Protesta jendetsua egin nahi du Seaskak gaur Baionan: 17:00etan abiatuko da mobilizazioa, Poternetik, Ipar Euskal Herriko ikastolek behar dituzten irakasleak galdegiteko. Egoeraz mintzatu da Seaskako zuzendari Hur Gorostiaga (Hiriburu, Lapurdi, 1972).
Zein dira protestaren arrazoiak?
Urte guziz, hurrengo sartzerako negoziazioak ditugu, EEP Euskararen Erakunde Publikoaren bitartekaritzaz, inspektorearekin lehen mailarako, eta errektorearekin bigarren mailarako. Abenduan, bigarren mailarako postuak beren gain hartuko zituztela erran ziguten. Urtarril-otsail inguruan bildu ginen, lehen mailako postuez mintzatzeko: dozena bat postu galdegin genituen, eta inspektoreak lau postu eta erdi hitzeman zizkigun. Hori guzia adostua zen otsailerako, nahiz eta guretzat ez zen aski eta gehiago espero genuen. Martxoaren 8an Hezkuntza Ministerioarekin bilkura bat izan genuen, hiru urterik behin berritzen den hitzarmena negoziatzeko. Bilkura hasi baino lehen, erran ziguten hitzeman zizkigutenak ez dituztela beteko, eta zero postu izanen zirela. Hasi bezain laster negoziazioak bukatutzat eman genituen, hitza jan dutelako, inolako lotsarik gabe.
Zein dira beharrak?
Iaz Lanbide Heziketako bigarren profesionala estreinatu genuen; beraz, datorren sartzean lehen profesionalak ireki behar ditugu; horrek postu sortzeak galdegiten ditu. Baionan laugarren kolegioa ere ireki genuen, seigarren eta bosgarren mailekin; hor ere laugarrena irekitzeko postua behar da. Horrez gain, ikastola batzuetan kopuruak anitz handitzen ari dira, eta postu gehiago behar dira. Eta, gainera, irekitze naturalak ere badira: dokumentalista baten eta kolegioetan inklusiorako egitura pedagogikoetarako postu erdi baten beharra dago. Heldu den urtean, Ziburun eta Kanbon [Lapurdi] hamahiru ikasle izanen dira gela bakoitzean.
Zein da mobilizazioa?
Ikastoletako ordezkari eta lehendakari guztiak bildu ditugu erabakitzeko zer egin. Banderolak jarri dira, ikastoletan argazkiak egin dira, erakusteko zer izango litzatekeen gela bat 47 ikaslerekin. Gaur ikasleek autobusak hartuko dituzte, eta Baionara etorriko dira. Danborrada bat egingo dute: musika Donostiako martxarena izanen da, hitzak Xumai Muruak egokituta, egungo egoera salatzeko. Parisen entzun gaitzaten.
Murgiltze eredua kolokan jarri nahi dutela diozue.
Kolokan jarri nahi gaituzte, bai, baina guretzat aterabide bakarra da: postu horiek lortzea. Lortu arte borrokatzeko prest gara; espero dut ulertuko dutela. Martxoan zero postu ziren, mobilizatzen hasi gara, eta ordutik errektoretzak lau postu hitzeman dizkigu profesionala bermatzeko. Proposamen lotsagarria da. Horregatik diogu ez garela Ezpeletako ferian: ez gara behor baten prezioa negoziatzen ari, hezkuntzaz ari gara. Behar bat dugunean, horri erantzun behar zaio. Batzuek ez dute ulertzen 230 ikasle gehiagorekin 25 postu behar izatea. Gauza da aitzineko urteetatik sekulako beranta hartua duela ministerioak. Ez da soilik ikasle kopuruen araberako beharra: ikasbideen irekitzeei eta garapenari ere lotua da.
Akademia eta ikuskaritza propioa aldarrikatzen dituzue.
Parisen egin dituzten kalkuluen arabera, Frantzian lehen mailan ikasle gutxiago izanen dira datorren ikasturtean. Beraz, ondorioztatu dute ez dela posturik behar, baina gure kasuan ez da hala. Ipar Euskal Herrian, haurren %40 baino gehiago murgiltze ereduan edo elebidun publiko zein pribatuan eskolaratzen dira. Hori ez da beste inon ikusten Frantziako Estatuan. Erran nahi du Parisen ez dutela kontuan hartzen tokiko berezitasuna. Herrien antolaketa berezi bat beharrezkoa zela ikusi delarik, elkargoa sortu da; gauza berdina behar da hezkuntzan.
Zein da Iparraldeko egoera?
Azken hamar urteetan, murgiltze eredua garatuz doa: %5etik %10era pasatu da, eta berdin eskola publikoetan. Beren sistemak ez badu arras euskalduntzen ere, badakigu ondoko urteetan lehen mailan haur gehiago izanen direla euskaraz ikasten, frantses elebakarrean direnak baino. Aldaketa handi baten aitzinean gara, 2020rako-edo. Errealitate horrek kontuan hartzea eskatzen du, eta antolaketa berezi bat behar da.
Zein da aldarrikapen horrek klase politikoan duen harrera?
2012an, Ipar Euskal Herriarentzat lurralde kolektibitate berezi bat behar zela eztabaidatzen hasi ginenean, galdera bati erantzun genion: zein dira lurraldearen beharrak? Hezkuntzan, erantzuna argia izan zen: alde batetik, hizkuntza politika esperimentatzearen beharra Ipar Euskal Herri mailan; eta, bestetik, akademia ikuskari propio baten beharra. Hautetsien kontseiluak eta garapen kontseiluak aho batez egin zuten eskaeraren alde. Beraz, aldarrikapenak badu jada oinarri soziala eta nolabait politikoa. Elkargoa lortu da; orain beste elementuak lortu behar ditugu.
Frantziako gobernu berri bakoitzarekin oztopoak datoz?
Bakoitzak bere esperimentuak egin nahi dituela dirudi; azkena, Hollanderen garaian. Orduan Hendaiako edo Beskoitzeko eraikuntza publikoak galaraztera entseatu ziren, baina ez zuten lortu. Horren adierazle nagusia da azkenean lizeo profesionala hein handi batean diru publikoz finantzatu dela; gaizki atera zitzaien. Gobernu berriak fronte berri batetik eraso digu, irakasleen bidez, gu ito nahian. Seaskak bere dirutik ordaindu ditzake bost edo zazpi postu, baina 25 falta direlarik, ezinezkoa da. Entseatuko dira, guk erantzunen dugu, baina Parisekin bilkura bat nahi dugu.
Zer helbururekin?
Jakiteko zer asmo duten gurekin. Ez digute oraindik erantzun suntsitu nahi gaituzten edo ez. Ekainean, Blanquer ministroarekin bildu ginen, gure xedeak entzun zituen, eta gelditu ginen murgiltzearen garapenari buruz erantzun bat emango zigula. Oraingoz ukan dugun erantzun bakarra hau da: zero edo lau postu. Parisen bilkura bat beharko dugu.
Gonbidapenik izan duzue?
Zero postutik laura pasatu girenean, inspektoreak bilkura batera deitu gintuen, EEPren bitartekaritzaz. Erantzun genion ez ginela ogi apurren biltzen ibiliko, eta bilkura serio bat behar dugula. Uste dut inspektoreak hitza janez deskalifikatu duela bere burua; beraz, goragokoekin behar dugu bilkura.
Hur Gorostiaga. Seaskako zuzendaria
«Oraindik ez digute esan suntsitu nahi gaituzten ala ez»
Seaskak danborrada antolatu du gaurko Baionan: 3.200 ikasle karrikara ateratzea espero du. Behar dituzten 25 irakasle postuetatik estatuak bakar bat ere ez ematea salatuko dute. Parisi bilkura bat eskatu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu