Ohiko eskolaren eredua bazter utzi, eta eztabaida gidatu bat proposatu die Tania Martinez Portugalek (Etxebarria, Bizkaia, 1983) ikasleei. Bi egunez, pedagogia libertarioa jorratzea hartu du helburu, Iraultzaileak hezten: hezkuntza, eraldaketa sozialerako tresna gisa Udako Euskal Unibertsitatearen Udako Ikastaroaren bidez.
Egungo hezkuntza sistema formalaren kritika da abiapuntua?
Bai. Azaldu behar dugu zergatik ari garen beste bide bat jorratzen. Pedagogia libertarioak anarkismotik sortzen diren hainbat teoria hezitzaile jasotzen ditu, eta teoria horiek defendatzen dute aldaketa sozialerako tresna izan daitekeela hezkuntza.
Hezkuntza formalaren ereduaren atzean zer dago, zure ustez?
Sistema kapitalista, neoliberal eta patriarkala betikotzeko helburua du egungo hezkuntza sistemak. Hezkuntza sistemaren lana da garaian garaiko gizarte motak behar dituen pertsona motak sortzea.
Gizakion ikuspuntu kritikoak ez du tokirik hor?
Orokorrean, ez. Horretarako prestatzen gaitu sistemak. Sistemak berak bideak garatzen ditu gu eroso bizitzeko. Oro har, ez dugu kontra egiteko indarrik. Hala ere, pertsona askok badute sistemari aurre egiteko behar hori. Balio jakin batzuk lantzen ditu hezkuntza sistemak: indibidualismoa, lehiakortasuna; halako balioak dituzten pertsonak behar dituelako egungo sistema ekonomiko eta politikoak.
Haurra eskolara bidaltzen duten gurasoek ez dute aukeratzeko tarterik?
Gurasoek uste dute beren aukera dela haurra eskolara bidaltzea, aukeratu egiten dutela publikora edo pribatura eramatea, edo ikastolara edo zentro erlijioso batera. Baina, benetan, emanda dagoen bide bakar baten barruan ari gara aukeratzen; ez da benetako aukera. Hala ere, badira, izan dira eta izango dira bestelako heziketa bat proposatzen duten esperientziak. Hori ezagutzea garrantzitsua da.
Eskola libre eta libertarioen arteko aldea nabarmendu duzu.
Kontuan izan behar dugu eskola libreak eta libertarioak ez direla gauza bera. Libertarioak hainbat motatakoak izan daitezke, baina sistemaren aurkako planteamendua dute beti; paradigma, anarkismoa da. Argi eta garbi dituzte hainbat ardatz: antiautoristarismoa, hezkuntza integrala, lan intelektualaren eta eskulanaren arteko banaketa eta autogestio pedagogikoa. Autogestio hori funtsezkoa da bermatzeko zure heziketa proiektuaren curriculumean ez duzula izango inolako botere erakunderen eragina. Eskola libre asko egon daitezke, bestalde, sistema formaletik at beste pedagogia mota batzuk erabiltzen dituztenak.
Ikastaroan, aipatu duzue eredu berri guztiek ez dutela gizartean eragiteko helburua. Pedagogia libertarioak gehiago jorratzen du aldaketarako bide hori?
Bai eta ez. Hainbat joera bada. Teoria soziopolitikoen arabera, gizakia ez da aske jaiotzen, eta modu kolektiboan lortu behar dugu askatasuna. Horretarako, autoritate minimo bat aurreikusten du, eta dogmatizatzearen beharra, baina ez modu doktrinario batean, anarkismoak defendatzen dituen balioak defendatuz baizik; bestela, sistemak berak inposatuko baititu.
Zu eredu hori aztertzen ari zara...
Bai. Kontzeptuei buruz eztabaida egin, eta teoria praktikara eramanen dugu gero, gure proiektu propioa pentsatuz.
Irakasleak dituzu hainbat ikasle. Sistema formaletik ateratzea kosta egiten dela aipatu dute zenbaitek.
Egoerak berak agintzen du askotan. Beste mota bateko pentsamendua garatzen hasten garenean, sistemaren barruan jarraitzen dugu.
Barrutik eragin daiteke?
Eman behar dira borroka paraleloak, nire ustez. Iraultza txikiak egin behar dira, alternatibak eratu gure bizitzako esparru guztietan. Diskurtsotik harago, alternatiba horiek gauzatzeko aukerak eskaini behar zaizkio gizarteari. Sistemaren barruan eragiten hasi, eta sistematik at sortu, hazi eta zabaldu daitezkeen proiektuak egin behar dira.
Oraingoa garai ona izan daiteke aldaketarako?
Beti da garai ona, baina oraingoak jende gehiago bultza dezake halako alternatibak proposatzera.
Zer bidetik doaz Euskal Herrian dauden proiektuak?
Bakoitza bere bidea jorratzen ari da. Sare bat behar da, baina oraindik ez gaude, nire ustez, halakorik sortzeko garaian hemen, esperientzia oso ezberdinak daudelako, helburu ezberdinekin.
Tania Martinez Portugal. Politologoa
«Oraingo garaiak jende gehiago bultza dezake alternatibak proposatzera»
Hezkuntza sistema formaletik kanpoko heziketa ereduak lantzen ari da Tania Martinez Portugal politologo eta gizarte ikertzailea egunotan, Iruñean, UEUren ikastaroetan. Gogoeta bultzatu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu