Koronabirusa. Aitor Aritzeta. Psikologia doktorea EHUn

«Orainean bizitzen saiatu behar dugu»

Psikologoek 'neke pandemiko' deitu diote izurritearen ondorioz jendeak sentitzen duen neke sentsazioari. Adituen ustez, gizartearen gehiengoak jasan du gaitzaren sintomaren bat. Zertan den azaldu du Aritzetak.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Izurriteak neke sentsazio nabarmena eragin die herritar askori; neke pandemiko izendatu dute hainbat adituk. Gaitzari buruz jakin beharrekoak azaldu ditu Aitor Aritzeta psikologoak (Villabona, Gipuzkoa 1975), baita hari aurre egiteko zenbait aholku ere.

Zer da neke pandemikoa?

Pandemian bizi ditugun egoera estresagarrien ondorioz sentitzen dugun neke fisiko eta emozionalari deitzen diogu horrela. Energiaren eta tentsioaren arteko desoreka handi bat gertatzen da, eta horrek luze irauten dueneanazaltzen da neke pandemikoa.

Zein dira sintoma nagusiak?

Batik bat, motibaziorik eza, apatia, eta neke emozionala eta mentala. Gainera, ohikoa da larritasun orokortua sentitzea, oso ondo jakin gabe zergatik. Aldi berean, erretxin gabiltza, erraztasunez haserretzen gaituzte gauza askok. Sintomak lan munduan agertu ohi den burnout sindromean azaltzen direnen antzekoak dira.

Zerk eragina da, zehazki?

Esaterako, kutsatzeko beldurrak, etorkizunean gerta daitekeenaren gaineko ezjakintasunak, etengabe berri txarrak aditu beharrak, prebentzio neurriek gure askatasunean ezarritako mugek, pandemiaren eraginez ekonomiak izan dituen kalteek...

Nork pairatu dezake gaitza?

Oso zabalduta dago gizartean. Kalera atera eta jendeari eskatuko bagenio azaltzeko zer ari diren sentitzen, seguru nago denek aipatuko lituzkete sintometako batzuk; agian ez denek, baina gehienek bai. Kontua da pertsona batzuk prestatuago daudela jasaten ari garen honi aurre egiteko, eta, aldiz, beste zenbaitek ez dute baliabide nahikorik, eta ez dute jakiten nola jokatu. Gainera, ukaezina da kolektibo batzuk arrisku askoz handiagoa dutela hori pairatzeko.

Zer kolektibok?

Osasun arloko langileek, esaterako. Zalantzarik gabe, nekeza da egunero eta ia etengabe gaixotasunarekin harreman zuzena izatea. Adinekoetan ere ohikoa da gaitz hau, badakitelako birusarekin kutsatzen badira handi samarra dela arriskua, eta, beraz, beldurraren intentsitatea nabarmen handiagoa da. Bestalde, egoera ekonomiko kaskarragoan bizi direnei ere berdintsu gertatzen zaie, pandemiak eragiten dituen albo kalteek gehiago arduratzen dituztelako; handiagoa da sentitzen duten larritasuna. Kasu horretan, badakigu pobreziak gehiago eragiten diela guraso bakarreko familiei eta horiek emakumeak direla normalean. Gainera, ezin ditugu haurrak ahaztu, bereziki hauskorrak baitira.

Zortzi hilabete baino gehiago dira pandemia Euskal Herrira iritsi zela. Noiz hasi zen nabaritzen neke pandemikoa jendartean?

Oraingoz ez dugu ziurtasun nahikorik esateko zehazki noiz hasi zen jendea gaitza jasaten, baina badakigu osasun mentaleko gaixotasunek nabarmen egin dutela gora pandemian. Euskal Herriko daturik ez dugu, baina Espainiako Estatukoek diote, esaterako, estres egoerak %35 areagotu direla, depresio sintomak, berriz, %30 inguru; lo egiteko arazoak %40 baino gehiago... Horien guztien hazkundea dela eta, nahikoa izan dira sei hilabete neke mota hori arazo larri bihurtzeko. OME Osasunaren Munduko Erakundeak aspaldi bidali zuen ohar bat esanez arazo bihur zitekeela.

Zertaz ohartarazi zuen OMEk?

Kontuz ibiltzeko esan zuten, ikusi zutelako jendea izugarri nekatua zegoela, eta horrek eragin zuzena duelako birusaren aurrean hartzen den jarreran. Energiarik gabe eta etsituta sentitzen garenez, ez ditugu geure buruak hainbeste babesten, eta zaurgarriagoak gara; errazago kutsatzen gara.

Denborak aurrera egin ahala,pisuagoa da nekearen zama?

Prozesu ziklikoa da; uhin sinusoidal baten antzerakoa. Tentsioak gora egiten du lehenbizi, baina ez etengabe. Puntu batera ailegatuta, energia bukatu egiten da, eta, ezinbestean, tentsioak ere behera egin behar izaten du. Ordea, kontuak okerrera egiten du tentsioa eragiten duten faktore horiek luze irauten badute. Adibidez, bigarren itxialdi bat izango balitz, kolpe handia jasoko luke jendeak, baliabide gutxiagorekin harrapatuko gintuzkeelako neurri horrek, dagoeneko nekatuta.

Zerk lagundu dezake neke pandemikoari aurre egiten?

Energia berreskuratzen saiatzea da egin beharreko lehenbiziko urratsa, eta horretarako badira norbanakoek egin ditzaketen hainbat gauza. Batetik, izugarri laguntzen du ariketa fisikoa egiteak; ez dago munduan hori baino antidepresibo hoberik. Bigarrenik, oso inportantea da elikadura zaintzea, eta, bestalde, ezinbestekoa da loaldiaren errutinak zaintzen saiatzea. Gainera, inportantea da harreman sozialei eustea, ahal den bezala; teknologien bidez molda gaitezke, adibidez. Besteei ere lagundu behar diegu, inor ez dadin sentitu deskonektatuta edo bakardadean.

Emozionalki, zer eragin du etorkizunarekiko ziurgabetasunak?

Ezjakintasunaren aurrean, gizakiok badugu halako joera bat pentsatzeko gauzak gaizki aterako direla. Geure burua babesteko egiten dugu, baina horrek sekulako sufrimendua ekartzen du. Horri aurre egiteko, komeni zaigu konfiantza lantzea, hiru mailatan: geure buruarekiko konfiantza, besteekiko duguna, eta, funtsezkoena: bizitzarekiko konfiantza. Pentsatu behar dugu hau konponduko dela noizbait.

COVID-19ari buruzko informazio zurrunbilo honetan, maiz uholde ere badela aintzat hartuta, ez al da zaila baikorra izatea?

Mugatu egin behar ditugu jasotzen ditugun berri txarrak: asko jota, ordubete erreparatu behar diegu pandemiari buruzko albisteei. Gainera, jendeari lagundu behar zaio burua ez dadin joan oso urrutira; hau da, orainean bizi behar dugu. Izan ere, burua iraganera joaten bazaizu, ohikoagoa da tristura sentitzea; etorkizunera joanda, berriz, hazi egiten da antsietatea jasateko arriskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.