Iñaki Lasagabaster. Legelaria

«Oraingo egoeran bagaude, gure errua ere bada»

EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunak uste du euskal instituzioak eta indar politikoak «Kataluniari begira» daudela, eta beste egoera juridiko eta instituzional bat lortzeko estrategia falta dela; «batasunik ezean, ezer gutxi lor daiteke», azaldu du.

gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Eskarmentu handia bildu du Iñaki Lasagabaster Herrartek (Gasteiz, 1953) zuzenbidearen arloan. EHUko Administrazio Zuzenbideko katedraduna da, eta zuzenbide penala, ingurune zuzenbidea eta lurralde antolamendua irakasgaien irakasle ere izan da. Liburu berri bat plazaratu du oraindik orain, Zuzenbide publikoa Euskal Herrian (Lete): Euskal Herriko lurraldeetan ezarrita dauden errealitate juridiko eta instituzionalen azterketa xehea. Horretan oinarrituta, egungo egoera juridiko-instituzionalaz eta Euskal Herriari zabaltzen zaizkion aukerez mintzatu da BERRIArekin. Dioenez, egoera «geldirik» dago, eta indar politikoak «Kataluniari begira» sumatzen ditu, euskal prozesu bat abian jartzen baino gehiago.

Zein da azken lan honen helburu nagusia?

Gure egoera politiko-instituzionala zein den azaltzea, nondik eta nola iritsi garen hona eta abar. Adibidez, uste dut trantsizioa ez zela oso demokratikoa izan, Nafarroan batez ere. Han, frankismoaren seme-alabak indartsu zeuden oraindik, eta galarazi egin zuten Hego Euskal Herriko lau herrialdeak batera egotea. Historia hurbila ere aztertu dut, Ibarretxeplana deritzona, adibidez, eta orain nola gauden: geldirik, alegia.

Geldirik?

Autogobernu batzordea eta horrelako ekinbideak daude, baina oso apalak dira, eta badirudi Kataluniari begira gaudela, han zer gertatuko.

Eragile askok uste dute Hego Euskal Herrian ezarritako egitura politiko-instituzionalak eman duela eman beharrekoa eta akiturik dagoela. Iritzi berekoa zara?

Erabat. Adibidez, ez da ulergarria Jaurlaritzak esatea Ertzaintzaren beste berrehun lanpostu aterako dituela, eta Madrilek helegitea jarri eta geldiaraztea. Gure autonomia baldintzatuegi dago. Bestalde, uste dut Eusko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentua ez direla benetako parlamentuak. Ez da ulergarria sistema politiko demokratiko batean Kataluniako Parlamentuko presidentea auzipeturik egotea. Inork ez luke ulertuko Bavariako parlamentuko presidentea auzipeturik egotea arrazoi politikoak direla eta; alde batetik, parlamentua, instituzio gisa, bortxaezina delako, eta beste aldetik, parlamentarioek ere bortxaezintasuna eta immunitatea izan behar dituztelako ezaugarri. Kontrakoa pentsaezina da.

Instituzio egitura berri batek nolako bermeak izan beharko lituzke?

Nik uste dut estatu bat izatea guztiz beharrezkoa dela; estatu independentea edo egitura federal baten barruan izan behar duen, hori beste eztabaida bat da, baina politikoki estatuaren ezaugarriak izan behar ditugu, botere judiziala barne. Bestela badakigu zer gertatzen den, ikusten ari garelako, Kataluniaren kasuan adibidez: menderatze mekanismo gisa erabiltzen dute. Beste egoera batera joan behar dugu, non gure ahalmen politikoa bermatuta egongo den.

Bermatuta Europari begira ere?

Duela gutxi, Valoniako parlamentuak atzera bota du Europako Batasunak onartutako arau bat. Euskal Herriak ere subjektu politikoa izan behar du Espainiako Estatuaren aurrean ez ezik Europaren aurrean ere. Bere neurrian, noski, herri txiki bat garelako; baina horrek ez du esan nahi Europaren aurrean zereginik ez dugunik.

Jakin aldizkarirako idatzi duzun artikulu batean esan duzu Euskal Herrian gauzak geldi antzean daudela autogobernuaren arloan, eta gaur egun Katalunia dela «probalekua». Zergatik?

Garai batean, Euskal Herria izan zen probalekua, Ibarretxeren garaian, adibidez, zortzi urtez, eta gero Kataluniak hartu du lekukoa. Garai hartan, beharbada, gure itsasontziak erre egin genituen, nolabait esateko. EAJ eta ezker abertzalearen harremanak ezinezkoak edo oso zailak ziren, ezker abertzaleak errefusatu egiten zituen seguru asko gaur onartuko lituzkeen zenbait kontu, eta, EAJri dagokionez, Ibarretxek bazuen asmo bat baina alderdia, edo alderdiaren zati handi bat, ez zetorren harekin bat. Ez zegoen batasunik, eta, batasunik ezean, ezer gutxi lor daiteke.

Katalunian gauzak bestela egin dituztela uste duzu?

Katalunian, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak estatutuaren kontrako ebazpena atera zuenean, milioi bat lagunek baino gehiagok sekulako manifestazioa egin zuten, eta [Artur] Mas presidenteak jarrera aldatu zuen eta esan zuen herritarrei galdetuko ziela. Hemen alderantziz gertatu zen: Espainiako Kongresuan muturren aurrean itxi ziguten atea, Konstituzionalak esan zuen ez geneukala zer eginik, eta hor amaitu zen guztia. Ez genuen ezer egin. Oraingo egoeran bagaude, geure errua ere bada. Ez dago batasunik, estrategia politikoa kaskarra izan da, eta alderdiek eta instituzioek ez dute herriaren mobilizazioa indartu nahi. Ondorioz, gizarte zibila lo dago.

Legebiltzarrean badago autogobernu batzorde bat, eta estatus berriari buruzko proposamen bat egingo omen du.

Aurreko agintaldian ere egon zen. Batzuetan, horrelako batzordeak gauzak dauden moduan uzteko baino ez dira, eta prozesu politikoak geldiarazteko.

Orduan, zure ustez, nondik etor daiteke gauzak aldatzeko bultzada?

Nik uste dut arlo honetan indar handiena sindikatuena dela. ELAk eta LABek oso argi utzi dute euren arloan, lan arloan, zentralizazio prozesu garrantzitsua gertatzen ari dela eta botereek ez dutela bertoko sindikalismo indartsua nahi, eta patronala ere erosoago dagoela beste sindikalismo eredu batekin. Uste dut gaur egun abertzaletasunik zintzoena sindikatuetan dagoela. Hemengo erakunde publikoek ez dituzte lan arloko eskumenak behar bezala defendatzen.

Nolako aukerak zabaltzen ditu Ipar Euskal Herrian Euskal Elkargoa sortu izanak?

Oso garrantzitsua izan da hori. Lehenengo aldia da Ipar Euskal Herriak administrazio egitura bateratua lortzen duela. Aurrekontu esanguratsua du, ez Hego Euskal Herriko administrazioek bezain handia, baina aukera emango du gauza batzuk egiteko, kulturaren eta euskararen arloan, lurralde antolaketan, ekonomian eta abarretan. Ipar Euskal Herrian gizarte zibila eta mugimendu politikoak oso desberdinak dira Hego Euskal Herrikoekin alderatuta, eta hori oso argi ikusi da bakearen artisauak izenekoekin. Hemen ez gara horrelakoak egiteko gauza izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.