Ricardo Caparros. Ailaket taldeko kidea

«Oraindik gaizki ikusia dago drogak gozamenarekin lotzea»

Ailaket taldeko kideek drogei buruzko informazio zehatza eskaintzen diete gazteei zein helduei: uda osoan dabiltza herriz herri zalantzak argitzen. Haien helburua gizarteak kalitatezko informazioa izatea da, eta ez inoren erabakietan eragitea.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Ailaket taldea festaz festa dabil, urtero bezala, herritarren zalantzak argitzen eta drogen onurak eta kalteak azaleratzen. Urtez urte, jakin-mina piztuz doa; jende gehiago joaten da haien postura, aholku eske. Ricardo Caparros (1978, Gasteiz) elkarteko kide da, eta Euskal Herriko hamaika festatan ibili da azken hiru hilabeteetan.

Nola sortu zen proiektua?

Hasieran, droga kontsumitzaile batzuek taldea autolaguntzarako sortu zuten, Iruñean eta Gasteizen. Informazio falta handia zegoela ikusi zuten, eta 2002. urtean Ailaket sortu zuten. Handitu eta borobildu egin da proiektua; kolektibo batentzat zegoen pentsatua hasieran, eta gizarte osoari irekita dago orain.

Zein da, gaur egun, Ailaketen helburua?

Gure helburua ez da jendearen erabakietan eragina izatea. Pertsonei, substantziei eta inguruari buruzko informazioa ematea da xedea: jendeak, erabakiak hartu ahal izateko, nahikoa informazio izatea. Ongi pasatzeko drogak nola erabil daitezkeen azaltzen dugu, eta zer arrisku duten ere bai. Adibidez, nahasketek izan ditzaketen arriskuak nabarmentzen saiatzen gara.

Zergatik da hain arriskutsua drogak nahastea?

Nahasketekin arrisku guztiak areagotzen dira, eta aukera gehiago dago esperientzia txar bat izateko. Betidanik egin izan dira nahasketak: adibidez, normaltzat hartzen dugu kafea whiskiarekin nahastea, eta bizigarri bat beheratzaile batekin nahasten ari gara. Nahasketak egiten dituen jendeak horiek maneiatzen jakin behar du, eta hori zaila da. Jendeak nahasketak egiten ditu droga batekin bestearen efektua orekatzeko: alkohol gehiegi edan eta, animatzeko asmoz, speeda hartzen baduzu, speedaren efektua pasatu ondoren, alkoholarena izango duzu berriro. Droga batek ez du bestearen eragina desagerrarazten, ezkutatu baizik.

Herrietako festetan zabiltzate informazioa banatzen. Jendea ausartzen al da zalantzak galdetzera?

Batzuetan, jendea lotsatu egiten da, batez ere, ezagutzen ez bagaituzte. Hala ere, hamar urte baino gehiago daramatzagu Euskal Herriko festetan, eta ia herri gehienetan ezagutzen gaituzte. Zerbitzua ezagutzen dutenek, normalean, errepikatu egiten dute. Guk eskaintzen dugun zerbitzua ez da droga kontsumitzaileentzat soilik, gizarte guztiarentzat da; beraz, mota guztietako pertsonak etortzen zaizkigu.

Zein dira euskal herritarrek, oro har, izaten dituzten zalantzak?

Lege aldetik dauden mugei buruzko galdera asko jasotzen ditugu, batik bat kalamuari buruzkoak. Legez kanpoko drogekiko zalantza asko dago. Bestalde, errepideetan egiten diren kontrolei buruzko zalantza asko ditu jendeak: zerk ematen duen positibo, noiz, nola... Legez kanpoko drogekin, gorputzak drogaren azken hondarrak kanporatu arte positibo eman dezakezu, nahiz eta, askotan, gidatzean eraginik ez duen horrek. Legedia ez dago eguneratua droga kontuetan. Drogen efektuei eta nahasketei buruz ere asko galdetzen dute.

Gazteria ongi informatuta dagoela uste duzu?

Informazioa badute, baina era guztietako informazioa dago. Informazio ona badago, baina baita sasi-informazioa eta beldurra eragiten duen informazioa ere. Gure helburua informazio sinesgarria eta zehatza eskaintzea da. Substantziei buruzko informazioa, aukerei eta arriskuei buruzkoa eskaintzen dugu guk, besteak beste. Informazioa garrantzitsua da, baina pertsona arduratsuak izan eta erabaki egokiak hartzeko gai izatea ere bai; hori ikusarazten saiatzen gara.

Haur eta gazteen oinarrizko heziketan drogei buruzko informazio nahikoa ematen da?

Oraindik gaizki ikusia dago drogak gozamenarekin lotzea. Askotan, haur eta nerabeei gaia tabu gisa aurkezten zaie, beldurra dagoelako. Gure ustez, hori ez da aukerarik egokiena; ez dugu esan nahi gazteak droga kontsumitzera animatu behar direla, baina garrantzitsua da haiekin prebentzioa, arriskuak eta ondorioak objektiboki lantzea.

Informazioa emateaz gain, drogen analisiak egiten dituzue. Zein dira gehien kontsumitzen diren drogak?

Zalantzarik gabe, droga legalak: bai jende kopuru aldetik, bai sarritasun aldetik ere, tabakoa eta alkohola dira gehien kontsumitzen diren drogak. Legez kanpoko drogei dagokienez, kalamua eta haxixa kontsumitzen dira gehien; ondoren, anfetamina eta kokaina daude.

Gero eta lehenago hasten dira gazteak droga kontsumitzen?

Ez. Urtero gauza bera esaten da, eta, horrela balitz, 10 urteko haurrek droga kontsumituko lukete. Hori mito bat da: inkestek diotenez, droga legalen eta kalamuaren kontsumoa 14 eta 16 urte bitartean hasten da, droga kimikoena, berriz, 18 eta 22 urte inguruan.

Oro har, jendea kontziente al da kontsumitzen duenaz?

Gazteak garenean, garrantzia ematen diogu esperientzia berriak probatzeari, eta kezkak alde batera uzten ditugu. Helduek, berriz, arriskuei gehiago erreparatzen diete: normalean, drogek eragin ditzaketen arazoak ezagutzen dituzte, esperientziagatik.

Behin jai giroa eta drogak aipatuta, sexu bidezko kutsatzea ere kezkagarria da; zuen informazio gunean lantzen duzue gaia. Nahikoa prebentzio izaten al dute gazteek sexu harremanetan?

Drogaren kontsumoan bezala, sexu harremanei dagokienez ere badira prebentzioz jokatzen dutenak, eta nahikoa neurri hartzen ez dutenak. Arazoak saihesteko, garrantzitsua da informazio eta prebentzio lana, baita gazteak behar duten baliabideez hornitzea ere. Horrekin batera, genero ikuspegia lantzen saiatzen gara; batzorde bat dugu horretarako.

Zer ikuspuntu du gizarteak legeztatutako eta legeztatu gabeko drogei buruz?

Legez kanpoko drogetan informazioa urriagoa da, eta ez dira begi onez ikusten. Horrez gain, droga legalek arriskurik ez dutela pentsatzen da sarritan. Droga guztien legalizazioaren eztabaida zabaltzea nahi dugu. Horren harira, zenbait herrialdetan sustatu dituzten eztabaidak begi onez ikusten ditugu guk.

Euskal herritarrak festaz festa dabiltza garai honetan; zer gomendatuko zenieke?

Bakoitzak erabaki behar du zer eta noiz kontsumitu, baina ez hartu ezer besteek esan dizutelako, eta ez bultza inor ezer hartzera. Ezjakintasuna arazo larria da, eta pertsona bakoitza desberdina da: ezer egin aurretik, informatu. Bestalde, derrigorrezkoa da egindakoaz arduratzea. Drogak hartzeak ez du esan nahi besteekiko begirunea galdu dezakezunik. Eta, amaitzeko, inoiz ez ahaztu hau: goregi igo nahi baduzu, beheregi jaitsi beharko duzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.