aiartzak, eta uste du «euforia» dela jendearengan nabaritu duen emozio nagusia. «Eta indarra eta ilusioa».
4.000-5.000 lagun batzeko helburua zeukaten. «Helburu kuantitatibo» hori betetzeko bidean daudela uste dute, sarritan «azken momentuan saltzen direlako sarrera nahikotxo». Osasuntsu ikusten dute gazte antolakundea. Alabaren esanetan, pandemiak «desmobilizazioa» eta «neoliberalismoaren aurrerapen basatia» ekarri zuen, baina Ernaik jakin zuen bere momentuan kalera salto egiten. III. Kongresua egin dute oraintsu, eta irudipena dauka antolakundea «egonkortuta» eta «%100» daukatela «prest».
«Kongresuarekin gure tesi politiko guztiak ordenatu, gaurkotu eta aurrez aurre daukagun testuinguruari erantzuteko eraginkorrago egin ditugu», adierazi du eledunak.
Elorrioko 2002ko Gazte Topaguneak badauka «mitotik», eta hari horri tiraka antolatu dute aurtengoa ere. Segi gazte erakundea legez kanporatu eta gutxira egin zen hura, eta antolatzaileetako asko atxilotu zituzten aste batzuk lehenago. Ernairen 10. urteurrena izanda, topagune «jendetsu» bat antolatu nahi zutela esan du Aiartzak; herriak «zerbait» transmiti zezan. Baina helburua ez da bakarrik gorazarrea: «Asmoa ez da aurtengoa 2002ko horren nostalgiaren bitartez elikatzea, baizik eta aldarrikatzea gure belaunaldiak ere badituela, behar dituela eta nahi dituela izan bere mugarri propioak», azpimarratu du Aiartzak. «Zentzu horretan, Elorrioko 2023ko topagunea izango da gure belaunaldiarentzat aldarrikatzeko mugarri bat».
Jaia eta borroka
Egunotan, nazio zapalkuntzaz, polizia ereduaz eta maskulinitate eredu berriez hausnartuko dute, besteak beste. Irlandako, Eskoziako, Kurdistango eta Uruguaiko kasuetatik ateratako irakaspenak ere plazaratuko dituzte. Mahai inguru politiko teorikoez gain, izango dituzte tailerrak eta aisialdirako saioak ere. Atzo arratsaldean zumba saioa eta serigrafia eta dantza tailerrak egin zituzten, eta gaur goizean Wazemank telesailaren maratoia egingo dute zenbaitek.
Aisialdiaren eta lan politikoaren arteko oreka ondo mantendu dutela uste dute antolatzaileek, eta bi elementu horien uztartzeak indartzen duela planteamendua bera. Aiartzak, berbaz berba: «Eraginkorra da gaitasuna izatea, batetik, hitzaldi egitarau bat izateko, hausnarketarako eta eztabaidarako; eta, bestetik, jakitea hori aisialdi eskaintza batekin uztartzen, sustatzen dituena bestelako harreman eredu batzuk, balio kolektibo eta komunitarioetan oinarrituak eta logika merkantilistetatik kanpo kokatu daitezkeenak».
Dozenaka kontzertu egongo dira gauetan, musika estilo askotakoak. Talde eta bakarlaririk entzutetsuenak izango dira: Zetak, Sua, Ezpalak, Olaia Inziarte, Su Ta Gar, Liher, Gatibu eta Hofe; baina talde txikiek ere izango dute lekurik.
Oraingoentzako mugarri propioa
Aurtengo Gazte Topaguneari ekin dio Ernaik. Hamaika mahai inguru, tailer eta kontzertu egingo dituzte egunotan. Domekan Iruñeko Aberri Egunera joateko deia egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu