Zer pasatu da udan Madrilek urrats sendorik ez egiteko bestelako espetxe politika baterako? Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak ekainean kartzela politikaren aldaketa iragarri bazuen, ETA maiatzetik deseginda badago, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak Sanchezi espetxe arloa lehentasunen artean hartzeko eskatu bazion ekainean Moncloan, hil berean Hegoaldeko bi legebiltzarrak eta gehiengo sindikala neurri berrien alde agertu baziren, EPPK-k «kaleratze» bidean legebideari jarraitzeko prestasuna berretsi badu udan eta Madrilek Parisen eredua hor badauka, zer pasatu da udan taxuzko mugimendurik ez egiteko?
Lau hilabete bete dira Sanchezek kargua hartu eta lehen elkarrizketan espetxe politika moldatuko dutela esan zuenetik, eta hau egin dute geroztik: Olga Sanz eta Xabier Moreno Basauriko (Bizkaia) kartzelara ekarri dituzte; Alfredo Remirez, Zaballakora (Araba); eta Marta Igarriz, Kepa Arronategi eta Jagoba Codo, Euskal Herriaren periferiako bi espetxetara lekualdatu dituzte—Codo, aurki, Madrilek zabaldu duenez—. Mugimendu horiek ulertzeko jakingarri dira: EPPKtik atera diren presoak dira Sanz eta Moreno; txio batzuengatik daukate gatibu Remirez; Arronategi eta Codo larri gaixorik daude, eta Igarriz aste batzuk lehenago lehen gradutik bigarrengora pasatu zuten —EPPK-ko beste bizpahiru ere pasatu dituzte—. Horiez guztiez gain, beste zazpi preso Euskal Herriratu ditu Madrilek: Altsasuko auzikoak.
Etxerat-ek «kea saltzea» egotzi dio gobernuari. Sare ere urrats eske dabil. Ezker abertzaleak Kalera aldizkariaren atzeneko zenbakian —udazken honetakoan— espetxe administrazioaren «inakzioa» deitoratu du, eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzari «sentsibilitaterik eza» egotzi dio, ez dituelako helegiteak azkar aztertzen eta ia guztiak baztertu egin dituelako.
Ez dio borondate onik ikusten ezker abertzaleak Madrili, legeen inguruan-eta iritzi publikoan eta instituzioetan «nahasmendua» eragin nahian ari delakoan. «Kezkagarria da». Fokua EPPK-ko kideengan eta Sorturengan jartzeko xedea ere nabari du ezker abertzaleak, Kalera-n espetxe politikari buruzko artikulu batean dioenez. Esaterako, gobernuak eta eragile instituzional eta politiko batzuek kolektiboko presoei eta Sorturi iraganarekiko autokritika eskatzen dietenean, ezker abertzaleak uste du bilatzen dutena dela aitortzea hamarkadetako «militantzia eta konpromiso oro alferrikakoa eta huts egitea» izan zela, eta eremu horrek eragindako mina soilik izan zela «injustua». Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak jendaurrean ere ez du ezkutatzen euren estrategiak bilatzen duela presoek eta Sortuk autokritika hori egitea. «Jarrera batez ari gara, azken batean. Hau da, aitortzea hiltzea gaizki egon zela». Jarrera hori lukeen presoa, gainera, ez lukete zuzenean Euskal Herrira ekarriko, ingurura baizik. Etapaka egin nahi du bidea Madrilek.
Euskal presoek lehen gradutik irtetea ezinbestekoa dute legebideari jarraitzeko, baina progresio hori ukatu egiten die estatuak. Txosten bat aurkeztu berri du Nazario Oleaga Bizkaiko Abokatu Bazkuneko dekano ohiak, eta han dio lege oinarririk gabe ari direla Espetxe Zuzendaritza eta Espetxe Zaintza ezezkoak ematen. Besteak beste, ETAk egindakoa kritikatzeko eskatzen dietelako. Gauzak dauden bezala, ez dirudi ezker abertzalea hor sartuko denik; oraingoz, ETAren biktimekiko pausoak ematekotan, aleka eta neurtuta, Errenteriako azkeneko kasuan bezala, nahiz eta euskal gizartean badiren gehiago eskatzen diotenak.
Lozak, halaber, nabarmendu du biktimen eta Espainiako gizartearen aldekotasuna lortzea izan duela helburu gobernuak bere lehen ehun egunetan. Uste du erdietsi dutela, «giro ona» dagoela jada eta «baldintzak» daudela «gerturatzeak egiteko». Udazkenean ere, ordea, gauzak ez dira mugitu. Urriaren 1eko Moncloako ekitaldia izan da ekinbide aipagarrietako bat: Espainiako eta Frantziako gobernuek zigilu propioa jarri zioten ETAren bukaerari, honen biktimak —eta ez gatazkako guztiak— gogoan izanik. Bide batez, biktimen elkarteak bilera agenda handiarekin dabiltza —Covite eta AVT, batik bat—, Madrilekin eta Parisekin bilduz, PPrekin ere bai, ezespetxe politika «baldintzatzeko», baina bai «exijentziak» mahai gainean jartzeko. PPri ere esan diote ez direla euskal presoen gerturatzeen aurka jarriko «legearen barruan» egiten badira, baina ez dute nahi hurbilketarik batere.
Oraingo fokuak
Urkulluk Moncloako bisitan hedabideen aurrean iragarritako Jaurlaritza-Madril lantaldea baden edo ez den jakin gabe —PSEk dio ez zela horretaz hitz egin—, eta Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ETAren amaiera osteko Bertizko adierazpena mugitzeke direla, gaur-gaurkoz foku bat datorren larunbateko Donostiako manifestazioan dago jarrita: Orain Presoak herritar dinamika berriak deitu du, lehentasuntzat hartuta urruntze politikaren bukaera, gradu progresioa, preso erien arta bermatzea eta Frantziako zigorurteak aintzat hartzea Espainiak.
Azkeneko puntu horretan dago beste foku bat: Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hilaren 23an emango du epaia. Parot II izan daiteke; beste buruko bat Madrilentzat. Hala ere, egun ez da hori izango Sanchezen buruhaustea. Mahai gainean ditu hasieratik gobernuaren egonkortasuna —2019ko aurrekontuak...— eta Kataluniako gatazka. Bioi eusten badie, igual izango du 2020 arteko legealdia. Eragin onik izango al luke horrek espetxe politikan? Ez dago argi.
Bakea eta elkarbizitza. Euskal presoak
ORAINDIK FALTA DA ARGITZEKO
Euskal presoen aurkako espetxe politika aldatzeko baldintza asko dauden arren, Espainiako gobernu berriak ez du urrats sendorik egin oraindik. Datorren larunbaterako, Orain Presoak herritar dinamikak manifestazio bat du deitua Donostian; aurrerabiderako oinarrizko lau eskaera egin dizkio Madrili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu